Hilaren 29an aterako dira Albaniako mugara. Kamioietako batean Oarso Bidasoko HITZAko kazetari bat joango da, eta bidaiaren kontakizuna egingo du.
Azkenean hilaren 29an, ostiralez, aterako da Greziarantz Hondarribiko Emeki elkarteak errefuxiatuentzako bildutako arropa. Katsikako kanpalekura eramango da, Greziak Albaniarekin duen mugatik gertu. Bi trailer bete dira, eta biak batera bidaliko dituzte. Horietako batean Oarso Bidasoko HITZAko kazetari bat joango da, eta bidaiaren eta arroparen banaketaren kontakizuna egingo du. Lezon egoitza duen Echemar garraio enpresak jarri ditu bi kamioiak eta bidaiaren gastu guztiak bere gain hartuko ditu.
Bidaliko den arroparen banaketa
Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin egingo da, baina
Hondarribitik joango diren boluntarioek egingo dute. Katsikan lanean ari da Olvidados, eta trailerrak iristen direnerako banaketa nola egin antolatuko dute hondarribiarrekin.
Egoera okerrenean dagoen kanpalekuetako bat da Katsikakoa, eta beharrak oso handiak dira bertan, arropa, janaria, boluntarioak, medikuak… ia denetik behar dute. Garai bateko aireportu militar batean antolatutako kanpalekua da eta martxoa bukaeran 1.500 errefuxiatu inguru biltzen zituen, baina azken asteetan iheslari asko ari dira beste eskualdeetatik iristen, autobusetan. Greziako ejerzitoaren arabera, 5.000 lagun jaso ditzake Katsikak, baina euria egiten duen aldiro urez betetzen da, eta baldintzak oso txarrak dira, errefuxiatuek telazko dendetan bizi behar dutelako.
Baldintza txarrenetan dagoen kanpalekuetako bat da Katsikakoa
Sekulako arrakasta
Emeki elkarteak martxoan arropa bilketa abiatu zuenean, helburua kamioi bat betetzea zen, baina ia bi trailer bete dituzte. Erantzuna itzela izan da, bai herrian, baita kanpoan ere. Maite Garcia izan da kanpainaren koordinatzailea eta onartu duenez, Irundik eta Oarsoaldetik jende asko joan zaie, baita urrutiagotik ere; Iruñetik, esaterako,
furgoneta eta erdi bete arropa ekarri zuten.
Bigarren trailerra betetzeko falta zena, Intxaurrondoko Zaporeak elkarteak bete du janariekin. Errefuxiatuentzako eta boluntarioentzako otorduak prestatzen ari da Zaporeak Grezian (
irakurri Oraitz Garcia kideari eginiko elkarrizketa). Kios irlan ari dira lanean Intxaurrondokoak, baina Katsikako beharrak ikusita, bertan beste sukalde bat jartzeko proiektua lantzen ari dira.
Bidaiaren kronika Twitterren jarraitzeko:
#HondarribitikGreziara