Emeki elkartea errefuxiatuentzako arropa biltzen ari da Hondarribian. Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteko boluntarioekin ari dira Greziarako bidaia prestatzen.
Hondarribian arropa biltzen ari dira Greziara iristen diren iheslarientzako. Emeki emakume elkartearen iniziatiba da, baina herri osoa inplikatzea lortu dute.
Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen laguntza izan du hasieratik Emekik, eta uneoro harremanetan daude. Martxoaren 1etik Chios irlan ari dira boluntario lan egiten donostiarrak, Zaporeak Grezia proiektuaren bitartez errefuxiatuentzako jatekoa prestatzen. Oraitz Garcia elkarteko kideak azaldu duenez, egunean 2.000 otordu banatu izan dituzte.
Martxoaren 1etik Chios irlan daude Intxaurrondokoak errefuxiatuei jaten ematen. Irudia atzokoa bertakoa da
Nola bururatu zitzaizuen Greziara joatea?
Lehenagotik murgilduta gaude beste Zapore Solidarioak proiektu batean, Etiopiako Wukro herrian, gastronomia eta ostalaritza eskola bat sortzeko asmoarekin. Abenduan horren balorazio bilera egin genuenean, eta ikusi genuenean gaia nahiko bideratuta geneukala, kideetako batek,
Zazpik, proposatu zuen Greziakoa. Hango irudiak ikusi zituenean ukitu zutela, zerbait mugitu ziotela, eta zerbait egin behar genuela esan zuen. Urtarrila erdialdera lehen taldea joan zen hara, eta proiektua prestatzen hasi ginen.
Zer dela-eta aukeratu zenuten Chios irla?
Lehenik eta behin ACNUR erakundearekin jarri ginen harremanetan, errefuxiatuen gaia kudeatzen duen elkartea delako. Gure lanerako jarrera erakutsi genien, baina ezezkoa eman ziguten, dirua eman nahi izanez gero baietz, eman genezakeela, baina lanik ez zutela onartzen.
Baina jakin genuen bazegoela Getariako sorosle talde bat, Salvamento Maritimo Humanitario, errefuxiatuei laguntza ematen ari zena, eta beraiengana jo genuen. Beraiek bideratu gintuzten Chioserantz. Guk bagenekien Lesbos irlan zegoela jende gehiena, baina Chiosen ere beharra zegoela abisatu ziguten, errefuxiatuak bertara ere iristen ari zirela. Orduan, egoera nola zegoen ikustera joan ginen.
Eta, zer da Chiosen aurkitu zenutena? Zein zen egoera?
Ezustekoa hartu genuen hasieratik. Ikusi genuen errefuxiatuak bazirela, eta errefuxiatuak hartzen zituztela, lo egiteko tokia ematen zietela, baina janariaren arloan ez zegoen lan handirik egina, eta errefuxiatuei jaten emateko beharra zegoela argi ikusi genuen. Finean, duten diruaren portzentai handiena xahutzen dute Turkiatik Greziarako itsas bidai horretan, eta gainera, dituzten baliabideak ez dira ezta ere oso zabalak. Chiosen ez zuten apenas jatekorik.
Bi talde aurkitu genituen, bertako talde bat, eliza ortodoxoarekin harremana zuena eta urteak zeramana errefuxiatuei jaten ematen, iristen hasi zirenetik; eta gero beste pertsona bat zegoen, Londresetik joandako indiar bat, gu bezala joan zena, ahal zuena egiteko, sukaldetxo batekin. Egoera hori ikusita bertan laguntza ematea erabaki genuen, gastronomiaren arloan dugun ezagutza bertakoen eskuetan jartzea.
Nola antolatu zineten Chiosen?
Gure hasierako asmoa, lehen bidaia horretan, gure sukaldea eta jantokia jartzeko tokia aurkitzea zen, baina ez zigun denborarik eman. Taldea itzuli zenean data bat jarri genuen berriro joateko, martxoaren 1a, eta esan genuen ‘daukagunarekin joango gara’. Eta egia esan, zorte handia izan dugu, bidelagun asko aurkitu ditugu. Fagor etxetresnak eta Lacor sukalderako tresneria enpresek sukaldea muntatzeko material guztia eman ziguten, eta beraiei esker lortu genuen sukaldea antolatzea.
