Gaur, asteazkenez, hasiko dira arropa banatzen. Familiaz familia egingo dute, dendaz denda.
Jende pila batek lagundu du kamioiak husten, baita errefuxiatuek ere
Hasi eta bukatu. Atea ireki, kaxak jaisten hasi, eta txukundu, dena bat izan da, hasi eta bukatzeraino. Errefuxiatuentzako Hondarribian bildutako arropa guztia lurrean da, baita bigarren kamioia betetzeko falta zen hutsunea osatzeko lortutako materiala: janaria, eguzkitarako kremak, pixoihalak eta konpresak, altzariak egiteko egurrak, ur deposito bat, herramintak…
Kostako zaie Katsikasko boluntarioei hondarribiarren abentura ahaztea, lehen aldia izan baita herri ekimen batek laguntza ez ezik laguntza banatzeko boluntarioak bidali dituela. Eta kazetari bat kronika idazteko, hori ere.
Bihar hasiko dira banaketa egiten, dendaz dena, familiaz familia. 250 familia inguru bizi dira Katsikasen, mila pertsonatik gora, gehienak siriarrak, baina badira Afganistan, Armenia, Kurdistan eta Palestinatik etorritakoak ere. Denek behar dute Hondarribitik Greziara bidalitako arropa.