Jenaro Etxeandia plazako orubearen lanak bihar hasiko dituzte
Orubea egokituko dute, lorategiak jarriz eta espaloiak zabalduz. Oinaurre auzoan haurrentzako parke bat eraikiko dute.
Bihar hasiko dira Jenaro Etxeandia plazako orubea berritzeko lanak. Lorategi eremu bat, aparkalekuak eta espaloiak izango dira eremu hori hartuko dutenak.
Cristina Laborda Mugikortasun, Bide publiko eta Obra Ordezkariaren arabera, “egungo baldintza hobetuko du, eta gainera, bizilagunekin egindako batzarretan eskatutakoa beteko dugu”.
Orubea inguratzen duten espaloiek bi metroko gutxiengo zabalera izango dute, eta irisgarritasuna bermatuko dute. Taxi eta motorrentzako aparkalekua ere egokituko dute. Argiteriari dagokionez, kanalizazio berriak jarriko dituzte, baita argi puntu berriak ere.
Lorategietan, inguruko eremuetan landatuta dauden loreen antzekoak jarriko dituzte, eta eserleku batzuk zein zedarritzeko poste txikiak jarriko dituzte. Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zaizkio lanak, eta hamabi asteko iraupena izango dute zein 178.731,51 euroko kostua.
Obrek irauten duten artean, Foru Kalean ezingo da aparkatu. Alde batean jarriko dute taxi geltokia, eta bestean, berriz, espaloia konponduko dute. Ostiral eta larunbatetan, Foru Kalean ez ezik, Bixera zaharrean ere egongo da taxiak hartzeko aukera.
Oinaurren, haur parkea
Aste honetan bertan, Oinaurreko haurren parkea egiteko lanak hasiko dituzte. Gurpildun aulkia erabiltzen duten haurrentzako egokituta egongo dela iragarri du udalak. Parkera joateko bi zebrabide berri egingo dituzte, dagokien semaforoekin. Obrek 235.109,35 euroko aurrekontua izango dute.
Etorkizunera begira, pertsona zaharrentzako ariketak egiteko ekipamendua eta pinpon mahai bat jarriko dute bertan.