2017-03-27

Zaharra, berritzeko bidean

Alde zaharra

Uranzu inguruan hasiko dira lanak laster.

Alde zaharraren itxuraldatzea hasi da. Lehen pauso handia joan den legegintzaldian eman zuen udalak Urdanibia plaza berrituz, eta datozen hilabete eta urteetan proiektu gehiago egiteko asmoa  du. Dagoeneko obrak hasi dira hiriko kasko historikoan, San Martzial kalean, hain zuzen. Datozen hilabeteetan ere hondeamakinak ibiliko dira inguru horretan.

«Alde zaharra berezia dela uste dugu, Irun hiriaren historiari lotuta egon delako», adierazi du Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariak. Zentzu horretan, politikoki lehentasun bat dela aitortu du bai bere udal taldearentzat (EAJ) baita udalarentzat ere bere osotasunean. Iridoyren ustez, alde zaharrean hainbat eremu eta azpiegituren etorkizuna airean zegoen, besteak beste,Uranzu pilotalekua eta Korrokoitz eta Papinea eremuena. Horrez gain, hainbat arazo sortu dira segurtasun eta termitei dagokienez. Edonola ere, alde zaharrari, oro har, bizia eman behar zaiola iritzi dio. Zentzu horretan, hainbat proiektu martxan jarri dituztela aipatu du, eta beste batzuk aurrerago jorratu beharko direla.

Alde zaharra berezia da guretzat, Irun hiriaren historiari lotuta egon delako. Xabier Iridoy Hirigintza delegatua. 

San Martzial kalea
Abenduaren erdialdean hasi ziren lanak San Martzial kalean. Batetik, kalearen eta Sargia parkearen artean zegoen horma botako dute, eta, bestetik, ur eta saneamendu sarea berrituko dute. Kaleak beste itxura bat izango du obrak amaitutakoan, parkearekin dena bat eginda geratuko baita. Horrez gain, egungo aparkalekuak kenduko dituzte, eta karga eta deskargarako tokia baino ez dute utziko, Iridoyk azaldu duenez. Lanak hainbat fasetan egingo dituzte, baina, guztira, zortzi hilabete inguru iraungo dute. San Martzial kalearen berrurbanizazioak 844.097,49 euroko aurrekontua izango du.

Uranzu pilotalekua
Airean zegoen Uranzu pilotalekuaren etorkizuna. Hasiera batean, udal gobernuaren asmoa Iparralde-Gal eremuan frontoi berri bat egitea zen. «Gure udal taldearen iritziz, Uranzu frontoiak dagoen tokian geratu behar zuen, alde zaharraren parte garrantzitsua delako», azaldu du Iridoyk. Azkenean, bertan geratuko da, baina aldaketa ugari izango ditu. Arazo nagusi bat zegoen: frontoiak ez zituela egun kirol instalazio batek bete behar dituen baldintzak betetzen, hala nola, irisgarritasunari dagokionez. Horri beste bat gehitu behar zitzaion: egun Junkal kaletik duen sarrerak ez zuela horretarako aukerarik ematen, beraz, Sargia plazara eramango dute.

Abiapuntua hori izanik, San Martzial kaleko proiektuak eta Uranzu pilotalekuarenak bat egiten dutela azaldu du Iridoyk, bi obrekin eremu hori guztia elkartuta geratuko delako. Horrenbestez, Sargia parkea itxuraldatzearekin batera, frontoira parketik sartuko da. Horrez gain, frontoia bera berrituko dute, «itxura metalikoa izango du», eta eserleku gehiago jarriko dituzte, 900 inguru izateraino, Hirigintza zinegotziak azaldu duenez. Proiektua datozen hilabeteetan martxan jartzea espero dute, eta bi urte iraungo ditu, 4 milioi euroko aurrekontuarekin.

Palanka egin, eta Korrokoitz martxan jartzeko pausoak eman ditugu

Auzoa garrantzitsua bada, itxuraz gain, bizimodu aldetik ere izan behar du. Xabier Iridoy Hirigintza zinegotzia

Etxebizitzak
Bi eremutan etxebizitzak egiteko proiektuak ditu Irungo Udalak: Korrokoitz eta Papinea. Iridoyk onartu duenez, Korrokoitzen egitasmoa hainbat urtean geldirik egon da. Horren arrazoi nagusia da eremua jabe pribatuen eskuetan dagoela. Edonola ere, udal gobernura iristean hori mugitzeko premia ikusi zuela aipatu du Iridoyk: «Geldirik zegoela ikusita, uda aurretik harremanetan jarri nintzen jabe eta promotoreekin [promotore txikiak dira]. Termiten arazoa ezagutu arren, euren asmoa ez zen aurrera egitea. Orduan, maila pribatuan hori martxan jartzeko prest ez zeudela ikusita, udaletik egitea pentsatu genuen». Hala, ordura arte zegoen plan berezia aldatzeko tramiteak egiten hasi ziren.

