Hondarribiko sei boluntariok bermatuko dute arropa errefuxiatuei banatzen zaiela
Hondarribiko sei emakume joango dira datorren astean Greziara, Emeki elkartearen bilketan bildutako arropa errefuxiatuei banatzeko.
Marije Zapirain da boluntario horietako bat. Beste bost herrikideekin batera, Atenasera bidaiatuko du, eta hortik banaketaren lekura mugituko dira sei hondarribiarrak, eta kamioia iristen denerako banaketa antolatuko dute. Arropa biltzeaz gain, banaketa ere Hondarribitik zaindu nahi zutela jakin zuenean, joateko erabakia hartu zuen Zapirainek: “Emekik jakinarazi zuenean behar hau betetzear zegoela, lagunen artean pentsatu genuen hau izan zitekeela gure ekarpena”.
Elkartasun kanpaina askotan zalantza izaten da bildutako materiala edo dirua iritsiko ote den. Hori horrela, prozesu osoaren gardentasuna zaindu du Emeki elkarteak. Batetik, banaketa boluntarioen bidez egingo da, Grezian zain dituzten erakundeen laguntzarekin. “Lehenik eta behin, bermatu Hondarribitik aterako den kamioia Atenasera edo uhartetara ailegatuko dela, hori da gure helburua —azaldu du Zapirainek—. Bertan, kontaktuko taldearekin elkartu. Eta ondoren haien esanetara jarriko gara. Emekiren ardura nagusia zera da, kanpainaren helburua beteko dela. Hori izango da gure lana nagusiki”. Bestetik, Hondarribiko Hitzak bidaia egingo du kamioian, eta bidaiaren eta banaketaren kontakizuna egingo du.
Oraindik ez dute zehaztu arropa non banatuko den; datozen orduetan hartuko dute erabakia, Emekirekin harremanetan dauden gobernuz kanpoko erakundeen beharren arabera. Zein kanpalekura joango diren ez dakite oraindik, ezta noiz aterako diren ere, eta horregatik urduri dago Zapirain, baina mentalizatuta: “Emeki lan handia egiten ari bada ere, egoera hain larria da, egun batetik bestera gauzak aldatzen ari direla. Mentalizatuta gaude ez goazela plazereko bidai batera. Emekik esaten digunean, prest, bidai eta egonaldia kontratatu eta aurrera”. Hegazkinez bidaiatuko dute eta bakoitzak bere bidaia eta gastuak ordainduko ditu. Izan ere, kanpainan jasotako diru guztia arropa erostera bideratu dute.