Arma Plaza Fundazioa frankisten bunkerretako batzuk garbitzen hasi da. Herriko sistema gotortuaren garai ilunetako bat argitu nahi dute.
Errepide ondoko bunkerra metrailadore-astun bat erabiltzeko egokitu zuten
Guadalupeko santutegiaren eremuan hiru bunker agertu ziren joan den astean. Lur azpitik azaleratu ziren, ezustean. Hiruretatik bi santutegi atzeko zelaietan daude, muino banatik gezi-leihoa erakusten dutelarik. Aurrean lurra mugitua dute baina, barrualdea, iluna. Tenpluaren beste aldean, errepide ondoan, haitzen artean ezkutatzen den beste bat ageri da, bi gezi-leiho dituena, eta atea ere badu, eta barrualdea hustuta.
Arma Plaza Fundazioak garbitu ditu hiru bunkerrak eta Historian Doktore eta Guadalupeko gotorlekuan egiten diren bisitetako gidaria den Juan Antonio Saezek zaindu ditu lanak. Frankistek 1944an hasita eraiki zuten Guadalupeko Erresistentzia Guneko babes sareko parte dira. Guztira, 53 eraiki zituzten eta defentsa multzo hori, edo zati bat behintzat, balioan jarri nahi dute Arma Plazak eta Hondarribiko Udalak. Kalixa Silanes Kultura zinegotziak adierazi duenez, “momentuz errespetatuak diren ikusiko dugu, bandalismorik ote dagoen, udalerrian dauden bunker gehiago erakusteko lanak egiteko ala ez erabakitzeko”.
Girona mutur batean eta Hondarribia bestean, balizko inbasio bati aurre egiteko sistema eraiki zuten frankistek Pirinioetako mugaren hegoalde osoan. Guadalupen, 600 soldaduz osaturiko guarnizioa jasotzeko moduko eremu militarra osatu zuten, eta berau babesteko, 53 bunkerrez osaturiko sistema prestatu zuten. Lur azpian, etsaiak airez ez ikusteko moduan, eraiki zuten Guadalupeko Erresistentzia Gunea, eta eguzkitik babestuta iraun du gaur arte: “Gehienak hor daude —baieztatu du Saezek—, ez delako hirigintza jarduerarik egin. Lur azpian daude gordeta, batzuk lur publikoan, beste batzuk pribatuetan”.
Historialariak zuzenduta egin ditu Arma Plazak Guadalupeko bunkerrak garbitzeko eta balioan jartzeko lanok. Gipuzkoako multzo gotortuak gehien ikertu dituen pertsona da Saez. Bere hitzetan, Hondarribiak ez du parekorik, “hirigunean nahiz inguruetan Erdi Arotik hasita eta hainbat garaitan gune gotortu asko eraiki zirelako, eta gaur eguneraino egoera oso onean mantendu direlako».
Bisitak, oraindik ez
Gerrarako eraikiak, soldaduz hustuta eta turistez beteta ageri dira egun gune horiek. Duela urte gutxi hasi zen Arma Plaza Fundazioa hirigune historikoan bisita gidatuak eskaintzen eta 2014an Guadalupera zabaldu zituen. Silanesen arabera, «oso ona» da orain arteko balorazioa: “Guadalupeko gotorlekua eta inguruko historia era profesional eta didaktikoan zabaltzen hasi gara, eta erantzuna bikaina izan da. Adin eta jatorri desberdinetako jendearengana iritsi gara”.
Santutegi inguruko bunkerretako batzuk balioan jartzeak gotorlekuko bisita gidatuan zabaltzen den informazioa osatzeko aukera ematen du. Ez dira garai berekoak —gotorlekua 1900 urtean inauguratu zuten eta bunkerrak frankistek eraiki zituzten—, baina Guadalupeko Erresistentzia Gunean ere erabili zuten fuertea eta bunker sarearekin lotura bazuen. Nolanahi ere, goiz da jakiteko bisitetan bunkerrak ere erakutsiko ote diren: “Lehen fasean ibilbide bat egin nahi dugu, zortzi edo hamar bunker lotuko lituzkeena, jendeak ikus ditzan, baina barrura sartu gabe”.
Hiru garbitu dituzte eta beste batzurekin gauza bera egin nahi dute. Silanesek jakinarazi duenez, seinaletika jarriko dute, «bisitariek jakin dezaten noiz eta zertarako eraiki zituzten». Saezek gaineratu du Hondarribiak duen sistema gotortua osatzeko balioko duela: “Erdi Arotik hasi, Errenazimendu garaian jarraitu, Oiartzungo defentsa sistema gero, hor kokatzen da gotorlekua, eta azkenik, Pirinioetako lerroko elementu hauek. Denboran luzatzen den defentsa sistemaren eboluzioa da, eta garai bakoitzeko adibide bikainak ditugu hemen”.
