Merkealdia aroaren eta arropen etiketatuaren gaineko zalantzak argitu dituzte Hondarribian, Acubik Kasino Zaharrean gidatutako kafe-tertulian.
Eguraldi txarragatik, ohi baino jende gutxiago gerturatu da aste honetan
Behar den horren bila joatea, iragarkiei soilik kasurik ez egitea, kalitateari erreparatzea, zalantzen aurrean dendariari galdetzea, ahal den heinean diruarekin ordaintzea… Neketsua izan daiteke urtarrileko aldapa, baina Hondarribiko Kasino Zaharra adinekoen etxean horri aurre egiteko eta garaile ateratzeko zer egin behar duten ikasi dute urtarrileko kafe-tertulian.
Hilean behin, gutxi gorabehera, egiten dute kontsumoari lotutako kafe-tertulia bertan. Bidasoko Kontsumitzaileen Elkarteak (Acubi) eta Hondarribiko Udalak antolatzen dituzte elkarlanean, adinekoen etxeko batzordearekin batera. Helburu bikoitza du jarduerak. Batetik, gai bati buruzko informazioa zabaltzea; eta bestetik, solasean aritzea, mahai baten inguruan elkartu eta iritziak partekatzea.
Solasaldi horietan kontsumoari lotutako gaiak lantzen dituzte, batzuetan orokorrak eta beste batzuetan, herenegun bezala, gaurkotasunekoak. Beherapenak eta etiketatua, horixe izan da urtarrileko gaia, mahaiaren inguruan hamar lagun elkartu zituena. “Normalean gehiago izaten gara —azaldu zuten tertuliakideek—, baina eguraldi honekin…”. Eztabaida dinamizatzen Belen Martinez Acubiko teknikaria aritu zen, ohi bezala.
Kaferik gabeko kafe-tertulia izan zen asteartekoa, igogailua hondatuta zegoelako, eta adinekoen egoitzako kafetegia beheko solairuan dagoelako. Hori bai, saioaren hasieran solaskide bakoitzak txartel bana jaso zuen, kafe hori ekitaldiaren ondoren debalde hartzeko aukera izan zezan. Kaferik ez zen egon, baina pastak bai, “neurrian, ez zaigulako komeni”, eta broma asko, giro ederra arratsalde pasa egiteko.
Kasino Zaharreko kafe-tertuliak irekiak dira, edozein herritar joan daiteke, baina gehienek errepikatzen dute, gustura egoten direlako. Gaiaren arabera parte hartzea igo edo jaisten da, gaiak pizten duen interesaren arabera. Esaterako, 2016ko azaroan etxean obrak egiteko gremioak kontratatzea izan zen hautatutako gaia, eta abenduan, tresna elektriko txikien konponketez jardun zuten. Herritarrek badakite Acubik ostegunero kontsumo zerbitzua ematen duela Kasino Zaharrean, baina tertuliak oso egokiak dira gai baten inguruan informazio osatua jasotzeko. Izan ere, bilera parte hartzaileak diren arren eta helburua biltzen direnek euren iritzia ematea den arren, lantzen den gaiaren gaineko askotariko informazio erabilgarria banatzen du bileretan Acubik: zein legek arautzen duen gai bakoitza, kontsumitzailearen eskubideak zeintzuk diren, aurrekariak, adibide baliagarriak, eta abar.
Urtarrilean, merkealdiaz
Aurten legedia aldatu da merkealdietan, eta hori azaltzen hasi zen Martinez: egutegia liberalizatu dutela baina, oro har, EAEn urtarrilaren 7ra arte ez dela merkealdia hasi. Ondoren, ideia nagusi bat bota zuen, arratsaldean hiruzpalau aldiz errepikatuko zuena: “Denboraldi aldaketagatik egiten diren deskontuak dira merkealdiko beherapenak, prezioan dago merketzea, ez kalitatean”. Eta saldoekiko desberdinak direla nabarmendu zuen, “saldoetan bai egoten dira akatsak, baina akats hori zein den azaldu behar du saltokiak, jantzi bakoitzean azaldu behar du akatsa”.
