Euskal Herriko hogei bat artisau original bilduko dituzte martxoaren 12 eta 13an Itsas Etxean. Tailer, hitzaldi eta kontzertuekin osatuko dute egitaraua.
Raquel Hernandez, Basque Market azokako sortzailea
Martxoaren 12an eta 13an egingo dute Hondarribiko Basque Market azokaren lehen ekitaldia, Itsas Etxea Auditoriumean. Joan den asteartean ireki zuten artisauek izena emateko aukera, eta dagoeneko Itsas Etxean sartzen direnak baino askoz gehiagok egin dute. Raquel Fernandez Bonet irundarra da azokaren sortzailea, eta esan du kalitatea izango dela artisauak aukeratzeko irizpide nagusia.
Nola bururatu zitzaizun Basque Market artisautza azoka antolatzea?
Mota honetako beste azoka eta merkatuak ikusi izan ditut, eta hortik dator ideia. Kanpoan, Madrilen, Bartzelonan, ikusi izan ditut horrelakoak, eta honakoa pentsatu nuen, ea zergatik ez diren horrelako gauzak hemen egiten. Iparralderago begiratzen baduzu ere, ari dira gauzak egiten, baina hemen ez, aparte gaudela dirudi. Hori da egin duguna, inguruan dagoena ikusi eta barneratu, gurera moldatuz.
Aurkezpenean esan zenuen kalitatezko artisauak, originalak bildu nahi dituzuela, hots, bilatzen duzuena ez dela ohiko artisautza merkatua.
Hori da. Agian etimologia hutsa da, baina nik ez ditut artisauak buruan, diseinatzaileak baizik. Niretzat inportantea da hori, diseinatzaileak baduelako sortzailetik zerbait. Artisautza azokari buruz hitz egiten badugu, burura etortzen zaigun lehenengo gauza da zeramika eta larrukigintza, eta guk bilatzen duguna dira diseinatzaileak, sortzaileak, ilustratzaileak… eskuz egindako lan soiletik harago doan zerbait.
Eta profesionalak izatea.
Bai, noski. Badira gauza politak zaletasunagatik egiten direnak, baina gu profesionalen bila ari gara, artisautza lanbide dutenak. Zerbait oso zehatza bilatzen dugu, produktuaren bikaintasuna da bilatzen ari garena.
Komunikazio kanpainan antzematen da. Kartela, webgunea… ez dira azokak iragartzeko ikusten direnak bezalakoak.
Ideia berari jarraituz prestatu dugu. Gure inguruan bada jende oso ona, gauza oso politak eta originalak egiten ari dena, eta hemengoa dena. Euskal Herrikoa maite dugu, asko, baina horrek ez du esan nahi beti lauburua agertu behar denik, eta karteleko koloreak zuria, berdea eta gorria izan behar direnik. Horri buelta eman nahi izan diogu.
Zerbait berria izanik, publikoak erantzungo duela uste duzue?
Basque Market azoka baino gehiago izango da, erakusketariez gain gauza gehiago egongo dira,
eskaintza osatuago bat egingo dugu jende gehiagorengana iristeko. Noski, azokaren muina hori izango da, erakusketarien gunea, baina beste osagarri batzuk izango ditu, hala nola, tailerrak, hitzaldiak, zuzeneko musika, eta abar.
Zerbait desberdina izango da, eta jendeak desberdin horri beldurra kentzeko aukera izan dezan, eskaintza osatua prestatu dugu. Kanpora joaten garenean eta horrelako zerbait egiten denean, hurbiltzen gara. Bada, hau gauza bera izango da, baina hemengo jendearekin.
Ireki berri duzue artisauek izena emateko epea. Nolako artisauak lortu nahi dituzue?
Hau guztia muntatu aurretik merkatua ezagutzen ibili ginen, ea erakusketariak betetzeko nahiko industria, nahiko potentziala ote zegoen jakiteko. Baina ez dugu guk aukeratu nahi izan, ez dugu esan ‘zu, zu eta zu’, hori ez, balio duen jendea kanpoan utziko genuelako. Horregatik erabaki genuen deialdia egitea, diseinatzaileak izatea izena ematen dutenak.
Hori bai, sei arlotan banatuko dugu eta oso mugatua izango da, hamasei eta hogei erakusketari inguruan izango direlako bakarrik. Hilaren 16an ireki genuen izena emateko aukera eta egun bakar batean hamasei pertsonek bete zuten galdetegia. Lehen ekitaldia da, eta lehenengo gauza zen azoka aurkeztea, izena emateko aukera ireki baino lehen. Martxoaren 1a arte dago aukera, eta martxoaren 7rako erabakiko dugu zeintzuk hautatu ditugun.