Martxoaren 1ean furgoneta kargatu genuen Intxaurrondon eta sukalderako material guztia eraman genuen, janariaren zati batekin, hasteko. Gero janari gehiago bidali dugu pixkanaka-pixkanaka. Bai bertakoek eta baita Chiosen lan egiten ari diren gobernuz kanpoko erakundeek ikusi dute ez gindoazela edonola lanera, baizik eta fundamentuzko hornidurarekin, intentzio onarekin, eta laguntzeko prest joan garela hara.
Zer nolako gaitasuna duzue? Zenbat pertsonari jaten emateko moduan zarete?
Lehen bidaian ikusitakoaren arabera, 1.000 errefuxiatuei jateko asmoa genuen, gutxi gorabehera Chiosen zeuden errefuxiatuak. Baina gorabehera askoko bidaia izaten ari da, eta iritsi gara egunean 2.000 otordu prestatzera. Orain egoera asko aldatu da, Turkia eta Europako Batasunaren arteko akordioaren ondorioz, irla hustu dutelako. Hilaren 19an egin zuten, eta bakarrik errefuxiatu eremu bat mantendu dute, kartzela antzerako bat. Bitartean, ez ziguten lan egiten uzten, eta astebetez lortu dugu eremu horretan, hesiaren artetik, errefuxiatuei jaten ematea (
ikusi bideoa).
Baina orain ez digute hori ere egiten uzten, eta pixka bat geldirik gaude. Gure lana orain da gauetan iristen diren errefuxiatu gutxiei jaten ematea, baita bertan dauden boluntarioei ere, eta aztertzen ari gara lanean nola jarraituko dugun.
Penintsulara eraman dituzte errefuxiatuak?
Hori da. Hasieran, errefuxiatuek urratsetan egiten zuten bidea, Turkiatik Chiosera joaten ziren eta Chiosen Atenasera joateko ferrya hartzen zuten. Momentu batean Greziako gobernuak mugatu zuen ferry hori hartzeko txartel kopurua, eta 100 errefuxiatu joaten ziren egunean. Baina bat-batean erabaki zuten irla hustu behar zutela eta egun batean 1.000 txartel saldu zituzten. Horrela errefuxiatu gehienak penintsulara bidali zituzten. Apirilaren 4an deportazioak hasiko dira eta irlan gelditzen direnak Turkiara bidaliko dituzte.
Orain pentsatzen ari gara bi sukalderekin lan egitea. Bat, Chiosen, gure konpromisoa Chioseko biztanleekin delako, asko eskertzen digutelako eta ahalik eta laguntza handiena ematea eskatzen digutelako, eta oraindik erefuxiatuak iristen ari direlako. Baina egoera nola doan aztertuko dugu, eta buruan daukagu sukalde ibiltari bat, proiektua penintsularantz mugitzeko, ez Atenasera, jende asko egongo delako, baizik eta gure lana eraginkorragoa izango den beste nonbaitera mugitzeko.
Erraz esaten duzu hori guztia, irlatik penintsulara mugitu, sukalde ibiltari bat eraman… Zenbat pertsona zaudete Chiosen?
Sei pertsona gaude. Baina nabarmentzekoa da hasieratik euskal herritarren eta gipuzkoarren laguntza ezinbestekoa izan dela. Erakunderen batek laguntza eman digu, aldundiak furgoneta bat, Eusko Jaurlaritzak ere diru aportazio txiki bat eman zigun martxoaren 1eko bidai hori ondo egin ahal izateko, baina finean badakigu erakundeekin zer gertatzen den, laguntzak ez direla beti nahi bezain azkar iristen. Baina jendeak eman duen erantzuna, bai diruz, bai boluntario gisa joateko prestutasunez, uholde izugarria izan da. Gipuzkoa solidarioa dela argi geratu da.
Jendea badugu proiektua aurrera ateratzeko, zortzi bat pertsona ari gara horretan, karga handia da, baina jakiteak jendearen bultzada duzula laguntza ematen dizu jarraitzeko.
