Biharko aurrekontuen plenoan 23 emendakin aurkeztuko ditu. Horien artean, zezen plaza azpian bi edo hiru solairuko aparkalekua eraikitzeko eskatuko du.
Zezen plaza azpian bi edo hiru solairuko aparkalekua eraikitzea proposatuko du bihar Abotsanitzek aurrekontuen osoko bilkuran. Gaur goizean Igor Enparan eta Ortzi Alonso alderdi abertzaleko hautetsiek arkitektura enpresa batek prestatu duen proiektuaren berri eman dute, plan orokorraren arabera eraikiko diren etxebizitzei lotuta egongo litzatekeena.
Biharko plenoan aurkeztuko dituen emendakinen berri emateko deituriko prentsaurrekoan jakinarazi du Abotsanitzek zezen plaza azpiko aparkalekuaren ideia. 23 emendakin aurkeztuko dituzte, orotara, 3.324.500 euroko partidak. Nabarmendu dutenez, “herritarren eskaerei erantzuten dieten emendakinak dira, herritarren bizimodua errazteko helburua” dutenak. Besteak beste, autokarabanentzako zerbitzugunea, komun publikoak, edukiontzi sailkagarri gehiago, argiztapena Santiagotxo ingururako, merkatari txikientzako diru laguntzak, eta Amute-Mendeluko bidegorria eskatuko ditu Abotsanitzek biharko plenoan.
Baina, emendakin horien artean zezen plazako aparkalekua da aurrekontu handiena duena, hiru milioi euro inguru. Enparanek adierazi duenez, arkitektura enpresa batek prestatu duen proiektuaren arabera, bi solairuko eta 200 lekuko aparkaleku bat —100 leku solairu bakoitzeko— eraiki daiteke zezen plaza azpian, “eta hirugarren solairu bat ere eduki lezake”. Donosti kalekoarekin alderatuz, babesle pribaturik ez litzatekeela beharko adierazi du, eta askoz lehenago egin daiteke: “Aparkatzeko arazoa urgentea da, eta zezen plazako aparkalekua bi urtean egin daiteke, agintaldi bukaerarako soluzio partzial bat izango genuke”. Gainera, Enparanek ziurtatu duenez, proiektuaren egileek baieztatu dute aparkalekuak Biteri ikastetxera zuzenean sartzeko aukera izango lukeela, “egun dauden irisgarritasun arazoak konponduz”.
Alonsoren iritziz, “aparkalekua ez da zertan hiri erdiraino eraman behar”, eta zezen plazakoa eginez gero Alde Zaharrerako sarbide ona litzatekeela esan du. Proiektua berez, etorkizunean eraikiko liratekeen etxebizitzei lotuta legoke, baina egun dagoen arazoari konponbidea emango liokeela baieztatu du Alonsok. Hala, biharko plenoan, zezen plazako aparkalekuari lehentasuna emateko eskatuko du Abotsanitz alderdiak, “aztertu dadila”.
Alonso, ezkerrean, eta Enparan, emendakinen berri emateko agerraldian
Botoa erabakitzeke
Gaurko agerraldian Abotsanitzeko kideak kexu azaldu dira, haien hitzetan, udalaren egoera ez delako ona. “Altxortegi handia du, eta zorrik ez du, baina kudeaketa ezegokiaren eraginez udalak lan zama handia du eta langilegoa faltan”. Enparanen iritziz, udalaren kudeaketaren berrikuspena martxan jarri behar da, hori egin ezean, herritarrei ematen zaien zerbitzuan eragingo du eta langileen ezinegona handituko.
Besteak beste, hirigintza eta gizarte zerbitzuen departamentuetan arazoak daudela esan du Abotsanitzeko kideak, eta herritarren kexak erantzuteko denbora asko behar izaten dela erantsi du.
Gaur biltzekoa da Abotsanitz gobernuarekin eta bilera horretan jakingo dute gobernuak zein jarrera hartzen duen haien emendakinekiko. Horren arabera erabakiko dute biharko bozketa: “Alde ez dut uste bozkatuko dugunik, baina abstenitu edo kontra bozkatuko dugun erabakiko dugu”, argitu du Enparanek.