Batzuk Pokemon bila doazen bezala, eskulturen bila abiatu gara gu, Hondarribiko Udala ondare eskultorikoa berritzen ari dela aitzakiatzat hartuta.
Hondarribiko eskulturak garbitzen eta berritzen hasi da udala
Hondarribiko ondare eskultorikoa zaharberritze prozesuaren barruan, Santa Maria Ateko armarria eta Lera eskultura garbitu eta berrituko dituzte datozen asteetan. Iaz ekin zioten zeregin horri, eta aurten beste hiru eskulturari helduko diote (
irakurri albistea).
Armarria konpondu dezaten Santa Maria Atea sare batekin estalita ikusteak aitzakia eman digu hiriko ondare eskultorikoa bisitatzeko. Baten bat faltako da, baina beheko galerian Hondarribian ikus daitezkeen eskultura esanguratsuetako batzuk ikus daitezke.
Denek ez dute maila artistiko bera, ezta estetikoa ere, nahiz eta hori zehaztea bakoitzari dagokion. Baina kokatuta dauden lekuetan egonik, inguruan duten hir-paisaia kontuan izanik, bisitatxoa merezi dute zalantzarik gabe. Izan ere, turismo bulegoetan banatzen ez duten arren, hiri eskulturak lotzeko ibilbidea Hondarribian zehar paseatzeko eta gure kulturan murgiltzeko beste aukera bikain bat da.
Guk, badaezpada, ez dugu esango eskultura bakoitza non dagoen, ezta zein izen duen eta zeinek sortua den ere. Eskulturen bila doazenen lana izan dadila lan hori, gozatu dezatela. Guk behintzat, Pokemon bila ibiltzen direnek bezain beste gozatu dugu eskultura bila.