[Galeria] Guadalupeko bunkerrak
Hondarribiko Arma Plaza Fundazioa garbiketa lanak egin ditu garai bateko Guadalupeko eremu militarreko hiru bunker balioan jartzeko.
Hiru bunker balioan jartzeko lanak egin dituzte. Irudian, errepide ondokoa
Hondarribiko Arma Plaza Fundazioak Guadalupeko bunkerrak balioan jartzeko zenbait lan burutu ditu, Historian Doktorea den Juan Antonio Saezek zuzenduta. Gotorlekuko bisita gidatuen ardura du Saezek eta, Arma Plazak jakinarazi duenez, egin beharreko lanak amaituta, bisita osatzeko balioko dute bunkerrek.
Bunkerretako bat, santutegiaren parean errepide ondoan dagoena, guztiz garbitu dute eta barrura sartzeko aukera dago. 1946an eraiki zuten, Guadalupeko Erresistentzia Eremuaren parte bezala, bertan metrailadore bat ezartzeko. Gune estrategiko bikainean eraiki zuten, Bidasoa ibaiaren itsasoratzea eta Txingudi badia oso ondo zaindu bait daiteke bertatik.
Bunker horrekin batera, eremuko beste bi bunkerretan garbiketa lanak egiten hasi dira, baina kanpoaldean soilik. Garbiketa lanetan, Kilker lorazaintza enpresak parte hartu du, Arma Plazako kideekin batera.
Ostiralean Guadalupeko bunkerren gaineko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan.