Neguko Jardunaldiak aurkeztu dituzte Hondarribian. Gaztedromoa izango da berritasun nagusia aurten.
Donibane Lohizunen egingo dute Sareuskaren mintzordromoa aurten. Hondarribian, gazteena egingo da.
Hemen ere hotza egiten du neguan. Bada urteko azken hilabeteetan hondartzan bainatzen denik, baina horrek ez du ura epeltzen. Euria ere egiten du, eta Jaizkibelek ezer gutxi babes dezake ipar haize gordina sartzen denean. Izarren arabera abenduaren 22tik aurrera da negua, baina eguraldi ero honekin geroz eta zailagoa da jakitea noiz bukatzen den urtaro bat eta noiz hasten den hurrengoa. Hori bai, ordu aldaketarekin ez dago zalantzarik, ordua aldatu aurretik eta gero sentsazioa guztiz bestelakoa baita. Ordu aldaketa da gaztain saltzaileen lagunik onena.
Bisitarien uholdea amaituta, jende gutxiago ikusten da kalean edo tabernaz taberna. Hondarribira ere, negua iristen da udazken laburraren ondotik. Horregatik, jendea bere etxeetan gera ez dadin, Hondarribiko Udalak eta herriko zenbait eragilek Neguko Jardunaldiak antolatzen dituzte azaroan eta abenduan, euskararen erabilerari bultzada eman eta negua gozatzeko asmoz.
Asko dira Neguko Jardunaldien barruan zerrendatzen diren ekitaldiak, ia hogei bi hilabetean zehar, eta joan den ostiraleko aurkezpenean Euskara zinegotziak nabarmendu zuenez, “adin guztientzako ekitaldiak dira”, haurrenetatik hasita, helduenetaraino. Antzerkia, ipuin kontaketak, bertso afaria, lehiaketak eta sari banaketak, tailerrak, erakusketak, musika…
Berrikuntza, Gaztedromoa
Publiko euskaldunari zuzendutako programa da, eta azken urtetan asko zaindu dute euskaldun berria den publikoa, edo euskara ikasten ari dena, edo euskalduna izanik euskara praktikatzeko aukera gutxi dituena. Hori horrela, Euskararen Nazioarteko Egunarekin hamarkada hasieran egiten hasi ziren Mintzodromoak bultzada handia izan dute azken urteetan, eskualdeko mugak gainditu zituenetik, hots, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Hego Lapurdi Herri Elkargoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateek Sareuska sarea sortu eta Mintzodromoa bertatik antolatzen hasi zirenetik.
Iaz Hondarribian egin zuten ekitaldia, eta ezin hobe joan zen, Itsas Etxea lepo bete zelarik. Aurten Donibane Lohizuneko Ravel aretora mugituko da jarduera, abenduaren lehenean. Baina horrek ez du esan nahi Hondarribian euskaraz mintzatzeko topagunerik gabe geratuko direnik, lehen aldiz gazteentzako bereziki zuzenduriko bat egiten hasiko direlako. “Gauza berezi bezala —azaldu zuen Berrotaranek—, Gaztedromoa egin nahi izan dugu, gazteei zuzendutako Mintzodromoa”. Kasino Zaharrean egingo dute abenduaren 2an, 09:00etatik 13:00etara, bi txandatan.
Herriko hiru eskolek bat egin dute Gaztedromoarekin, eta Mondragon Unibertsitateko talde bat arduratuko da ekitaldiaren dinamizazioaz. Estreinakoz egingo dute, baina zinegotziak argi du Neguko Jardunaldietan geratuko dela: “Ideia da aurten hasita urtero hamabost urte betetzen dutenekin egitea. Aurten lehen urtea izango da eta ni ziur naiz arrakastatsua izango dela. Batetik euskararen erabilera bultzatzea dago, baina bestetik ere beste ikastetxeetako ikasleekin harremana indartzea, gazteek elkar ezagutzea”.
