Gerrako haur hautsiak
Katsikasko errefuxiatuen eremuko haurrak marrazten edo elkarren artean borrokan hasten direnean, barnean pilatu duten oinazea azaleratzen dute.
(maiatzaren 20an BERRIA egunkarian argitaratutako erreportajea)Siriako gerra hasi zenean, gizonezkoak izan ziren lehenak alde egiten. Aurten, joera aldatu egin da; Greziara iristen saiatzen direnen artean, hamarretik sei emakumeak eta haurrak dira. NBEren arabera, 200 adingabe hil dira bidean. Katsikas lehen aldiz zapaltzen duenari deigarria egiten zaio haur kopurua. 400etik gora dira. Sarrerako langa gainditzen duenak laster batean izango ditu dozenaka ume inguruan. Katsikasko kanpalekuan, 1.050 pertsona bizi dira, eta haietako bakoitzak bere drama eraman du haraino, motxilan sartuta. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera, 2015. urte hasieratik aurtengo martxo erdialdera arte 1.000.357 iheslari iritsi ziren Greziara, gehienak Siriatik, Afganistandik eta Iraketik ihesi. Beste milaka asko dira errefuxiatu izateko eskubidea ukatuko dien kontinenterako bidean direnak. Iheslarien soslaia ere aldatu egin da azken urteetan. Siriako gerra lehertu ondorengo exodoaren lehen hilabeteetan, iheslarien gehiengoa gizonezko helduak ziren: hamarretik zazpi. Baina, aurten, joera nabarmen irauli da. Greziara babes eske iritsi direnen %60 emakumeak eta haurrak dira. Nazio Batuen Erakundeak berak jakinarazi du urteko lehen hiruhilekoan 500 lagunetik gora hil zirela Mediterraneoan, eta horietatik 200 baino gehiago adingabeak zirela. Gerrak hautsitako haurrak daude Katsikasen. Bonbetatik ihes egin behar izan dutenak. Katsikasen, baina, ez dute paradisua aurkitu. Martxo hasieran sortu zuten kanpalekua, garai bateko aerodromo militar batean. Harrobi batetik harriak hartu, zelaian banatu, eta haien gainean zorurik gabeko 250 denda jarri zituzten militarrek; bana familia bakoitzeko. Greziako beste lekuetatik eraman zituzten errefuxiatuak, autobusetan sartuta. Eremura iritsita, behartuta jaitsarazi zituzten autobusetatik, ez zutelako han geratu nahi. Harrizko infernua da Katsikas; euria egiten duenean, ura dendetan sartzen da, eta, eguzkiarekin, sugeak eta arrabioak azaltzen dira harrietatik. Familia puskatuak Gerrak bezala, ihesaldiak ere familia asko hautsi ditu. Houda Mdalelen —ez du bere benetako izena eman nahi— sendiak jaioterritik alde egitea erabaki zuenean, 12 urteko semea bidali zuten aurretik, bidea presta zezan. Austriara iritsi zen mutikoa, eta haren atzetik abiatu zen ama, beste bost seme-alabekin, horietako bat jaio berria. Baina Greziara iritsi, eta mugak itxita aurkitu zituzten, eta ez aurrera ez atzera geratu ziren. Mdalel ezin izan da 12 urteko semearekin elkartu, eta ez du zama hori gainditzen lagunduko dionik, senarra eta bi seme nagusiak Sirian geratu direlako. Harrien gainean jarritako alfonbra zahar baten gainean egiten dute lo Houdak eta haren bost seme-alabek. Greziako militarrak daude Katsikasen, baina ez dute inolako harremanik errefuxiatuekin. Boluntarioek kudeatzen dute kanpalekua. Madrilgo Los Olvidados erakundea da iritsi zen lehen taldea, eta, Olga San Martin arduradunak azaldu duenez, haien ahaleginak haurren drama arintzea du helburu