Alazne Agirrezabalaga dietista-nutrizionistak hainbat aholku eman ditu, lasterketa bukatu ondoren zer jan eta edateko.
Barazkiak eta arrain urdina jatea gomendatzen dute, besteak beste.
Alazne Agirrezabalaga dietista-nutrizionistak hainbat aholku eman ditu, lasterketa bukatu ondoren zer jan eta edateko.
Zein gomendio ematen ditu nutrizionista batek, lasterketa bukatu eta gerorako?
Bi aspektu dira garrantzitsuak niretzako: hidratazioa eta elikadura.
Hidratazioari dagokionez, lasterketan eta lasterketa aurretik hidratatu arren, karrera oso luzea denez, zaila da behar guztietara iristea. Orduan, garrantzia eman behar diogu ondorengo hidratazioari. Edari isotonikoak edaten jarraitu behar da.
Horrez gain, gernuaren kolorea kontrolatu behar da. Zenbat eta ilunagoa izan —ez bada iluntzen duen botikarik hartzen—, orduan eta deshidratazio handiagoa. Deshidratazio alerta izan daiteke gure gernua ilunegia bada.
Zenbat likido gal daiteke lasterketan? Nola errekuperatzen dira?
Lasterketa aurretik pisatu behar da, eta bukatzean berriro, ahal izanez gero. Hor dagoen pisu aldaketa likido galerarena izaten da oro har. Kopuru hori berreskuratu behar da: litro bat kilo bakoitzeko.
Kontua eduki behar da deshidrataziora eraman gaitzaketen ohiturekin. Lasterketaren ondoren har daitekeen alkoholak edo kafeak deshidrata gaitzakete. Urak bakarrik ez du hidratatzen: bitaminak, mineralak eta gatzak eduki behar dituzte hartzen ditugun edari isotonikoek.
Denbora gutxi geratzen da iganderako, baina komeni da hidratazioa eta elikadura entrenatzea. Edari isotonikorik edan ez dutenek, ezin dute bat-batean bi litro edan, gorputzak ez lukeelako onartuko.
Eta elikadurari dagokionez, zer komeni da jatea?
Elikaduraren aldetik, bi zatitan banatuko nuke nik. Hau da, lasterketa bukatu eta segituan jan beharko genuke. Lehenengo ordu erdi eta ordu eta erdi bitartean, gutxi gorabehera.
Karbohidratoak eta proteinak hartu beharko genituzke. Jendeak ez du gose handirik edukitzen, eta, beraz, oso ongi sartzen dira frutak —ur gehiago emango dute, adibidez, mandarinek platanoek baino— edo esnekiak. Gorputzak ongi asimilatzen ditu fruitu lehorrak ere.
Lasterketaren ondorengo otordu nagusia egongo litzateke, kasu honetan bazkaria. Normalean, lagun arteko edo familiako bazkariak egiten dira. Beharbada, ez dira hain egokiak ohi izaten: alkohola egoten delako, edo sagardotegira joaten direlako batzuk… Nire gomendioa da menuak barazkiak edukitzea, baita absortzio mantsoko karbohidratoak zein proteinak ere: pasta entsalada bat eta sardinak, edo arroza barazkiekin eta tofua piperrekin, edo babarrunak azarekin, sakramenturik gabe. Eta alkohola neurtuz. Gantz osasuntsuak ere sartuko nituzke: oliba olioa, arrain urdina, aguakatea, fruitu lehorrak… sor daitekeen inflamazio horri buelta emateko.