Mikel Sarriegi: “Mesanotxean nuen liburua da ‘E, petrel!’”

Mikel Sarriegi Astrolabium

Julio Villar izango da Mikel Sarriegi antzezpenean

Julio Villar nabigatzaile donostiarraren E, petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburuan oinarritutako E, petrel! Julio Villarrekin solasean obra antzeztuko dute gaur Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Mikel Sarriegi hondarribiarraren Astrolabium Teatroa konpainiaren lana da, Sarriegik berak moldatua.

Iazko urrian gaztelaniaz estreinatu zuten Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta Itsas Etxean lehenbizikoz euskaraz antzeztuko dute. 20:00etan zabalduko dute oihala, eta sarrerak Itsas Etxeko leihatilan erosteko aukera izango da, emanaldia baino bi ordu lehenagotik.

Iaz sortu zenuen Astrolabium Teatroa. Zein helbururekin?
Hogei urte neramatzan antzerkian eta beti ibili naiz aktore lanak egiten. Nire talde propioa sortzeko momentua ailegatu zen, nik nahi ditudan antzezlanak egiteko. Berez, Astrolabium ni neu naiz. E, petrel! egiteko Alvarorekin [Garaialde] eta Iñakirekin [Dieguez] ari naiz, eta beste jende bat dago atzetik, teknikaria, argi diseinua egin diguna, eszenografia, jantziak eta guzti hori. Obra honetarako gauzatu da horrela egitea, eta hurrengorako agian bai, baina behar dudanaren arabera, akaso beste jende batekin egin beharko dut.

Antzerkiko irakasle, aktore, pailazo… Utziko al dizu Astrolabiumek denetarik egiten?
Irakasle bezala hamabost urte daramatzat Donostiako Zurriola antzerki eskolan klaseak ematen, eta jarraituko dut. Duela bost urte Hipo eta Tomax pailazo taldea sortu genuen, nik eta Joserra Fachadok, eta orain hori bukatu eta ni Astrolabiumekin hasi naiz. Espero dut ibilbide luzea egitea honekin, nik bakarrik sortutako zerbait delako, nik egin nahi ditudan gauzak egiteko, ahal dudan heinean, noski.

Proiektu pertsonala izanik, E, petrel! aukeratu izanak esan nahi bat izango du zuretzat.
Gertuko jendeak badaki zer suposatu duen E, petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburuak nire bizitzan. Gaztetatik harrapatu ninduen liburua da, hemen esaten den bezala mesanotxean nuena, eta historia horrek merezi zuen kontatzea.

Obrak ez du liburua goitik behera kontatzen, forma eman diozu. Zer bilatu duzu moldaketa egiterakoan?
Konturatu nintzen ez zitzaidala liburua bakarrik kontatzea interesatzen, baizik eta Julio Villarren pertsonaia. 1968an atera zen eta lau urteko bidaia egin zuen, hori da liburuak kontatzen duena, baina ordutik zer egin ote zuen Juliok? Ipuinen bukaeran esaten da gaztelaniaz, ‘eta pozik bizi izan ziren eta eperrak jan zituzten’. Eta gero zer? [Barre egin du]. Galdera bera nuen, ‘tipo honek zer egingo zuen?’.

Liburuan adierazitako filosofia horrekin jarraitzen ote zuen jakin nahi nuen, eta horrela bururatu zitzaidan egitea E, petrel! Julio Villarrekin solasean; elkarrizketa bat asmatu nuen, non lagun batek galdetzen dizkion bizitzako gauzak eta tartekatzen diren Mistral belaontzian egindako bidaiako pasarte batzuk.

Eta Villarrek. Ikusi al du obra?
Bai, orain arte bi emanaldi egin ditugu eta bietan egon da. Asko gustatu zitzaion, eta Hondarribira ere etorriko da. Ez daki euskaraz, baina etorriko dela esan dit. Elkarrizketa batean galdetu zioten, ‘zer egingo duzu bidaiatzeari utzi behar diozunean?’. Eta berak erantzun zuen: ‘Ez dakit, bizitzeko modu bat asmatuko dut, herrietatik ibiltzen, edo herrietan antzerkia eginez’. Eta begira, horrela bukatu du, herriz herri antzerkiarekin. Berak esan dit hau ere badela nire munduari itzulia, eta arrazoia du. Modu batean amets bat betetzen ari naiz.

Ostiralean [gaur] da euskarazko estreinaldia, etxean gainera.
Benetan pozik nago, hemen hasi nintzelako antzerkia egiten, Hondarribian. 1995ean herri antzerki bat antolatu zen, Lurdes Villagranek zuzendutakoa, Oratorio de Fuenterrabia zuen izena, Antonio Galaren istorio bat; harresian egin genuen udaran, eta kristorena izan zen. Hortxe hasi nintzen. Ilusioa egiten dit  hogei urteko ibilbidea egin eta gero hona iristea nire talde propioarekin, euskarazko estreinaldia nire herrian eginez.

Zu nola moldatzen zara hoberen, euskaraz edo gaztelaniaz?
Ni bietara moldatzen naiz ondo, ez daukat arazorik ez batekin ezta bestearekin ere. Egia da obra hau gaztelaniaz sortu genuela, Villarren material guztia gaztelaniaz dagoelako eta Juliok berak ez dakielako euskaraz. Euskarazko antzezpena gaztelaniazkoaren itzulpen bat izango da. Baina irrikaz nago jakiteko euskaraz funtzionatuko ote duen.

Hondarribian, euskaraz egin beharra zegoen, ez?
Bai, nik uste dut hemen euskaraz egin behar zela. Hondarribia da nire familia izango balitz bezala, eta nik nire familiarekin euskaraz egiten dut, denekin. Egin nezakeen, eskatuz gero, baina nik ez nuen hemen nire burua ikusten obra gaztelaniaz egiten.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend