Errefuxiatuen kanpalekuan joste tailerra muntatzen ari dira Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak bildutakoarekin.
Boluntarioak eta Emekiko kideak aritu dira materiala sailkatzen
Hemezortzi makina, bi plantxa, eta 30 kaxa baino gehiago askotariko materialekin beterik. Hori da Katsikasko (Grezia) errefuxiatuen kanpalekuan Olvidados gobernuz kanpoko erakundea muntatzen ari den joste tailerrerako Hondarribiko boluntario taldeak herrian bildu duena.
Uztailean zortzi makina bidali zituzten, horietako bost
Eibarko Alfa enpresak dohaintzan emandakoak. “Madriletik trailerra ateratzekoa zela eta joste makinak behar zirela esan ziguten —adierazi du Izaskun Eizagirre boluntario taldeko kideak—, eta ate joka hasi ginen. Egun batetik bestera zortzi makina lortu genituen eta Madrilera bidali. Dagoeneko Katsikasen daude horiek”.
Eta joan den astean bilketa publikoa egin zuten Hondarribiko boluntarioek, Katsikasko tailerra osatzeko. Oraingoan, denetarik jaso dute: makinak, plantxak, oihalak, botoiak, orratzak eta jostorratzak, kremailerak… Emeki emakume elkartearen egoitzan egin zuten bilketa eta, beste behin, herritarren erantzunak aurreikuspenak gainditu dituzte. “Hamar makina ekarri dizkigute, eta hogeita hamar kaxa baino gehiago bete ditugu materialarekin, izugarria izan da”, erantsi du Maite Garciak.
Kanpaina handi bat
Datozen asteei begira kanpaina berri bat prestatzen dihardu Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak. Besteak beste, zozketa handi bat egin nahi dute eta herriko ostalari eta merkatariei hurbiltzen ari zaizkie laguntza eske. Aurrerago emango dute horren berri, baina “entzutetsua” izango dela ziurtatu dute.