Bikaina izan da lehen Fenomena Hondarribia rock jaialdia. Musika zale ugari inguratu ziren larunbatean Alde Zaharrera.
Joseba Irazoki eta lagunak, Fenomena Hondarribia jaialdiko kontzertu nagusian
Langa oso goian jarri du Fenomena rock jaialdiaren lehen ekitaldiak. Behar zuen Hondarribiak hainbeste jarraitzaile dituen generoaren topaleku izatea eta musika zale asko hurbildu zen Alde Zaharrera larunbatean. Eguraldia lagun, antolatutako ekitaldi guztiak arazorik gabe burutzeko aukera izan zen, eta denetara hurbildu zen jendea, haurrentzako tailerretik hasita —jaialdiaren eremua ederki atondu zuten—, kontzertuetaraino.
Jaialdiaren lehen ekitaldiko kontzertu nagusia Joseba Irazoki eta Lagunak bandaren ardura izan zen; dena eman zuten nafarrek eta zaleek ongi baino hobeto eskertu zieten. Bukatu eta gero, bis pare bat kotzera itzuli behar izan ziren. Eguerdian, Everybody Here Wants You taldeko ordiziarrek maisutasuna erakutsi zuten Jeff Buckley zenari gorazarre egiterakoan, baina beste rock egile batzurekin ere ausartu ziren; hunkigarria Leonard Cohenen
Hallelujah abestiaren bertsioa, biko formatu akustikoan.
Kasino Zaharrean egin zituzten kontzertuak, eta Apezpiku plazan DJ saioak, hiru guztira, oso desberdinak euren artean, rockaren hainbat azpigenero landu zituztelarik. Beste behin, Alde Zaharreko eremu hori kultur ekitaldiak jasotzeko paregabea dela argi geratu zen Fenomena Hondarribia rock jaialdiaren estreinakoan.