Gotorlekua hartu eta hamar urtera eraiki zituzten frankistek Guadalupeko bunkerrak. Diktaduraren ondoren, militarrek zaindu zuten eremua, 1980ko hamarkadan abandonatu zuten arte. Orain, Arma Plaza Fundazioak balioan jarri nahi ditu, garai ilun hori zer edo zer argitze aldera. Balio dezala ere, bunkerrak eraiki aurreko urteetan Guadalupeko lurraren azpian ezkutatu zuten guztiak argia ikusi dezan.
Pirinioetako muga zaindu nahi zuten frankistek P Lerroarekin
Berrogeita hamar bunker inguru daude Guadalupen
Frankistek eraiki zituzten 1944tik aurrera, Pirinioetako muga zaintzeko defentsa lerroaren barruan .Frantsesen edo aliatuen balizko inbasio bat geldiaraztea zuten helburu
Arma Plaza Fundazioa balioan jartzen hasi den bunkerrak Guadalupeko Erresistentzia Gunea babesteko elementu multzoko parte ziren. Frankistek eraiki zuten 1944tik aurrera, Pirinioetako muga zaintzeko, Gironatik Higer lurmuturreraino luzatzen zen P Lerroa izeneko sistemaren barruan.
1936ko irailaren 6an Guadalupeko fuertean sartu zirenetik bertatik hasi ziren Francoren zaleak balizko inbasio bati nola aurre egin burutatzen. Jose Antonio Saez historialariak azaltzen duenez, aurrena Vallespin Lerroa eraiki zuten, Gipuzkoako hiru sarbide estrategiko zaintzeko: Irungo Katea-Gaintxurizketa-Donostia, Irun-Arkale-Hernani-Andoain, eta Irun-Endarlatsa igarobideak.
Horiek zaintzeko abiatu zuten Vallespin defentsa lerroa, hiru ardatzetan oinarritzen zena: Jaizkibelekoa, Okatorretik San Martzialera doana, eta Aiako Harritik Endarlatsaraino luzatzen dena. Hiru ardatz horien artean defentsarako taldeak prestatu zituzten eta hori guztia Aritxulegiko errepide estrategikoarekin eta lau errepide taktikorekin osatu zuten, horien artean, Lezo eta Guadalupe lotzen zituena, preso hartutako trabajadoreek eraiki zutena.
Aldaketa estrategikoa
Europako gerrak inbasio mehatxua areagotu zuen, batez ere 1944an beste norabide bat hartu zuenean. Horrek, aldaketa estrategikoa ekarri zuen mugaren defentsan eta une horretan agindu zuten P Lerroa eraikitzea. Saezek azaldu duenez, “Gipuzkoan bederatzi erresistentzia gune eraikitzeko agindu zuten, horietatik bi Jaizkibelen, Guadalupekoa, batetik, eta itsasbazterrekoa, bestetik, Higerrekoa”.
Guadalupekoa, handiena izateaz gain, “Gironatik hasita azkena zen, muturrean zegoen —argitu du Saezek—, horregatik da hain garrantzitsua balioan jartzea, garai hartan gertatu zena kontatzeko oso egokia delako”. Historialariak nabarmendu du 600 soldadurentzako diseinatutako kanpalekua zela, “kilometrotako hesiz inguratuta eta 59 bunkerrez osaturiko sare batek babestuta, nahiz eta azkenean 53 eraiki ziren”.
Bunkerren helburua hori zen, eremu militarra babestea, eta bakoitzak bere funtzioa zuen: “Hamasei metrailadore astun, 27 metrailadore-fusil, lau mortero, tankeen kontrako bi kanoi, aire erasoen aurkako bi egitura eta infanteriako beste bi kanoirentzako beste bat”. Azken bi hauek ez zituzten bukatu, baina beste guztiak bai, eta Guadalupeko lurraren barruan daude ezkutatuta, gehienak santutegiaren atzealdeko zelaietan. Horietako hiru garbitzen hasi dira, eta bat, errepide ondokoa, hustu ere egin dute, duela 70 urteko garaira itzuliz. “Bunkerrek oraingo itxura zuten, garbitu eta gero utzi diegun itxura bera. Gezileihoen gainetik burdin batzuk ateratzen dira eta horiek lur-zakuak jartzeko edo lurra eusteko erabiltzen ziren, baina gerra garaian egiten zen hori, bake garaian horrela egoten ziren, ikusi daitezkeen bezala”.
Inbasioei aurre egiteko eraiki zuten frankistek Guadalupeko Erresistentzia Gunea. Zati handiena lur azpian zulatu zuten, eta hala iraun du gaur artean. Gerrarako eraikia, baina ez zuten inoiz gerrarako erabili, ez behintzat inbasiorik geldiarazteko. Edonola ere, 1980ko hamarkadara arte ez zuten abandonatu —azken errebista 1982an egin zen—, eta oraindik ere eremua sekretupean dagoelako kexu da Saez. “Guadalupeko guneari buruzko informazio guztia klasifikatuta dago”, hau da, ez dago ikerlarien eskura.