Taupadak GKErentzat bilduko dute dirua. Parte hartzaileek emakumeenganako indarkeriaren kontrako ikurra eramango dute bizkarrean.
De la Hera, Silanes eta Garcia, aurtengo ekitaldiko elastikoekin
Kirol zapatilak jantzita, modu osasuntsuan eta giro ezin hobean, horrela bukatu nahi dute urtea Hondarribian. Sport Mundi elkarteak antolatuta, Hondarribiko VII. San Silbestre Solidarioa egingo dute hilaren 31n, arratsaldez. Bi milatik gorako parte hartzea espero da eta dagoeneko Gipuzkoako bigarren San Silbestrea bilakatu da.
Gaur aurkeztu dute, Hondarribiko udaletxean. Aurkezpenean izan dira Juanan Garcia Sport Mundiko ordezkaria, Kalixa Silanes Kirol zinegotzia eta aurtengo diru-bilketaren onuraduna izango den Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) presidente Fernando de la Hera. Boliviako Chiman komunitate indigenarentzat edateko ura lortzeko putzuak eraikitzeko erabiliko dute aurten bilduko den dirua.
Garciak aurreratu duenez, dagoeneko 1.000 bat lagunek eman dute izena, “eta iazko kopuruetan ibiltzea espero dugu, 2.200-2.300 parte hartzaile lortzea”; muga 2.500 lagunekoa da. Garciak nabarmendu duenez, probak helburu solidarioa du eta GKEek egiten duen lana goraipatu du: “haien lanari esker jende asko bizirauteko aukera du, bai osasun arloan bai azpiegituretan egiten duten lanagatik”.
Gainera, emakumeei keinua egingo die urteko azken eguneko karrerak. “Orain arte izena emandakoen %39a emakumeak dira, hori imajinatzea ere ezinezkoa zen duela urte gutxi”. Aurtengo elastikoan, lehen aldiz, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eskua azaltzen da bizkarrean. “Borroka hori ere lagundu nahi izan dugu”, argitu du Sport Mundiko kideak.
Izena eman nahi dutenek
Kirol Probak plataforman eman behar dute izena, 15 euro ordainduta. Hilaren 30a da izena emateko azken eguna. Kirol zinegotziaren ustez, “urtea bukatzeko modu polita da San Silbestrea” eta bi motatako kirolariak aritzen direla nabarmendu zuen, “urtetik urtera marka hobetu nahi dutenak, eta aisialdi bezala aritzen direnak, lagunekin batera edo familiarekin parte hartzen dutenak”. Zazpi urte beteko du probak, “eta hurrengo ekitaldietan udalak laguntzen jarraituko” duela ziurtatu du Silanesek.
Aurten, Boliviaren alde
Kirol jarduerak eta elkartasuna uztartzen dituen erakundea da
Sport Mundi, kirol jarduerak antolatzen ditu, helburu solidarioa duten ekintzak laguntzeko. 2016 urtean 91.000 euro banatu ditu hainbat GKEren artean; besteak beste, Caritasek (35.000 euro), Juneren Hegoak elkarteak (10.000), eta Salvamento Mritimo Humanitario (8.000) taldeak jaso aurten dute dirua Sport Mundi elkartearengandik.
Aurten, urteko azken egunean
Taupadak GKE bidasoarrarentzat bilduko du dirua Sport Mundik, Hondarribiko VII. San Silbestre Solidarioan. Bolivian jarduten du Taupadakek eta datorren urterako Beni departamentuko herri indigena urrutiena dute jomuga. Fernando de la Hera presidenteak azaldu duenez, “haiekin zor bat genuen, beraiengana ez baita inoiz inolako laguntzarik iristen”.
Maniki ibaiaren ondoan bizi da Chiman herria, eta ibaitik bertatik jasotzen dute ura, edateko. “Horrek gaixotasun ugari sortzen dizkie, eta haur jaio berrien hilkortasun tasa izugarri handitzen du”. Horregatik, edateko ura lortzeko putzuak eraiki nahi ditu Taupadakek Chiman herria bizi den eremuetan, eta dagoeneko proiektua hainbat udaletxeetan aurkeztu dute, diru laguntzak lortzeko. “Asko eskertzen dugu Sport Mundi gurekin gogoratu izana —gaineratu du Taupadakeko presidenteak—, haien laguntzarekin aurreikusita genituenak baino putzu gehiago eraikitzeko aukera izango baitugu”.