Errefuxiatuentzako dirua biltzeko zozketa erraldoia egingo dute Hondarribian, apirilaren 22an. Txartel bat saldu nahi dute hondarribiar bakoitzeko.
Iazko maiatzean Katsikaseko errefuxiatuen kanpalekuetan ateratako argazkia.
Greziako kanpalekuetara iritsitako errefuxiatuen dramak harreman lotura estuan kateatu ditu Hondarribia eta Katsikas (Grezia). Duela hogei urte baino gehiago Balkanetako gerran bezala, Greziara laguntzera joateko erabakia hartu zuen iaz Emeki emakume taldeak. Zazpi hondarribiar joan ziren boluntario. Zaporeak proiektuaren jakiekin bi kamioi bete zituzten, hasierako asmoa kamioi bakarra betetzea izan arren. Esperientzia hartatik sortutako Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak beste helburu bat jarri dio orain bere buruari: 17.000 euro bildu nahi ditu errefuxiatuei laguntzeko.
“Joan den urtean egin genuen bezala, herri osoa inplikatu nahi dugu gure ekintza solidarioan”, azaldu du Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak. Horrela, apirilaren 22an zozketa erraldoia egingo dute. Lan handia egin dute orain arte hori prestatzeko: “Hiru hilabete daramatzagu proiektu honetan lanean, zozketarako opariak biltzeko herriko profesional guztien ateak jotzen”. Orain arte, 290 opari bildu dituzte. Aseginolazak adierazi du arlo horretako “lan gehiena” eginda dagoen arren oparien zerrenda oraindik ez dutela itxi.
Opari horietako bat eskuratu nahi duten hondarribiarrek txartelak eros ditzakete jada. Hondarribiko biztanle bakoitzeko, txartel bat jarri dute salgai: 17.345, hain zuzen ere. Euro batean salduko dituzte, Hondarribian bertan eta Hondarribitik kanpo.
Marina Cabezon azaroan izan zen Katsikasen, boluntario lanetan. Donostiako Udalak emandako bi autoetako bat eraman zuen kanpalekuetara, Imanol Garmendiarekin batera. Bestea Ibai Labaienek eraman zuen —hondarribiarra bera ere—. Labaienek bi hilabete pasatu zituen hiru kanpalekutan.
Cabezonek gogorarazi duenez, orain arte material ugari pilatu dute Hondarribian, eta errefuxiatuen kanpalekura bidali. Aurtengo helburua bestelakoa izango da: elkarteak berak kudeatuko duen programa bat jarri nahi dute martxan. Oraindik aztertzen ari dira nolako proiektua izango den. “Elkartea hainbat erakunderekin harremanetan dago, eta Grezian abian diren proiektuen eta errefuxiatuen beharren arabera zehaztuko dugu nolako proiektua izango den”, ziurtatu du Cabezonek.
Zozketan jasoko duten diru guztia proiektu horretara bideratuko dute. Baita udalak emandako diru laguntza ere. Bereziki eskertu du Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak udalaren ekarpena: “Asko estimatzen dugu laguntza hori, badakigulako kontuan izan dutela sortzen ari garen taldea garela, eta oraindik ez dugula proiekturik martxan”. Horregatik, esan dute proiektua aukeratzeak izango duela “lehentasuna”.
Proiektuaren zirriborroa
Proiektua guztiz zehaztuta ez baldin badute ere, lau ildo nagusi ezarrita dituzte jada. Lehenik eta behin, Grezian egingo dute, nahitaez. “Errefuxiatuez gain, Greziako herriak ere onurak izango ditu”, ziurtatu dute hondarribiarrek.
Bigarren puntuari dagokionez, proiektua eurek kudeatuko dutela ziurtatu dute, “bakarrik edo beste norbaiten laguntzarekin”. Hirugarren ardatza da “une oro” informazioa zabalduko dutela sare sozialen bitartez. “Horrez gain”, jarraitu dute elkarteko kideek, “esfortzu berezia egingo dugu herritarrek jakin dezaten zertan inbertitzen den proiekturako bildutako dirua”.
Azkenik, proiektu hori “boluntarioen plataforma bat” izatea nahi dute, “errefuxiatuei laguntzera joan nahi duten hondarribiarrek lan hori modu eraginkorrean egiteko aukera izan dezaten”. Hala, Greziara bidaiatu aurretik, proiektuaren nondik norakoak jakiteko aukera izango dute, “eta hara iristen direnerako zertan eta nola lan egingo duten jakingo dute”.
Zozketaren eguna
Apirilaren 22an jakinaraziko dituzte zozkatuko dituzten 17.345 txarteletatik zeintzuek irabaziko dituzten sariak. Egitaraua, hala ere, egun horretarako antolatuko dituzten ekitaldien araberakoa izango da. Egun luzea izango dela espero dute: “Oraindik ez dugu zehaztu noiz eta non egingo dugun zozketa. 400 sari inguru izango dira, eta pentsatzen dugu egunak luze jo dezakeela”. Hala ere, haien helburua herritarrak hurbiltzea izango da, eta baita biltzen diren horiek—zozkatu aurretik— parte hartzea ere, sariak aukeratzeko modua emanez.
Zozketa “txukuna eta serioa” dela ziurtatzeko, teknologia berriak erabiliko dituzte antolatzaileek. Alde batetik, zozketa ekitaldi osoa grabatuko dute, eta biharamunean euren Facebook orrialdera igoko dute. Horrez gain, zuzenean eskainiko dute zozketa ekitaldia.
Baina hori guztia aurrera eramateko, laguntza behar dute Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldekoek. Horregatik, txartelak saldu, opariak eman edo “ahal duena” egin dezakeenak astelehenetan pasatu beharko du Hondarribiko Kultur Etxeko 213 aretotik. Elkarteko kideak han biltzen dira 16:30etik 19:00etara. Kultur etxetik pasatu ezin direnak posta elektronikoz jar daitezke harremanetan taldearekin:
hondarribiakatsikas@gmail. com. Jasotako laguntza guztia eskertuko du elkarteak.