hein handi batean: «Asko sufritu dute hona iritsi aurretik, eta hemen ere sufritzen jarraitzen dute. Harri gainean egiten dute lo, eta ez dakite noiz arte. Hemen, haurren lagunak izateko aukera dugu, eta, haientzat, botika ona da hori». Isidora Manero kanariarrak ere boluntario lana egiten du kanpalekuan; haurrentzako sortu duten jolastokiaren arduraduna da. Leku horretan, sentimenduak jolasen bidez edo marrazkietan azalarazten dituzte haurrek. Oso sentimendu latzak dira: «Marrazki horiek ikusten ditudanean, ume batek kontatzen dizunean bere ama itsasoan ito dela, edo beste batek nola ikusi duen bere aitari buruan tiro bat ematen, momentu ikaragarriak dira, barru-barruraino iristen direnak. Ezin da imajinatu ere egin haur hauek zer ez duten ikusi behar izan, zer pasatu duten, zer-nolako oinazea duten barruan». Horren guztiaren ondorioa da, Maneroren hitzetan, haurrek izugarrizko amorrua eta bortizkeria dutela barruan: «Oso deigarria da, edozein txorakeriagatik hasten dira borrokan edo elkarri harrika. Eta ez dira izaten guk ezagutzen ditugun haurren arteko borrokak bezalakoak, ez. Lepotik heldu, saihetsetan ukabilkadak eman, min handia egiten diote elkarri. Umeen borrokek oso ondo adierazten dute bizi izan dutena. Ezin da ahaztu haurrak baino ez direla, eta euren bizitzan ikusi duten gauza bakarra egiten ari direla, borrokan ibili». Horregatik dio ezinbestekoa dela haur horiei arreta psikologikoa eskaintzea: «Zalantzarik gabe, psikologoak behar dituzte. Psikologo talde handia behar da hemen, haurrek barnean daukaten bortizkeria, amorrua eta etsipena tratatzen eta bideratzen jakingo dutenak». Bitartean, boluntarioen lana oso inportantea dela deritzo. Haurren egoera hori hobetzen lagundu dute azken hilabeteetan errefuxiatuekin elkarlanean eraikitako azpiegiturek. Martxoan kanpalekua sortu zutenetik egindako urratsak nabarmendu ditu San Martinek: «Herrixka batek behar dituen azpiegiturak sortzen ari gara pixkanaka, baliabide oso gutxirekin: eskola, jolastokia, sukaldea, haurrak bainatzeko gunea, emakumeentzako hammam bainuak, arropa banatzeko denda —doakoa da—, te zerbitzua…». Eskolak jomugan Nazio Batuen Erakundeak aste honetan bertan argitara emandako txostenaren arabera, gatazka armatuetan eskolak eta ospitaleak jomuga dira, eta gerra krimena da hori. Sirian, 60 eskolari eraso zieten, 2014an. Afshan Khan Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko larrialdi programetako zuzendariaren hitzetan, umeen eskubideen kontrako urraketa larria da eskolei erasotzea: «Haurrak hil egiten dira, hain justu, babestuak egon beharko luketen lekuetan». Armadak, miliziek edo talde armatuek errekrutatzea da adingabeek jaioterrian izan ohi duten beste arrisku bat. Al-Nusra Fronteak 500 haur errekrutatu ditu apiriletik. Iblib eta Alepo inguruko adingabeak jasotzen dituzte, eta, armen trukean, opariak ematen dizkiete, baita hilean 100 eta 400 dolar artean ere. Segurtasun Kontseiluak iazko ekainean baieztatu zuen talde armatuek 271 mutil eta zazpi neska errekrutatu zituztela Sirian. FSA Siriako Armada Askea, YPG Herriaren Babeserako Unitateak, EI Estatu Islamikoa eta Al-Nusra Frontea aipatzen ditu txostenak. Haurrek bere baitan gordetzen