Hondarribiko boluntarioek hitzaldia emango dute Irungo 'Ongi Etorri errefuxiatuak!'. Datorren astean, Hendaiako Irakurraldian ere izango dira.
Emakume boluntario bat, errefuxiatuei scoobi doo pultserak egiten irakasten
Hondarribitik Greziara bidalitako arropa banatu zuten emakumeek Irunen kontatuko dute Katsikaseko kanpalekuan bizitutakoa.
Ongi etorri errefuxiatuak! goiburuarekin,
errefuxiatuen egoera salatzeko ekitaldiak egingo dituzte asteburuan Irungo Zabaltza plazan, eta antolatutako ekitaldien artean, Emeki elkarteak abiatutako kanpaina landuko dute emakume boluntarioetako batzuk.
Arropa banatzeaz gain, askoz ere gauza gehiago egin zituzten han, eta errefuxiatuekin harreman handia egin zuten, batez ere haurrekin. besteak beste, haurrak bainatu, jolasak erakutsi, eta boluntarioen biltegia txukuntzen aritu ziren. Horretaz guztiaz mintzatuko dira igande eguerdian Zabaltza Plazan, 12:00etan.
Greziatik itzuli zirenetik ez dira gelditu Katsikasera boluntario bezala joandako hondarribiarrak. Batetik,
#HondarribitikGreziara abentura kontatzen ari dira han eta hemen. Dagoeneko hainbat komunikabideetan izan dira, eta herrian bertan zer egin aztertzen ari dira Emeki elkartearekin batera.
Eta datorren asteazkenean, Hendaiako Akelarre elkarteak urtero antolatzen duen Irakurraldian parte hartuko dute boluntarioek. Aurten errefuxiatuen gaia landuko dute eta Karlos Zurutuzaren
Tripoli-Kabul liburuaren irakurketa publikoa egitez gain, errefuxiatuekin harremana izan duten kazetarien testuak irakurriko dituzte, horien artean Katsikasetik bidalitako kronikak. Horrez gain, solasalditxoa ere izango da Hondarribiko boluntarioekin, baina oraindik zehaztu gabe dago zein ordutan.
Familiak ekartzea helburu
Katsikaseko familia hauskorrenetako batzuk Gipuzkoara ekartzeko mugitzen ari dira Hondarribitik Greziara joandako boluntarioak, Katsikasen lanean ari diren boluntarioekin koordinatuta. Batez ere gaixorik dituzten umeen familiekin hunkituta itzuli ziren boluntarioak, eta haien alde mugitzen ari dira. Zenbait urrats egin dituzte, baina diskrezioz ari dira lan egiten.