Alde zaharra

Korrokoitz ingurua nahiko utzita dago, baina udalak egoera desblokeatzea espero du lanak hasteko.

Udan bertan lizitatu eta esleitu zuten. Gero, berriro jabeekin harremanetan jarri ziren, eta asmoak azaldu zizkieten. «Erraztasunak eman zitzaizkien, karga handiak zituztelako», zehaztu du EAJko kideak. Bilera horretan, akordio batera iritsi ziren: jabeek aurrera egingo zuten, baina plan berezia beraiek moldatzekotan. Ados jarri zirenez, udalak atzera egin zuen esleipenarekin. «Palanka egin dugu, eta Korrokoitz martxan jartzeko behar ziren pausoak eman dira», esan du Iridoyk. Hala, datozen asteetan aurrera egitea espero dute, eta behin prest dagoenean, udalbatzarrera eramango dute.

Eremu horretan 250 etxebizitza inguru egin nahi dituzte Iridoyren arabera. Etxe horiek bete behar dituzten baldintza batzuk eskatu dituzte, besteak beste, alde zaharrak duen identitatea mantentzea, «ezin dute edonolako etxeak izan». Lanak hainbat fasetan egin beharko direla gaineratu du, eta luzera jo dezaketela. Edonola ere, gai honetan garrantzitsuena egoera desblokeatzea zela iritzi dio.

Korrokoitz 9ko bizilagunekin zuten gatazkaren gainean, eurekin harremanetan daudela azaldu du. Bizilagunekin adostasun  puntu bat badutela adierazi du Hirigintza ordezkariak: «Beren eskubidea ez da etxealdatzea, euren etxebizitza ruina gisa aitortuta dagoelako. Etxealdatzea ezin bada ere, lortu nahi duguna da etxearen eraistea udalaren esku geratzea».

Papinea ere martxan dagoela esan du: «Hitz egin dut gehiengoa duen jabearekin, hori ere martxan dago, eta planaren modifikazioa egiten ari da».

Termitak
Korrokoitz 9ko arazoak, batik bat, termitekin etorri ziren, egiturari eragin baitzioten. Horren ondoren, udalak inguruko etxebizitzak aztertu zituen termitak hedatu ote ziren ikusteko: «Zorionez, ez da egon afekzio handirik. Badago etxolaren bat, baina ez die etxebizitzei eragin».

Alde zaharraren zati handi batean ere egin zuten termiten azterketa, eta arazo batzuk ikusi zituzten. 2017ari begira, azterketaren bigarren fasea egingo dutela iragarri du Iridoyk, Uranzu inguruan, Santiago kalean, eta, gero, Palmera Monterorantz, kanalaren beste aldean dauden hainbat etxeetan, hala nola, Uranzu kalean dauden etxe batzuetan. «Etxe zaharrek eta egurrezko egitura dutenek termitak izateko aukera daukate», zehaztu du.

Segurtasuna
Azken hilabeteetan hainbat segurtasun arazo izan dira alde zaharrean, eta, besteak beste, Eskina tabernako gertakariekin eman ziren ezagutzera: jabeek erasoak jasaten dituztela salatu zuten. Iridoyren esanetan, Korrokoitz ingurua nahiko utzita egon izanak alokairuak jaistea ekarri du, eta arazo sozialak sortu ditu horrek, eta, era berean, segurtasun arazoak. Hala, planteatzen ari diren proiektuen bidez, segurtasun arazoari irtenbidea ematea espero dute. «Hirigintzatik egin daitezke gauzak; poliki egiten dira, baina etorkizunera begira, behin betiko irtenbideak izaten dira. Hala eta guztiz ere, segurtasun aldetik momentuan ere neurriak hartu behar dira, eta hartzen ari dira, esate baterako, kamerak jarrita. Alde zaharra herriarentzat eremu garrantzitsua dela iruditzen bazaigu ez du bakarrik itxuraz izan behar, baita bizimodu aldetik ere».

Iridoyk iritzi dio segurtasun arazoiei aurre egiteko auzoari bizitza eman behar zaiola, eta horregatik alde zaharra dinamizatu behar dela esan du, bai soziologikoki eta baita ekonomikoki ere: «Hainbat proiektu planteatzen ari dira beste arloetatik auzoa pizteko, besteak beste, merkataritza aldetik».

«Jendea mugitu behar da, auzoa denek elkarrekin egiten dugu»

Aitziber Gayoso

Aitziber Gayoso Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko kidea.

