Hilaren 16an bazkari solidarioa egingo dute, eta haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Puntaleko egoitzan ari dira arropa jasotzen eta sailkatzen
Klink elkarteak bazkari solidarioa antolatu du hilaren 16rako, larunbata, Emeki emakume taldeak abian duen arropa bilketarekin bat eginez. Greziara iritsi eta iristen ari diren errefuxiatuentzako arropa biltzen ari da Emeki Hondarribian, eta bildutakoa kamioiez eramango da datozen asteotan. Denetarik ari dira jasotzen, baina barruko arropa erosi egin behar denez, diru ekarpenak ere behar dituzte.
Helburu horrekin antolatu dute bazkaria Klink elkartean. Martxoan ere egin zuten beste bat, Greziako irletan boluntario lanak egiten ari den Salvamento Maritimo Humanitario gobernuz kanpoko elkartearentzat dirua biltzeko; ia 3.000 euro bildu zituzten. Josema Nogueras Klinkeko arduradunak azaldu duenez, “pertsona horiek bizitzen ari diren egoera oso-oso gogorra da”, eta herritarrei dei egin die Hondarribian abian den elkartasun kanpainarekin bat egin dezaten.
Atzo bitan hustu behar izan zuten Puntaleko eskola
Hilaren 16ko bazkariaren txartelak honako lekuetan lor daitezke: Kai Alde gozodenda, Alzaga urdaitegia, Batzokia, Klink elkartea eta Emeki elkartea. Nagusiek 20 euro ordaindu behar dute eta haurrek 4 euro. Txikiklink haurtzaindegi zerbitzua izango da eta bertan bazkalduko dute haurrek.
Bazkarira joaterik ez duenak baina laguntza eman nahi duenak, Kutxabanken honako kontu korrontean nahi duen ekarpena egin dezake: ES05 2095 5039 90 1061338918. Bitartean, Emeki elkartean arropa bilduko dute igandera arte egunero, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Bilketa kanpainaren jarraipena Twitterren egiteko: #Hondarribitik Greziara