Zartakoaren erritmoan, Jaion
Lakaxitak antolatuta, XIII. Jaion izango da bihar Irunen; urtero legez, antolatzaileek musika eszenaren berritasun erakargarriekin osatu dute mozorro festaren egitaraua.
Eraisterik ez
Biharkoa XIII. Jaion izango da. Lakaxitak antolatzen du urtero «jai sortzaile, alai eta aldarrikatzailea», Irungo «kale grisak okupatu eta eztitzeko» asmoz.
Festaren bidez, aurten, udalak etxe autogestionatua ez eraistea erabaki berri duela ospatu nahi dute Lakaxitakoek.
«Ekintza soziopolitiko eta kulturalez beteta egon diren 11 urte hauek badira nahiko bere inguruan gauzatuko den berrantolaketa urbanistikoan espazio honen finkatzea eskatzeko», baieztatu dute Lakaxitako kideek.
Lakaxita eraistea aurreikusia zuen Irungo Udalak orain gutxi arte, San Miguel-Anaka hirigintza operazioaren harira. Baina, gune autogestionatuaren biziraupenerako lan egingo dutela agindu diete udal ordezkariek, lehengo martxoan, Lakaxitari bizia ematen dioten pertsona eta kolektibo sozial guztien ibilbidearen eta lanaren aitorpen esplizitua eginez. Lorpena ez da makala. Bihar badute zer ospatu.
XI. urteurrena
Ospatzeko beste arrazoi bat ere badute eta horregatik, bihar, bi ospakizunek egingo dute bat Irunen. XIII. Jaion ez ezik, Lakaxitaren XI. urteurrena ospatzeko jaia ere izango da biharkoa. «Gogoratu beharra dago 11 urte hauetan Lakaxita Irungo gazteen eta kulturaren erreferente garrantzitsua izan dela», nabarmendu dute Lakaxitako lagunek.
Irungo gune autogestionatuan, antzerki, kontzertu, tailer, ikastaro eta hitzaldi asko antolatu dituzte azken urteotan, eta horrez gain, etxea, kolektibo ugariren topaleku izan da.
Feminismoa, maskulinitate ereduak, etxegabetzeak, proiektu txikitzaileak, ingurumenaren defentsa, kultur aniztasuna, … kezka eta iniziatiba ugarik izan dute akuilu Lakaxitan, etxea kudeatzen duten lagunek ohartarazi dutenez, «Lakaxita gizarteak ukatzen dituen adierazpen, ekimen, ideia eta pertsonen gunea» delako.
Harro daude Lakaxitakoak beren jardunak izan duen bilakaerarekin: «Urtez urte gure ereduaren balioa baieztatzen dugu», esan dute, eta, «krisi garaietan» beren balioak sustatu beharra dagoela aldarrikatu dute: «Asanblada eta autogestioa, pertsonen independentzia eta kolektiboen garrantzia».
Horregatik,norabide berean urratsak egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute, «gauzatu diren ametsak asko direlako, baina betetzeke direnak beste hainbeste».