Acubiko teknikariak gomendio batzuk eman zituen merkealdi aroan egoki jokatzeko, nagusiena honakoa: “Publizitateak ez dezala gure erosketa zein izango den erabaki, komeni da argi edukitzea zer behar dugun eta zer ez”. Horrez gain, beste hainbat aholku zerrendatu zituen: etiketetako bi prezioak (ezabatutakoa eta berria) ondo begiratzea, zalantzen aurrean galdetzea, diruarekin ordaintzea “txartelarekin azkarrago joaten delako dirua”, eta produktuaren kalitatea konprobatzea, “denboraldi aldaketarekin kalitatea ez delako oporretara joaten”.
Merkealdien alde onez eta txarrez jabetuta ziruditen mahai-inguruan bildutakoek. Mariano oso gogor mintzatu zen enpresa handien kontra, “beraientzat oso erraza delako prezioak jaistea, mozkin-marjina ikaragarriekin ari direlako, besteak beste, produktuak herrialde azpigaratuetan fabrikatzen dituztelako”. Komertzio txikien zailtasunetan ados zeuden tertuliakideak, eta merkatari txikiek indarrak batu beharko lituzketela ondorioztatu zuten: “Elkartu beharko lukete konpetitzeko”, stocka konpartitu, ekintzak elkarrekin adostu… Ideia asko atera ziren.
Tertuliako gai nagusia merkealdi kanpaina zen, baina, beherapenetan etiketari ere tentuz erreparatu behar zaionez, arropen etiketatuaz ere mintzatu ziren asteartean Kasino Zaharrean. Martinezek azaldu zuenez, arropa guztiek etiketa bat eduki behar dute nahitaez, “fabrikatzailearen, inportatzailearen eta horrelako datuak azaltzen dituena”, eta beste bat, “legeak behartzen ez duena, baina ondo begiratzea komeni zaiguna, jantziaren ezaugarriak azaltzen dituena, alegia”.
Aste honetan hasi dira beherapenak Hondarribian. Irudian, Portuko bi saltokiko kartelak
Etiketari kasu egitea garrantzitsua dela iritzi zuen Acubiko teknikariak, edozein arazoren aurrean erreklamatu ahal izateko bermea delako. “Horregatik, traba egiten duen arren, ez moztu etiketa arropa lehen aldiz garbitu aurretik”, eskatu zien solaskideei. Etiketa kontrajarrien aurrean galdetzea komeni dela gaineratu zuen: “Behin parka bat ikusi nuen ezin zena ez uretan garbitu, ezta lehorrean ere. Nola da hori? Eta ez zen merkea”. Mahaian eserita zeuden guztiek ezagutzen zuten arropen etiketekin arazorik izandako norbait. Haietako bat bereziki kexu zen zapatekin “ez dira lehen bezalakoak egiten, euria egiten badu zolatik sartzen da ura, eta gutxi irauten dute”. Garbitzean kolorea galtzen duen arropaz ere aritu ziren, eta “lehen aldiz garbitu aurretik, bakanduta bol batean proba egitea” gomendatu zuen Martinezek.
Kaferik gabeko kafe-tertulia bukatzean, beheko pisura jaitsi ziren solaskideak, bilera hasieran jasotako txartelaren truke kafea eskatzera. Esertzeko leku gutxi egoten da Kasino Zaharreko kafetegian, arratsalde pasa egiteko leku paregabea delako, kartetan aritzeko, egunkaria irakurtzeko, edo lagunekin egoteko. Eta tarteka, ikasteko aukera izaten dute, esperientziak partekatzeko. Agian ez dute mundua salbatuko, baina oso ondo dakite nola hobetu.
20 urte kontsumo arloko zalantzak argitzen Bidasoan
Iaz 20 urte bete zituen Bidasoko Kontsumitzaileen Elkarteak (Acubi), bi hamarkada bidasoarren zalantzak argitzen.
Kasino Zaharreko tertuliak, Acubik Hondarribian eskaintzen duen zerbitzuaren barruan kokatzen dira. Tertuliez gain, ostegunero kontsumo gaiei buruzko informazioa ematen dute goizez, 10:00etatik 13:00etara, Kasino Zaharrean ere. Bertan, edozein zalantza argitzen saiatzen dira, eta arazo zehatzak konpontzeko laguntza ematen dute. Hondarribiko Udala oso pozik dago zerbitzuarekin, eta laster hilean behin arratsaldez ere eskainiko dute zerbitzua; oraindik ez dute zehaztu zein egunetan.
Acubi elkartearekin harremanetan jartzeko,
idatzi posta elektronikoz.