Ostiralean hasiko da zesta punta denboraldia Jostaldi pilotalekuan. Aurten ere, kirola eta gastronomia bateginik azalduko dira.
Hondarribiko pilota eskolako puntistetako batzuk egon dira aurkezpenean
Hamar urte beteko dira aurten Jostaldi pilotalekuan profesionalen zesta punta partidak antolatzen hasi zirenetik. Hamar urte zestarekiko konpromisoa berretsiz, eta urte batzuk jada kirola eta gastronomia formularekin hasi zirenetik. Arrakasta ikusita, aurten berriro errepikatuko dute formatua.
Gaur aurkeztu dute 2016ko udako denboraldia udaletxean, eta bertan egon dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Mikel Egiguren puntista eta Jai Alive enpresako ordezkaria, eta Iñigo Salaberria Hondarribiko Pilota Eskolako presidentea. Haien atzean, pilotariz jantzita, eskolako dozena bat ume.
Aurten hamargarrenez jasoko ditu Jostaldik profesionalen zesta punta partidak eta, alkateak nabarmendu duenez, zaila da egun imajinatzea zesta punta jaialdirik gabeko uda Hondarribian. Urtetik urtera jende kopuruak gora egiten duela erantzi zuen Sagarzazuk: “Iaz 5.000 pertsona hurbildu ziren goi mailako ikuskizunaz gozatzera”.
2015ean saldutako sarrera kopuruak erakusten du zesta punta eta gastronomia eskutik eramateko ideiak arrakasta izan duela. Egigurenen hitzetan, aurten ere ikuskizuna bermatuta dago udako ostiraletan, eta herriko jatetxeen ekarpena eskertu du: “Hondarribia Jai Alai World Tourreko plazetako bat izango da hamargarren urtez, eta horrez gain gastronomia mailan herriko jatetxerik onenak izango ditugu; ondorioz, ostiraletako plana oso interesgarria izango da”.
Udako lehen txapelketa hori izango da,
Jai Alai World Tourra, ostiral honetatik bertatik. Profesionalen partiden aurretik “amateur onenak” lehian ikusteko aukera izango da. Ostiralero 20:00etan hasiko dira jaialdiak, eta lehen eta bigarren partiden artean izango da gastronomia dastaketa.
Alde soziala, ezinbestekoa
Kirola eta gastronomia, goi mailakoa bata zein bestea, bi elementu horiek uztartu dituzte uda bukatu arte Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan programatuko dituzten zesta punta jaialdiak. Baina bi elementu horiek ezinbestekoa dute hirugarren bat, alde soziala. Izan ere, Hondarribiko Pilota Eskolako presidenteak gaurko aurkezpenean argi utzi duenez, “pilota eskolako aita, ama eta haurrek, bakoitzak ekarpena eginez, eskolako familiek egiten dute posible dena ongi ateratzea”.
Gainera, kirolaren sustapenik gabe profesionalak ekartzea “logikarik ez lukeela” adierazi du Salaberriak. Horregatik, udako jarduerak eskolarentzat “urtean zehar materialik onena, teknifikazio onena” izateko balio duela gehitu du. Eta urte gutxi barru eskolatik sortutako puntista profesionalen bat izango duela iritzi du.
Jatetxe laguntzaileak
- Hotel Jauregui eta Enbata jatetxea
- Abarka
- Txantxangorri
- Alameda jatetxea
- Batzokia
- Hotel Atalaia
- Laia Erretegia
- Arroka Berri