Udalak gaurko antolatutako ekitaldiaren deialdiaren edukia kritikatu du Nicolas Guerendiain elkarteak.Irundarrek estatu kolpearengatik alde egin zutela zehaztu du.
Nicolas Guerendiain elkarteko kideen agerraldia.
1936an ehunka irundarrek utzi behar izan zuten etxea Francok bultzatutako matxinadaren ondorioz. Etzi, gainera, 80 urte beteko dira Irungo sutea gertatu zela, eta urteurren seinalatu horren aurrean, ekitaldiak egingo dituzte egunotan. Bihar (ostirala), kasu, Irungo Udalak egingo du, 12:00etan, Etorbidearen zubian. Udalak ekitaldi hori “sutearen ondorioz euren etxea utzi behar izan zutenen oroimenez” prestatu du. Haatik, Nicolas Guerendiain elkarteak argi utzi nahi izan du etxea ez zutela horregatik utzi behar izan, baizik eta “legez ezarritako II. Errepublikaren aurka uztailaren 18an izan zen estatu kolpearen ondorioz”.
Mariabi Prieto eta Jon Hernandez Nicolas Guerendian elkarteko kideek ez dute udalaren deialdia seriotzat hartu, eta haren jokabidearen arrazoia ez dutela argi esan dute:?”Konfiskatzea, isunak, errepresioa, hilketak… badakigu zergatik gurutzatu behar izan zuten irundarrek zubia, baina badirudi, oraindik, 80 urte igaro ondoren, egia esateko beldur garela edo beharbada ez zaigula interesatzen”.
Are gehiago, “iraingarria” dela iritzi diote, udalak inoiz etxera itzuli ezin izan ziren pertsonak aipatzean “hainbat arrazoiengatik” ezin izan zutela egin esatea. “Oso arrazoi garbia zegoen euren etxeetara ezin itzultzeko II. Errepublikaren balio demokratikoen defentsa”.
Irailaren 4ko sutearen aurretik ere, hainbat irundarrek faxisten kontra borrokatu zutela gogorarazi du elkarte errepublikanoak, eta abuztuaren 11n Pikoketan hildako lagunak aipatu dituzte, Evaristo Larrañaga, Florencio Iratxeta eta Nicolas Guerendiaian besteak beste.
Bestalde, udalari gogorarazi dio frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilaren aldeko mozioa onartu zuela 2013ko abenduaren 26an, “hori ez da bakarrik bozkatzea eta sinadura jartzea; horren arabera jokatu behar da”.
Gaurko udalaren ekitaldian parte hartuko duela jakinarazi du elkarte errepublikanoak, eta hori baliatuko dutela esan duten euren desadostasuna agertzeko.
Igandean, Sare Antifaxistarena
Nicolas Guerendiain elkarteak ere ez du hutsik egingo Sare Antifaxistak iganderako antolatu duen ekitaldian, ihes egin behar izan zutenen omenez. Santiago zubian izango da, 12:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan gogoraraziko dute zubia gurutzatu zutenak errefuxiatu bihurtu zirela: “Atzean utzi zuten, egun afganiarrek, eta beste herrialdetako herritarrek bezala, jazarpena, guda, heriotza eta izua”.
Ekitaldi horrekin bat egingo duela jakinarazi du Irungo EH Bilduk.