"Gure estiloa aurkitu ote dugun... hau da gure estiloa"
Rock, punk eta pop doinuak uztartu ditu Marmoka taldeak 'Bidaide' diskoan. Larunbatean zuzenean aurkeztuko dute, eta zati bat streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.
Marmoka taldeko kideak Psilocybeneako entsegu aretoan
Marmoka taldeak Bidaide bere bigarren diskoa aurkeztuko du zuzenean bihar, larunbata, Psilocybenea aretoan, Ulisses talde ingelesarekin batera emango duen kontzertuan. 22:00etan hasiko da, ateak ordubete lehenago irekiko dituzte, eta sarrerak 10 euro balio du.
Diskoaren aurkezpena bikoitza izango da, batetik, kanta berriak lehen aldiz entzungo direlako bertan, eta bestetik, bihar arte ez baitituzte diskoak eskutan edukiko: “Azken orduan ari gara, diskoa bukatzen eta larunbaterako gogor entseatzen”. Horretan ari zirela harrapatu zituen HITZAk bart gauean, entsegu aretoan. Kanpoan bi gradu zero azpitik, barruan bero handirik ez, baina izerditan zeuden taldekideak, atseden handirik hartu ez izanaren seinale.
Lehen sorpresa baxuarekin hartu genuen. Telmok taldea utzi behar izan du, “Galiziara joan da bizitzera”, eta Ruben sartu da bere ordez. Bi hilabete izan ditu abesti guztiak ikasteko, zaharrak eta berriak. “Etxean ordu asko sartu behar izan ditut”, aitortu du, baina taldean eroso ikusten zaio. Telmok bezala, koroetan parte hartzen du Rubenek, eta berak bakarrik ez. Bigarren sorpresa, bateriari ere jarri diote mikroa. “Telmo joan zenean jarri zidaten niri”, argitu du Gorka Emazabalek. Hortaz, lau dira Marmokako kideak eta laurek abesten dute. “Kontzertuei begira asko irabazi dugu”, esan du Ibai Larralde gitarristak, baina ahotsekin lan handia egin behar izan dutela aitortu du.
Ahots nagusia Koldo Emeryrena, hori ez da aldatu, eta gitarreko sokak puskatzeko duen ohitura ere gorde du Emeryk. Larunbatera begira ilusioz beteta daudela onartu du abeslariak: “Disko berria da, eta talde on batekin joko dugu. Esan zigutenean ea Ulyssesekin jo nahi genuen, zein onak diren ikusi genuen eta baietz esan genuen azkar”. Entseatzeko denbora gutxi dutela iritzi dio Emeryk, baina aldi berean, abesti berriak irailetik grabatuta dituztela nabarmendu dute taldekideek, ondo ikasiak dituzte. Hori bai, zuzenean ez dituzte oraindik jo, eta larunbatean itxura ona eman nahi dute.
Diskoan, “denetarik”
Ulyssesen aurretik joko du Marmokak. Iturri askotatik edaten duen taldea da ingelesa, eta hondarribiarrei ere gauza bera gertatzen zaie. Lehen diskoa kaleratu zutenean oraindik haien estiloa bilatzen ari zirela adierazi zuten, “aldatuko da”, esan zuten orduan. “Gure estiloa aurkitu ote dugun? —Emazabalek erantzun du—, hau da gure estiloa, diskoan denetarik dago”. Eta abestiak entzuterakoan arrazoia duela onartu behar zaio. Dron eta Orbain abestiek ukitu punkia dute, Siria pop abestia da, Musika bidaide oso sureñoa, Gu gera jendea [Beti Muganen moldaketa, beheko bideoan] kantak taldearen alde rokeroena azaltzen du… Zortzi abesti guztira, “melodia asko”, Emeryren hitzetan, baina ezin estilo bat zehaztu.
Larunbatean jarriko dute salgai diskoa, “gutxi batzuk behintzat”. Estreinakoa bezala, autoekoizpena da, goitik behera. Iridoyk egin du diseinua —bistan denez, bandakoa izaten segitzen du—, eta taldekideen artean muntatu dituzte karatulak. Grabazioa irailean egin zuten, baina nahasketa lanak nahi baino gehiago atzeratu zaizkie. Mikel Iturriak hasi zituen, eta Iker Alzaga ari zaie lana burutzen. Aurrekoa bezala, Bidaide ere bi formatutan lortzeko aukera dago, digi-pack modukoa eta xeheagoa, baina biak taldekideek beraiek eskuz eginak.
Izerditan utzi genituen Marmoka taldeko kideak entsegu gelan. Gauerdia zen, eta beraiek han jarraitu zuten, biharko kontzertua prestatzen. Esan zuten ez zeudela urduri, baina seguru atzo baino urduriago egongo direla gaur. Bigarren diskoa aurkeztuko du bihar Hondarribiko Marmoka taldeak, herriko zaleei eskainiko dietena, eta udaberritik aurrera Euskal Herrian zehar mugituko dutena.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.