Oroitz Garcia, Intxaurrondon
Emeki elkartea jarri da zuekin harremanetan, arropa bildu nahi zutelako. Ikusi duzue hori Grezian, arropa behar dela?
Bai, beharra dago. Gaur bertan [asteazkenean] Chiosera deitu dugu egoeraz galdezka, eta arropa behar dela esan digute. Chiosen geratzen den errefuxiatu eremu bakar horretan arropa behar dute, errefuxiatuek iristen jarraitzen dute eta oso egoera txarrean daude. Hondarribitik jasotzen ari garen laguntza inportantea eta eskertzekoa da, guk gure ideia dugulako, baina gehiago behar direlako. Gu saiatzen gara errefuxiatuei euren bidaian zaporerik gozoena jartzen, eta denon artean egiten badugu errazagoa izango da.
Zalantza bat izaten da horrelako kanpaina bat antolatzen den aldiro. Iritsiko al da Hondarribian bildutako arropa?
Inolako dudarik gabe. Guk hasieratik hori izan dugu buruan eta badakigu komunikabideetan ateratzen diren gauzekin akaso jendea pixka bat mesfidati izan daitekeela. Baina gure sare sozialetan etengabe ari gara bideoak igotzen, laguntza ematen digun jende guztiak jakin dezan zer ari garen egiten, eman duten laguntza hori eta gugan jarri duten konfiantza benetakoa dela, ez dela utopia bat. Urte asko daramatzagu gauzak antolatzen, erakundeek babesa agertu izan dute gure beste ekintza batzuetarako, eta gastronomiaren munduan dabilen jendeak ezagutzen du Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen lana. Jendeak egiten ari garena ikusteko aukera duen heinean eta komunikabideetan agertzen ari den heinean, geroz eta laguntza handiagoa iristen zaigu, ikusten delako ez dela ezerezean geratzen.
Hondarribiarrei esaten diet lasai egoteko, arropa iritsiko dela. Jarraitzen dugu beharra izaten, eta hasieran esan bagenuen proiektua sei hilabeterako zela, saiatuko gara ahalik eta gehien luzatzen, ez dirudielako honek denbora epe motzean beheraka egingo duenik.
Hori hondarribiarrei. Aukera izango bazenu, Europako mandatariei zer esango zenieke?
Ez dakit zer eskatuko niekeen, baina itxura nahiko penagarria ematen ari dira egoeraren kudeaketarekin. Nahikoa pentsatua eduki beharko lukete ikusita herritarrak egiten ari diren lana eta greziarrek eman duten erantzuna errefuxiatuen arazoaren aurren. Akaso ari gara egiten gobernuak egiten ari ez diren lana. Aspaldiko albistea da errefuxiatuak jasoko zituztela; gerra bizi izan zutenean, Europako herrialde askoko errefuxiatu asko mugitu ziren beste herrialdeetara, eta beste herrialdeetan besoak zabalik jaso zituzten. Horrelakoetan memoria selektiboa izaten da eta ahazten da zuri lagundu zizutela. Orain beste batzuk datoz gerratik ihesean.
Arazoak luze joko du, ez da egun batetik bestera konponduko. Zuek lan handia egiten ari zarete Grezian errefuxiatuei jatekoa ematen, indar handia ari zarete jartzen. Noiz arte?
Hasierako konpromisoa sei hilabetekoa izan zen. Ikusita zein baliabide ekonomiko eta material genituen esan genuen dirua xahutzerekoan eta materiala agortzerakoan, ez genuela gure elkartea hipotekatuko beste batzuek egin beharko luketen lana egiteagatik. Gure asmoa da laguntza jasotzen dugun bitartean, poltsa dugun bitartean, bertan egotea eta behar den heinean laguntzea. Gure hasierako konpromisoa sei hilabetekoa izan zen, baina ez diogu ateak ixten luzatzeari, eta lehenago itxi beharko bagenitu gure jantokiko ateak, lehenago itxiko ditugu. Finean laguntza da, baina ezin dugu gurea hipotekatu gobernuek euren lana egiten ez duten bitartean.
Jarraitu Zaporeak proiektua Facebooken