Filippiada herriko kanpalekua ezagutzeko aukera izan dut gaur. Hondarribiko materialetik zati bat ekarri dugu, behar dutelako.
Filippiada herriko kanpalekuan ere banatuko da Hondarribiko arropa
Esnatu garenean eguzkitsu zegoen, baina kanpalekura iritsi orduko lainotzen hasi da. Eta hodeiak sartzearekin batera giroa ere goibeldu da Katsikasen. Palestinarren eta kurduen arteko arazo bat egon da, eta siriarrak kurduen alde batu dira. Bada errefuxiatuen artean arazoak sortzen dituen talde bat, eta poliziak ezer egiten ez duenez, arazoa konpontzeko asmotan egin dute hitzordua. Ehunetik gora lagun abiatu dira eskutan makilak, burdin puskak, atxurrak, eta abar zeramatela.
Ez da erraza izan borrokaldia geratzea —edo atzeratzea, zeinek daki—, baina lortu da, boluntarioen, PKK erakundeko komandante ohi baten eta siriarren imanaren ekimenez batez ere. Greziako kanpaleku asko polborinak dira, eta horrelako liskarretan diplomazia erabiltzen dakien jendea egotea ezinbestekoa da, poliziak eta militarrek ez baitute interbenitzeko inolako asmorik. Beraiek ez dituzte errefuxiatuak maite, eta gu ere gaituzte gogoko. Gaur identifikatu gaituzte —orain arte ez dakit nola, baina libratu gara—, eta berriro esan didate ezin direla argazkiak atera kanpalekuan. “Of course, kalimera”, erantzunez joan naiz gaur ere.
Gaur bagoaz etxera, gauean. Baina asko falta horretarako. Hondarribiko emakumeak Katsikasen geratu dira, hainbat lan egiteko, haurrak bainatu, eskolan lagundu… Gaur ez da arroparik banatuko, ez da segurua.
Ni Filippiada herriko kanpalekura etorri naiz, Olvidadoseko Jorge Martinekin eta Lighthouse erakunde suitzarreko kide batzuekin. Eremua ezagutzera etorri gara, baina Hondarribitik ekarritako arropa eta elikagai batzuekin bete dugu furgoneta, Filippiadatik eskatu digutelako. Errepidea ez da ona, baina paisaia izugarri polita. Hustu dugu furgoneta eta kanpalekuan bueltatxo bat eman dugu.
Badituzte behar batzuk, eta horiek betetzen lagunduko diete Katsikasetik. Baina, nahiko lukete hangoek hemen bizi, Filippiadan. Behintzat, hemengo dendetan. Ordea, Katsikaseko bihozberotasuna ez dugu hemen aurkitu, ezta antzik ere.
Laster itzuliko naiz Katsikasera, eta bueltako bidaia prestatzen hasteko ordua izango da. Lagun asko utziko ditugu Grezian. Nahiko genuke gurekin batzuk eraman ahal izatea, baina ezin dugu.