Arantxa Berrotaran Euskara zinegotzia, Neguko Jardunaldiak aurkezteko agerraldian
Txisteek, 25 urte
Urte askotxo daramatzate Neguko Jardunaldiek azaro-abenduko Hondarribiko kultur programazioko protagonista izaten. Noizean behin izaten da nobedaderik baina, oro har, urtetik urtera errepikatzen diren jarduerek hartzen dute zerrendako zatirik handiena, arrakasta dutelako. Horren adibide da Euskarazko Txiste Grafikoen Lehiaketa, aurten mende laurdena beteko duena. 25 urte ez dira gutxi eta, horregatik, “zerbait berezia antolatu nahian” dabiltzala aurreratu du Berrotaranek. Zer zehazki ez du argitu, “baina aurreko ekitaldietako sarituak gonbidatu nahi ditugu”. Denak arrimatzen badira, areto handi samarra beharko dute.
Azalpen handirik ez du behar Txiste Grafikoen Lehiaketak, izenak berak oso ondo adierazten baitu zertan datzan. Nolanahi ere, udalak badu kezka bat gazteenen mailarekin, “adimen faltagatik edo ez dakigu zergatik”, parte hartzeak gorabehera handiak izaten baititu.
Hilaren 15etik 27ra Arma Plazan muntatuko duten erakusketan izango da aurtengo parte hartzearen zenbaterainokoa ezagutzeko modua, eta datorren urteari begira zer egin erabakiko dute, lehiaketa indartu beharko balitz, zer eta nola zehazteko: “Ikastetxeekin bultzatzen da, saiatzen dira lantzen, baina ez da erraza”. Euskara zinegotziak gaineratu duenez, gazteren batekin edo aurreko urteetan irabazi dutenekin lan egitea ari dira pentsatzen, “baina inplikazioa behar da”.
Joan den astean itxi zen lanak aurkezteko epea, literatur lehiaketenarekin batera. Iaz 32.ez antolatu zituzten ipuinen Bordari eta olerkien Satarka lehiaketak, eta 40 lan aurkeztu ziren guztira. Aurten 33. ekitaldia izango da, beraz, eta abenduaren 10ean ezagutaraziko dituzte saridunak. Etorkizuneko idazle handiren bat izango da tartean, egungo idazle ezagunen artean asko direlako gaztetan Hondarribian sarituak izan direnak.
Hiriko mugez harago, literatur sariak dira Neguko Jardunaldien artean oihartzun handiena dutenak. Ibilbide luzea egin dute eta guztiz egonkortu dira urteko kultur programazioaren barruan. Abenduaren 10ean ezagutaraziko dituzte saridunak, eta ondotik argitaratuko dituzte lan sarituak, ikastetxeetan, turismo bulegoetan, eta oro har, toki publikoetan banatzeko.
Euskarazko irakurzaletasuna pizteko sortu zituzten Bordari eta Satarka literatur sariak. Ibilbide luzea egin dute eta, era berean, bide luzea egiten ari da euskararen erabilera bultzatu eta negua gozatu asmoz neguro antolatzen duten kultur ekitaldien sorta ere. Erlojuaren orratzak ez dituzte atzera mugituko, baina, bufanda lepoan eta txapela buruan jarrita bada ere, urte amaieran Hondarribira hurbiltzeko arrazoi polita dira Neguko Jardunaldiak.
Neguko Jardunaldiak. Ekitaldi nagusiak
Azaroan
- Antzerkia. Heroiak Txalo Produkzioak-en antzezlana, hilaren 12an, Itsas Etxea Auditoriumean. 6 euro.
- Haurrentzako antzerkia. Kondaira baten truke, hilaren 18an, Amuteko Auzo Elkartean. Doan.
- Kalean kantuz. Hilaren 27an, Damarri plazan. Ondoren, bazkaria Klink elkartean.
Abenduan
- Gaztedromoa. Abenduaren 2an, Kasino Zaharrean. Herriko hiru ikastetxeetako 15 urteko ikasleei zuzenduta.
- Bertso afaria. Abenduaren 3an, Itsas-Lur elkartean. Sarrerak 20 euroan Txantxangorrin, Enbatan, Batzokian eta Irungo Sunbillan.
- Euskal liburu eta disko azoka. Abenduaren 14tik 18ra, Arrantzale Auzoan.
Bi hilabetetan
- Ipuin kontaketak. Hilaren 30ean, 18:00etan, Lupe Lekuonarekin eta abenduaren 28an, 12:30ean, Maite Frankorekin. Udal liburutegian, 4-9 urteko haurrentzat.