Nola egingo da artisauen aukeraketa hori?
Epaimahaia osatuko dugu antolatzaileon eta Hondarribiko Udalaren ordezkarien artean, eta hainbat irizpide jarraituko ditugu artisauak aukeratzeko, horien artean, profesionalak izatea ezinbestekoa izango dela, eta Hondarribikoek lehentasuna izango dutela. Baina batez ere, eskaintzen duten produktuen arabera egingo da aukeraketa, kalitatearen arabera.
Ba al da eskualdean jendea gauza desberdinak egiten?
Uste duguna baino askoz gehiago dago. Oso jende ona dago, ilustratzaileak, arropa marka propioa sortzen ari den jendea, jauzia egiteko baliabideak ez dituen baina oso ideia onak dituztenak… Horiei aukera eman nahi diegu, eta ezin badute euren erakusketaria jarri aukera izango dute hizlari bezala etortzeko, euren produktuak aurkezteko.
Itsas Etxean egingo da, lehen ekitaldia behintzat. Hasieratik zen hori zuen asmoa?
Hasierako asmoa zen urria erdialdean-edo azoka bat egitea, baina kalean. Hori pixkanaka-pixkanaka zailtzen joan zen, eta hurrengo asmoa Gabonen aurretik egitea izan zen. Hori ere ez zen posible izan. Azkenean, martxorako antolatu genuen, baina garai honetan eguraldia badakigu nolakoa izaten den, eta estalpea beharko genuen. Udalak Itsas Etxean egitea proposatu zigun, eta oso ideia ona iruditu zitzaigun. Azpiegitura bikaina da, kultur ekitaldietarako asko erabiltzen dute, baina horrelako ekintzetarako apenas erabiltzen da. Bonboia da Itsas Etxea, oso pozik gaude.
Eta ez duzue eszenatokirik muntatu beharrik.
Hori da, muntatuta dago, eta kontzertuak eta hitzaldiak bertan izango dira. Eta harmailak dauden lekuan, harmailak kendu eta bertan jarriko dira erakusketariak. Eta atzealdean, erakusketak jarri izan diren lekuan, tailerrak egingo dira.
Nola aukeratu dituzue kontzertuetarako taldeak?
Argi genuen denaz ezingo genuela guk arduratu, eta Iñaki Estevez Irun Rock-eko zuzendariari laguntza eskatu genion. Ideia kontatu genion, talde egokiak zeintzuk ziren erabaki zezan, kontzertuek ezin dutelako azoka estali, osagarri direlako. Berak aukeratu ditu taldeak eta oso ondo daude, primeran.
Hitzaldiak ere izango dira. Nori begira, gerturatuko diren profesionalei edo publikoari?
Publikoari. Oraindik asko ezin dizut aurreratu, baina adibidez, Ane Albisu historialariak euskal jantziaren eboluzioa azalduko du, eta euskal jantziak nola jantzi behar diren azalduko du. Eta edozein sortzailek aukera izango du bere lana nola egiten duen azaltzeko. Saltzeko guneaz gain, sortzaileentzako erakusleiho ere izan nahi du azokak.
Eta haurrentzako tailerrak…
Eta beste bat familientzako. Batetik haurrentzako tailerrak izango dira, txiki txokoak, ordu erdikoak. Eta aipatu dudan beste hori, familientzakoa, berezia izango da. Haurrek eta nagusiek elkarrekin egingo dute lan, hamar haur eta hamar heldu, elkarrekin
collage moduko bat egiten. Lan hori azokaren eremu batean eskegiko da, Basque Marketen parte izango da. Interesantea iruditzen zitzaidan ideia hori, haurrak eta nagusiak elkarrekin lan egiten jartzea, obra bakar bat denen artean sortzen, eta obra hori azoka osatzeko balio izatea. Oso polita izango da.
Martxoaren 12an eta 13an izango da Hondarribiko lehen Basque Market azoka. Baina, hurrengorik izango al da?
Bai, hori da asmoa, jarraitzea. Eta horretan ari gara. Aurkezpenean Maria Serranok [Hondarribiko Merkataritza zinegotzia] esan zuen udala inplikatu dela, lehen aldia izateko esfortzua handia zela. Eta egia da.
Webgunea sortu dugu, eta inbertitu den dirua horretarako beharko luke, datozen urteetan ekitaldi askoz gehiago egiteko. Hala espero dugu.