‘Ezagutu zure hiria’-ren lehen saioa egin dute. Kontrabandisten lana jorratu dute Rosa Arburuak egindako bisita gidatuan. Sorpresarik ez da falta izan.
Sei puntutan gelditu zen bisita gidatua, tartean Santa Engrazia errekan.
Historia luzeko hiria da Hondarribia. Historia ofiziala edo eguneroko bizitza izanagatik, ezkutuago geratu direnak ehunka dira. Horiek azaleratzeko asmoz, Arma Plaza Fundazioak ikasturte honetarako Ezagutu zure hiria zikloa abiarazi du berriro. Hilean behin gai bat jorratuko dute, ostegunean hitzaldia antolatuz eta bi egunera bisita gidatua eginez.
Pasa den astean egin zituzten ikasturte honetako lehenengo bi saioak. Rosa Arburua Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktore denak egin zituen bi saioak, kontrabandoaz aritu zen.
Larunbateko bisita gidatua antolatzaileei izena ematen dion plazan hasi zen. Jendea bilduta, gazteluko teilatura igotzeko pribilegioa eduki zuten.
Gaztelua
Gaztelu gainean, hizpide izango zuten gaiari buruzko hainbat zehaztapen eman zituen Arburuak. “Ez zaigu iruditzen, baina gure belaunaldikoek ere kontrabandoa egin genuen: beste aldetik Levi’s-ak, telebistak eta abar ekartzen genituen”, esan zuen Arburuak. Bere esanetan, kontrabandoa “dauden trabei alternatibak bilatzea” besterik ez da. “Horretarako gaitasuna ere eduki behar da”, gaineratu zuen.
Gainera, kontrabandoa “oso komunitarioa” izan zen. Hala, herritar guztiak “modu batera edo bestera” engaiatuak zeuden gau lana ere deitutakoan: “Umeek parte hartzen zuten, abisua ematen; zakurrek zaunka ezberdinak egiten zituzten guardiarik bazen; astoak, karga garraiatzeko; zaharrak; helduak; baserrietako emakumeak, maindireak modu ezberdinetan zabalduz…”. Hain zen komunitarioa ezen apaizek ere hartzen zutela parte. Hondarribiko parrokoak, esaterako, Gaintxurizketako baserriekin tratuak egiten zituen.
Gazteluaren gainera igotzea ez zen ausaz egin. Izan ere, bertatik inguru guztia menperatzen da: Jaizkibel mendia, kai zaharra, Txingudi badia…
Elikagai edo piezen kontrabandoa ez ezik, pertsonak ere mugaren alde batetik bestera pasatzen zituzten. Salazarren diktaduratik ihes egiten zuten milaka portugaldar pasatu ziren Bidasoaren alde batetik bestera, menditik edo itsasoz. Frantziako Estatuan “oso estimatuak” ziren portugaldarrak, “eskulan merkea zirelako, katolikoak eta protesta gutxi egiten zutelako”.
Batzuetan, Euskal Herritik bertatik Portugaleraino sareak joaten ziren haien bila.
Kalkuluen arabera, milioi bat portugaldarrek hartu zuten Frantziarako bidea. Hainbeste jenderen artean, ezbeharrak ere izan ziren. Uretan itotako hainbat portugaldarren datuak jaso zituzten garaiko erregistroek.
Kontrabandoa gertutik ezagutu zuen Natik hitza hartu zuen. Hendaiatik angulak ekartzen zituen izeba bat zuela gogorarazi zien bertaratutakoei, eta badiaren bestaldetik “beti haurdun” itzultzen zela gaineratu. Izan ere, garai batean, Bretainian angula ugari harrapatzen zen. Horretarako faja tubularrak erabiltzen zituzten.
Arburuak adierazi zuenez, kontrabandoa ikertzen urte asko daramatzan arren, “beti zerbait berria” ikasten du. Esaterako, bizikleten kontrabandoarena:?”Bazen gizon bat Hendaiatik bizikletan bueltatzen zena. Hondarrez betetako poto bat eramaten zuen beti, guardiek hura arakatzeko”. Dirua pasatzeko beste trikimailu bat kontatu zuen jarraian: “Gona lasaiak ez altxatzeko, berunezko pisu txikiak jartzen zituzten. Horren ordez, txanponak lotzen zituzten”.
