Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak zozketa erraldoia egingo du udaberrian. 17.345 txartel saldu nahi dituzte euro batean, eta 400 sari inguru zozkatu.
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeko kideak, Arantxa Berrotaranekin
Apirila bukaeran hamabi hilabete beteko dira Hondarribiko zazpi boluntario Greziako Katsikas kanpalekura bidaiatu zutenetik. Herrian bildutako arropa eramatera eta banatzera joan ziren, eta bueltan,
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten, errefuxiatuen alde lan egiten jarraitzeko.
Eta berriro egin nahi dute. Ostiralean, “herri osoa inplikatu” nahi duen ekitaldia aurkeztu zuten udaletxean, Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia ondoan zutela. Zozketa erraldoia egin nahi dute apirilaren 22an, eta dagoeneko ia 300 opari lortu dituztela jakinarazi zuen Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak: “Hiru hilabete daramatzagu proiektu honetan lanean, zozketarako opariak biltzen, herriko profesional guztien ateak joz. Orain arte 290 opari lortu ditugu eta, arlo horretan lan gehiena egin dugun arren, zerrenda ez dugu azken unera arte itxiko”.
Opariak biltzen jarraitzeaz gain, errifak saltzen hasiko dira, “datorren astean hasiko gara”, esan zuen Aseginolazak: “Herritar guztiengana iritsi nahi dugu. Horregatik, 17.345 txartel salduko ditugu, zenbaki sinbolikoa, azken erroldaren arabera, hondarribiar bakoitzeko txartel bat”. Txartel bakoitzak euro baten prezioa izango du.
Greziatik itzuli zirenetik, askotariko materiala bildu izan du Hondarribia-Katsikas taldeak, Greziara bidaltzeko. Aurten, beste urrats bat eman nahi dute, eta programa bat abiatu nahi dute Grezian, elkarteak berak kudeatuko lukeena. Azaroan Grezian egon zen Marina Cabezon boluntarioak jakinarazi zuenez, “elkartea hainbat erakundeekin harremanetan dago, eta Grezian abian diren proiektuen arabera, eta errefuxiatuen beharren arabera, nolako proiektua martxan jarriko dugun zehaztuko dugu”. Zozketatik ateratzen den diru guztia proiektu horretara bideratuko adierazi zuen Cabezonek eta Hondarribiko Udalak emandako diru laguntza ere proiektu horrentzat izango da.
Boluntarioak trebatzeko aukera
Datozen asteetan zehaztuko dute proiektu hori, baina nolako ezaugarriak izango dituen aurreratu zituzten ostiralean: Batetik, Grezian burutuko da, “hau da, errefuxiatuez gain, Greziako herriak ere onurak izango ditu”. Bestetik, hondarribiarrek kudeatuko dute proiektua, “guk bakarrik edo beste norbaitekin batera”. Eta azkenik, boluntarioentzako plataforma bat izatea nahi dute, “errefuxiatuei laguntzera joan nahi duten hondarribiarrek, lan hori modu eraginkorrean egiteko aukera izan dezaten. Hala, Greziara bidaiatu aurretik, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute, eta hara iristen direnerako zertan eta nola lan egingo duten jakingo dute”.
Agerraldiaren bukaeran, iritsiko ez diren lekuetara ez iristeagatik barkamena eskatu zuten elkarteko kideek, eta merkatari eta herritarrei mezua luzatu zieten: “Lagundu nahi duen guztiak egin dezake, oparia emanez, txartelak salduz, ahal duena eginez. Astelehenero Kultur Etxean biltzen gara arratsaldez (16:30etik 19:00etara, 213 aretoan), hurbildu daitezela, edo jarri daitezela gurekin kontaktuan
posta elektronikoz“.
Apirilaren 22an 400 opari eta 400 saritu inguru izango dituen zozketa erraldoia egingo du Hondarribia-Katsikas Boluntario taldeak. Aurrerago azalduko dute zozketa hori non eta nola egingo duten, eta horri lotuta zer gehiago egingo duten, baina gauza bat argi dago dagoeneko, berriro herri osoa errefuxiatuen alde mugiaraziko dutela.