Bike-trialeko Munduko Txapelketatik brontzearekin itzuli da hondarribiarra. Eskumuturra hautsi eta asko prestatu behar izan dela onartu du Areitiok.
Ezkerretik, Benito Ros nafarra Abel Mustieles eta Areitio, Val di Soleko podioan
Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak brontzezko domina lortu zuen ostiralean Val di Solen (Trentino, Italia) egin duten bike-trialeko Munduko Txapelketan. Abel Mustieles aragoarrarentzat izan zen urrea eta Benito Ros nafarrak zilarra eskuratu zuen.
Elite Mailan dagoenetik Munduko Txapelketa batean Areitiok lortzen duen bigarren domina da. 2012an brontzea lortu zuen ere, Leogang-Saalfelden hirian (Austrian).
Eskumuturra puskatu eta gero iazko denboraldira galdu zenuen. Aurten itzuli zara, eta nola gainera. Munduko Kopan podioan zaude momentuz, eta Munduko Txapelketan brontzea. Gustura?
Bai, negua oso gogorra izan da. Eskumuturra bere onera bueltatzeko asko aritu gara lanean, beste urtetan eginiko planteamenduak ere aldatu ditugu, entrenamenduak gehitu, indartu… Urte hasieratik ibili naiz podiumeko lehian, baina Munduko Txapelketa batean guztia da desberdina… Egun bakar batean dena duzu jokatzeko eta ez da erraza presioa bere mailan eramatea. Hala ere oso pozik egindako lanarekin!
Nolako txapelketa izan da zuretzat. Nola bizi izan duzu?
Txapelketa oso berezia da, urte osoko lanaren isla da guretzat. Nahiz eta Munduko Kopak tartean izan, garrantzi handiagoa du honek. Nik Kontxarekin parekatzen dut beti Munduko Txapelketa.
Iazko hutsunea eta gero, lehen urtea duzu Monty bizikletarekin. Bistan da ondo egokitu zarela, ez?
Bai, arazorik ez dugu izan bizikletarekin moldatzeko, primerako materiala da; berez ez dago aitzakiarik horri dagokionez. Oso gustura nabil.
Zer esan dizute Monty etxekoek brontzea eta gero? Gustura daude?
Bai, guztiz pozik daude eta zoriondu didate. Beraientzat ere pozgarria da ni berriro aurreko postuetan lehiatzen ikustea. Oso harreman estua dugu gure artean, eta eskertzekoa da hori.
Jaien aurreko asteburuan kanpoan egon zara. Entseguak, estropadak… galdu dituzu? Pena ematen dizu horrek edo ja ohitua zaude?
Etxetik ateratzen naizen momentutik gauza horiek alde batera uzten saiatzen naiz; ez da erraza baina egin beharreko gauza da. Pena da batzuetan horrelako gauzak alde batera utzi beharra, baina lehiaketaren parte da.
Noiz duzu hurrengo lehiaketa? Jaiez disfrutatzeko aukerarik izango al duzu?
Atzo [igandea] egin nuen buelta, eta astebeteko baimena daukat nahi dudana jan eta festez gozatzeko. Hori bai, hilaren 11an berriz ere jarriko gara buru belarri lanean, hilabete honen azkeneko asteburuan dudalako azkeneko Munduko Kopa Belgikan.
Ion Areitio, Munduko Txapelketako finalean