Zein egoeretan dago alde zaharra? Zeintzuk dira auzoan dauden arazo nagusiak?
Urteetan alde zaharra nahiko baztertuta eduki du udalak. Egia da azken urteotan proiektu garrantzitsuak egin dituztela, eta hasi dira alde zaharrari garrantzia ematen. Lehenengo pauso handia Urdanibia plazako proiektua izan zen, guretzat oso garrantzitsua. Horren ondoren, falta zitzaigun parkea, frontoia, San Martzial kalea… San Juan plazarekin elkartzeko. Bigarren proiektu honekin uste dut itxi egiten dela azpiegitura aldetik egoera hobetzeko falta zena. Horrekin lotuta, elkarbizitza eta segurtasun arazo asko eduki ditugu. Uste dut hori konpontzeko lan gehiago egin behar dela.

Zein harreman duzue udalarekin?
Gaur egun harreman ona daukagu. Azken proiektu hau ere aurretik aurkeztu ziguten, eta gure ikuspegia jaso zuten. Alde horretatik, komunikazioa ona da. 

San Martzial kalea eta Uranzuko frontoiaren proiektuei dagokienez, pozik geratu zarete?
Finean, San Juan plaza duela urte batzuk konpondu zuten, eta badirudi jendea hor geratzen zela, bazegoela muga psikologiko bat alde zaharrera igarotzeko garaian. Proiektuarekin batera, guretzat oso garrantzitsua zen frontoia bertan geratzea. Alde horretatik, ez zegoen oso garbi bertan geratuko ote zen, kanpora eramateko asmoa baitzuen udalak. Azkenean, erabaki dute frontoia bertan mantentzea. Guretzat hori oso garrantzitsua da, jarduera asko egiten dira, eta horrek jendea erakartzen du. Konpontzen baldin bada bizitza gehiago eman dakioke auzoari.

Korrokoitzen etxebizitzak egiteko asmoa du udalak. Nola ikusten duzue proiektu horretan egiten ari den kudeaketa?
Ez daukagu informazio zehatzik, udalak esan digulako proiektu pribatua dela. Esate baterako, Uranzu inguruan zerbait egiten duten bitartean aparkaleku txiki bat zabaldu dute, jabeekin hitz egin ondoren. Inguru hori konpondu behar dela uste dugu, ezin du horrela jarraitu. Behintzat, eskatzen dugu proiektua gaur egun aurrera eraman ezin bada ere, bien bitartean, gauzak egiteko; gutxienez, ireki, konpondu eta garbitu.

Segurtasun arazoak izan dituzue auzoan. Zeintzuk? Kamerak jartzea irtenbidea al da?
Arazo larriak egon dira. Talde bat dago droga trapitxeatzen, eta eurentzat toki aproposa aurkitu dute. Auzotik ibiltzen dira, horrek ekartzen dituen arazo guztiekin: jendearekin sartzen dira (umeak, adineko jendea…), euren etxea balitz bezala jartzen dira, eta zu kalean zaude eta ezin zara pasatu. Zentzu horretan, Uranzu kalean arazo oso larriak eduki dituzte. Bertan bizi dira, irundarrak dira. Alde horretatik, bizilagun eta merkatariei iruditu zitzaien kamerak jartzearena ideia ona izan zitekeela. Oraindik, ordea, ez daude martxan, jarrita daude, baina ez piztuta. Udaletik esaten digute tramiteak oso luzeak izaten direla, eta itxaroten ari direla. Kamerena ez da irtenbide bakarra, noski. Gure aldetik ere esan dugu guk geuk ere jarrera aldatu behar dugula:bizilagunak mugitu egin behar gara. Indibildualki arazo bat badugu mugitzen gara, baina kolektiboki asko kostatzen zaigu. Eta beti eskatzen dugu jendeak salatu behar duela; ez badago salaketarik, ez dago arazorik. Jendeak, ordea, ez du salaketarik jartzen. Askok ere beldurra dute. Jendea mugitu behar da; auzoa denek elkarrekin egiten dugu.

Falta dena da auzoari bizia ematea, beraz.
Badaude proiektuak Kbizia bezalakoak, baina uste dugu proiektu horiek auzoaren beharretara moldatu behar direla. Finean, alde zaharreko lokalek obra asko behar dute, zaharrak dira… Tabernei (Aia, Altzola…) ere eman diete terraza jartzeko aukera, eta auzoari bizia ematen diote. Jarduerak egin behar dira; ez bakarrik sanmartzialetan edo santomasetan, baizik eta urte osoan. Beste tokietan egiten diren jarduerak hona ere ekar daitezke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend