2017ko lehen hiruhilekoan inauguratuko dute biblioteka berria. Irakurketa tailerrak Zuloaga Etxe ondoko sotoan egingo dituzte.
2016-2017ko
Irakurketa Tailerren Programak hiru egoitza izango ditu. Hasi, iazkoak bukatu zuen moduan egingo du. Hau da, lanegunetan Kultur Etxeko 103 aretoan bilduko dira taldeak, eta larunbatetan Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan. Eta, dena ongi, 2017ko lehen hiruhilekoan biblioteka berrira mugituko dira tailerrak, baina ez dira Zuloaga Etxera bueltatuko, jauregi ondoko sotora baizik.
Kalixa Silanes Kultura zinegotziak onartu bezala, “tramite administratibo batzuk” falta dira biblioteka berria ireki ahal izateko, eta Kote Guevara liburuzainak uste du otsaila inguruan izango dela inaugurazioa: “Obra bukatuta dago eta pozik gaude. Etxe horren aukerak ondo aprobetxatu ditugu”.
Zuloaga Etxe berrituaren ezaugarrietako bat izango da erakin osoa publikoarentzat izango dela, makinak eta abar ondoko etxera pasatu baitituzte. Makinak bakarrik ez, balio anitzeko gela ere eraikinaren ondoko sotoan egokitu dute: “Areto estua da, baina luzea”, azaldu du Silanesek. Irakurketa tailerrez gain, ipuin kontaketa saioentzako eta bilerentzako ere egokitu da aretoa eta, Guevarak erantsi duenez, “oso ondo gelditu da”.
Areto horrek sarrera independentea izango du Zuloaga Etxearekiko, eta “self-service” moduko sistema batekin funtzionatuko du, hau da, ez da inor egon beharko atea ireki ahal izateko. “Txartel elektroniko batekin irekiko da”, argitu du liburuzainak.
Kote Guevara 2014ko udaberrian, Zuloaga Etxeko atea ixten