Santa Engrazia errekan
Kale Nagusia jaitsita, Zumardia gurutzatu eta Erribera kalean egin zuten hurrengo geldialdia. Santa Engrazia errekan zein Jaitzubian egindako kontrabandoa izan zuten hizpide.
Bertan zegoen zain Fermin, kontrabandoan aritutako 89 urteko hondarribiarra. Makina bat pasadizo kontatu zizkien bisita gidatua egin zutenei.
Ubide horietan ibiltzen ziren gabarra eta batel askok hogei zentimetroko
doblefondoa zeramatzaten. Ferminen arabera, kafea, azukrea, ogia eta fruta ziren Bidasoaren beste aldetik gehien ekartzen zutena. “Egunero joaten nintzen Hendaiara ogi bila”, gogorarazi zuen Ferminek, “eta orduan bi kilokoak ziren ogiak [kilo bat baino gehiago ezin zen pasa], baina gose aurpegia ikusten zidaten eta pasatzen uzten zidaten”.
Guardiek kanpotik eta barrutik neurtzen zituzten ontziak,
doblefondoen bila. “Karga uretara botata ere, hurrengorako fitxatuta geratzen zinen”, esan zuen Ferminek. Zapaten kontrabandoan ere aritu ziren. “Gau batean eskubiko zapatak pasatzen genituen, eta hurrengoan ezkerrekoak”, azaldu zien hurbildutakoei. Bitxikeria horrek bazuen bere logika: harrapatuz gero, enkantean jartzen zituzten zapatak, eta denak oin berekoak izanik, ez zituen inork erosten.
Arraun elkartea
Hurrengo geldialdia arraun elkartearen egoitzaren parean izan zen. Hor jorratutako gaia kontrabandisten kontrakoen lana izan zen, guardia zibil eta karabinero eta matroiena, alegia.
Arburuaren arabera, guardia zibil soil ziren askok diru gutxi irabazten zuten: “Horietako asko eros zitezkeen, beste alde batera begira zezaten, edo kontrabandoaren momentuan bertan egon ez zitezen edo euren txanda zein zen adieraz zezaten”. Are gehiago, guardia batzuek deskargatzen jartzen ziren.
Lekukotzak jasotzen aritu da unibertsitateko irakaslea, eta
erosezinen bat edo beste bazela jakin du: “Bazegoen Alchaco izeneko ofizial bat. Banco Guipuzcoanoren gainean bizi zen, eta herriko serenoak, kontrabandistak zelatatu beharrean, guardia zibil hori zaintzen zuen”. Ofizialak ez ezik, kontrabandistei trabak jartzen zizkieten beste guardiak akademiatik etorri berriak ziren.
Egungo arraun elkartetik hurbil zegoen eskabetxeria. Bazuen kai txiki bat, eta bertan kontrabandoa ere itsasontzietatik deskargatu eta kamioietan kargatzen zen. Landu gabeko larruz betetako kamioikadak gogoratzen zituen Ferminek, eta nola eramaten zituzten Irungo Uranzu kalera.
Bestalde, aireportua egiterakoan, makina dragatzaile bat eramaten zuten egunero Lezotik. Hondar artean merkantzia ugari sartzen zuten.
Villa Chely
Villa Chely pareko arrapalan gelditu aurretik, Puntalean izan ziren. Fermin: “Beste aldean kamioien eta autoen piezak bota egiten zituzten, egoera onean egon arren. Baionako paketeria enpresa batek Hendaiara bidaltzen zituen, eta handik babes portura itsasoz eramaten genituen”.
Ibilgailuen pieza horiek pisutsuak ziren, eta lagun bati gertatutakoa ongi gogoan du kontrabandista ohiak: “Kamioi baten aletak zituen batelaren azpian. Itsasoaren korrontea kontran zuen, eta arraunei eman arren, ezin zen ibili”.
Kai Zaharra
Bisita gidatua kai zaharrean bukatu zen. Getaria eta Pasaiatik ekarritako bixigua eta atuna deskargatzen zituzten bertan, eta Hendaiara eramateko ontzietan kargatzen zuten. Hala ere, guardiak maiz agertzen ziren tokia zen, eta trikimailuak egin behar izaten zituzten.
“Guardia erosia egoten zen, baina erosia ez zegoen bat agertzean”, esan zuen Ferminek, “kamioia kargatzen ari ginen itxura egin behar genuen, hura joatean, barkua atzera betetzeko”.
Aduanei izkin egitea, ogibide zaharra
Ezagutu zure hiria zikloan, bisita gidatuak ez ezik, hitzaldiak ere antolatzen dituzte. Ikasturte berriko lehenengoa pasa den asteko ostegunean izan zen, eta Rosa Arburuak berak eman zuen hitzaldia, lepo bete zen Arma Plaza kultur guneko aretoan.
Arma Plaza goraino bete zen hilaren 13an.
Larunbatean XX. mendeko kontrabandoa hizpide izan bazuten —batez ere lekukotzetan oinarrituta—, ostegunekoan ordura arteko gau lanaren berri eman zuen EHUko irakasleak.
Orain dela bost urte argitaratu zuen Alberdaniarekin Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean saiakera. Bertan, eskualdean ez ezik, kontrabandoak oro har izan duen historia ere jaso zuen.
Horrela, aduanen kontroletik ihes egitea “munduko bigarren ogibide zaharrena da”, Timothy Green ikerlariaren arabera, Egipton K.A. 2200. urtean egiten zela dokumentatuta dago.
Erromatarren garaian portorium izeneko tasak kobratzen zizkieten merkantziei. Arkeolanen arabera, orduko Oiasson zerga hori ez ordaintzeko trikimailuak egiten zituzten.
Ia mila urteko saltoa eginez, 1524an, Hondarribiko setioan, janaria sartzen zuten hirira, kontrabandoaren bitartez. 1541ean, berriz, zaldirik ezin zen erosi, baina “nonbaitetik agertu” zirela jasotzen du liburuak. Urrea eta zilarra ere
mugituzale ziren.
XVI. mendearekin jarraituz, 1576 eta 1598 urteen artean,
La grande contrabande-aren garaia izan zen, Nafarroa eta Frantziako Henri erregearen aldeko armak zaldiek pasatu baitzituzten Frantzia aldera.
Irundarrak kontrabandoaren zale amorratuak omen ziren, eta 1596an, Nafarroako erregeorde Tomas Calderon hiriko ontziralekuko diru garraio ilegalarekin kezkatuta zegoen, “lan errazegia” zirudielako.
Kanporagaien Alkatetza
1517an Kanporagaien Alkatetza ezarri zuten Irunen, inportazio eta esportazio ilegalen garraioa ekiditeko asmoz. Estatuko gainontzeko tokietan baino beranduagora arte —XIX. mendera arte— iraun zuen, Euskal Herriak salbuespen ekonomikoa zuelako. Gerra garaietan, baina, merkataritza librea zen.
1652an konbertsak ezarri ziren, produktu batzuk modu librean pasatzeko.
Bidasoko herritarrek ez ezik, kanpoko kontrabandistak ere harrapatu zituzten. Horrela, XVIII. mendean bilbotar bat eta lekeitiar bat, besteak beste, harrapatu zituztela dokumentatuta dago.
Ameriketako lehengaiak
Ameriketatik ekarritako produktu asko pasatu zituzten alde batetik bestera. Kakaoa edo tabakoa, esaterako. Azken horren kontrabandoa oso zigortuta zegoen. Caracasko Gipuzkoako Konpainia 1728an sortu zuten, trafikoa arautu eta kontrabandoari aurre egiteko. Eurak ere kontrabandoaren sareetan erori ziren: Ilustrazioaren ideiak jasotzen zituzten liburu eta dokumentuak eraman zituzten Ameriketara, eta hango herrialdeen independentzian eragina izan zuten.
XIX. mendean, okupazio frantsesean, soldaduentzako pattarra eta ardoa ilegalki mugitzen zuten, eta karlistadetan, produktuak ez ezik, pertsonak ere pasatzen zituzten mugaren beste aldera.