duten drama, bada, itzela da. Imajinaezina da ihesaldia abiatu aurretik eta bidean bizi izan dutena. Gerratik ihesi sorterria atzean uzten duten hamarretik lau haurrak dira, haur batek inoiz ikusi beharko ez lukeen sufrimendua barneratuta abiatu diren umeak. Ororen gainetik, beraz, laguntza psikologikoa behar dute haur errefuxiatuek. Eta bidean ez dute behar horri erreparatuko dion kanpalekurik aurkituko. Hori gabe, etorkizuna ere ukatzen ari zaie haien herrialdetan haurtzaroa lapurtu dieten haurrei. Gaixo daudenen egoera Euskal Herritik Katsikasera joandako boluntarioek haur errefuxiatuen amesgaiztoen lekuko izan dira. Hondarribitik zazpi boluntario abiatu ziren bi trailer bete arropa eta janarirekin. Erakunde handien presentziarik gabe, lan handia egin behar izaten dute Katsikasen. Eta une hunkigarriak bezain gogorrak bizi izan dituzten. Iluntze batean, apartamentura bidean zirela, 8 bat urteko neskatila hurbildu zitzaien, emakumeei «mama» eta gizonari «papa» esanez. Inguruan haur gehiago bazirenez, neskatila ere jolasean zebilela pentsatu zuten, autoko maletategian sartu zitzaien arte. Orduan ohartu ziren serio ari zela, haiekin Euskal Herrira eramateko eskatzen ari zitzaiela. Kostata atera zuten autotik. Azkenean, bere nahia beteko ez zela ikusirik, autoaren ondoan geratu zen gidariari begira, mugitu ezinik. Ez dute inoiz ahaztuko neskatila umezurtz hura ezagutu zuteneko unea, ezta haren malko isilek hautsarekin zikindutako aurpegian utzitako arrastoa ere. Gaixotasun larriak dituzten bi haurren kasuekin itzuli dira bereziki hunkituta. Matei mutiko siriarrak 5 urte ditu, garun paralisia dauka, baina oraindik ez dauka diagnostikorik. Ahmedek, berriz, gibel eta giltzurrun arazoak ditu. Boluntarioek bi ume gaixo horiek eta haien familiak ekarri nahi dituzte Hondarribira, eta xede horrekin hasi dira mugitzen. Eskaera horretan beraiekin bat egin du Maribel Gartzia pediatra eta Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak: «Ume eta heldu guztiak atera behar dira, hangoak ez direlako inor bizitzeko baldintzak. Eta are eta gutxiago gaixorik dauden haurren kasuan. Errefuxiatuen artean haurrak hauskorragoak dira, eta, horien artean, zer esanik ez, gaixorik daudenak». Mateiren kasuan, kanpalekura iritsi zenetik —sei aste dagoeneko— ezin izan dira dendatik atera, Olvidados erakundeko arduradunaren arabera: «Aste honetan lortu dugu aulki bat harentzat; Madrildik ekarriko dute, baina oraindik ez da iritsi», jakinarazi du San Martinek. Gartziaren arabera, umearen bizitza asko hobetuko litzateke handik ateraz gero: «Janari berezia behar du, higienea, estimulazioa, arreta. Sendatu ez, baina bizitza kalitatea asko hobetu daiteke, eta baita bizitza bera ere, han edozein infekzio askoz larriagoa izan daitekeelako». Izan ere, psikomotrizitatea lantzeko aukerarik gabe, giharrak ahultzen ari zaizkio haurrari, eta kanpalekuan biriketako infekzio bat hartzea erraza da. Ahmed umearen kasua ere nabarmendu du Gartziak: «Tratamendua jarriz gero, agian sendatzeko aukera izango du. Ez dakigu zer duen, izan daiteke fibrosi kistikoa, gibeleko infekzio bat, auskalo. Baina tratamendua jarriz gero, akaso, bizitza normala egiteko aukera izan dezake».