Europako reggae jaialdi handiena da eta Benicassimen egingo da abuztuaren 13tik 20ra. Aurretik, Oiartzunen joko dute hondarribiarrek, xanistebanetan.
Luz de Putas taldea, O´Funkillorekin emandako kontzertu baten amaieran
Benicassim herrian (Castello, Herrialde Katalanak) egiten den
Rototom Sunsplash Reggae Festival jaialdiaren aurtengo edizioan joko du
Luz de Putas talde hondarribiarrak. Generoko talde onenek jotzen dute bertan, eta egitaraua osatzeko talde gonbidatuak lehiaketa bidez aukeratzen dituzte antolatzaileek. Mundu mailako taldeak aurkezten dira lehiaketara eta horien artean aukeratu dute Luz de Putas, aurtengo Rototomera joango den Euskal Herriko talde bakarra.
Munduko reggae jaialdirik handienetakoa da Rototom. 1994an hasi ziren egiten Udinen (Italia), baina 2010ean Benicassimera mugitu zuten. Hamar egunez egiten da eta, kontzertuez gain, ekitaldi paralelo ugari antolatzen dituzte. Besteren artean, Unescoren onarpena izan du, zabaltzen dituen baloreengatik.
Rototom Sunsplash jaialdiaren aurtengo ekitaldia abuztuaren 13tik 20ra egingo da eta Luz de Putasek abuztuaren 15ean joko du, astelehenez, ska taldeak bilduko dituen Showcase eszenatokian. Egun horretan Kabaka Pyramid, Meta & the Cornerstones, Morgan Heritage eta Alborosie bandek joko dute jaialdiko eszenatoki nagusian. Horiekin batera, Manu Chao, Damien Marley, Inner Circle, Big Montain eta Tarrus Riley bezalako izarrak bilduko ditu aurtengo egitarauak.
Abuztuaren 2an, Oiartzunen
Benicassimera joan aurretik Oiartzunen izango dira hondarribiarrak, xanistebanetako lehen egunean. Agenda kontuagatik bi urtez ezetz esan behar izan diote Oiartzungo Udalari eta, horregatik, “Oiartzunen jotzeko gogo handiz” daudela esan dio Mikel Tife abeslariak HITZAri. Gainera, duela urte batzuk gaztetxean jo zuten eta “oso gustura” ibili zirela gaineratu du Tifek.