Antxeta Irratia uhinen bidez euskara zabaltzen ari da Bidasoan 2001az geroztik. Herritarren bozgorailu izan nahi du, euskaraz, elkarbizitza, berdintasuna eta pluraltasuna ardatz dituela.
Aitor Errazkin, Maia Muruaga eta Koldo Nausia Antxeta irratiko kazetariak
Otsailaren 18 batez, duela 15 urte, agurtu zituzten lehen aldiz entzuleak Antxeta Irratian. Orduz geroztik, egunero egiten duten zerbait bihurtu da, FMko 90.5ean eta 89.7an. Denbora pasatu arren, bere sorreraren filosofia mantentzen jarraitzen du Antxetak; irratigintza egin eta zabaltzeaz gain, herrigintzan ere parte aktibo izaten segitzen du bi lan tresnaren bidez: euskara eta uhinak.
Eskualde berezia da Antxeta Irratiak lantzen duena: Behe Bidasoa, Hondarribia, Irun, Hendaia, Pausu, Biriatu eta Urruña herriekin. Ibaiak eta mugak banatutako eskualdea da. Aduana desagertu arren, gaur egun muga psikologikoak indarrean jarraitzen du, ordea, Koldo Nausia Antxeta Irratiko kideak gogorarazi bezala. Edonola ere, eremu horretan Antxeta Irratiak «naturaltasunez» lan egiten duela azaldu du kazetariak. Entzun Ikus eta Pausumedia elkartek sortu zuten Gure Irratiaren «anaia txiki» eta Euskal Irratiak Federazioaren —egun Gure Irratia, Irulegiko Botza, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia daude horren barruan— laugarren hanka gisa, «kontuan hartuta eskualde berezia zela». Gehienbat ipar-hego zubi lanak egiteko helburuarekin sortu zen, «hegoaldea iparraldera eramateko eta iparraldea hegoaldera ekartzeko». Nausiaren arabera, badago Irun eta Hondarribiko jendea Hendaia eta Urruña ezagutzen ez dituena, eta alderantziz. «Ez zegoen elkar ezagutza hori, eta pentsatu zen euskarazko irrati baten bidez egin zitekeela bisagra lan hori, euskara delako eskualdea osatzen dugun herriek komunean dugun gauza bakarra», gaineratu du.
Euskal Irratien Federazioaren parte izateaz gain, Euskal Herriko Arrosa sareko kide ere bada Antxeta, eta baita AMARC taldeko kide ere —mundu mailako irrati komunitarioen sarea— beste 4.000 irratirekin batera.
Antxeta, beste eragile bat
Irratigintzara, ordea, ez da mugatzen Antxeta Irratia, eta herrigintzan ere partaide aktibo bat da. «Ez gara ikusle soilak, elkarte gisa eskualde mailan eragile eta herriaren bizitzaren parte hartu nahi dugu», jakinarazi du Nausiak. Horri lotuta, hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar, beti lau ardatzen inguruan: elkarbizitza, euskara, berdintasuna eta pluraltasuna. Esate baterako, joan den urtean bakegintza jardunaldi batzuk antolatu zituen, eta alde guztietako biktimen testigantzak jaso zituzten. Ildo horri jarraituz, aurten Brian Currin ekartzekoak ziren, baina agenda arazoengatik bertan behera geratu zen ekitaldia.
Herritarrak eta gizarte eragileak lehentasun dira Antxeta Irratiarentzat, hori dela eta, egunerokotasunean tarte zabala eskaintzen diete, «nahiz eta udalgintzak ere baduen bere tokia», zehaztu du Nausiak. Hala, auzo elkarte, emakume elkarte edo kultur elkarteen bozgorailu da Antxeta Irratia. «Horretan sinisten dugunez, gure eguneroko lanean tokia egiten diegu, baina era berean, herritarrei erakutsi nahi diegu irratia bera ere beste edozein instalazio bezala dela, beraiek erabiltzeko tresna bat», zehaztu du Nausiak.
Horretarako, ordea, gutxieneko formazio bat behar izaten da, eta irratigintza tailerrak ere eskaintzen ditu Antxetak. Euskaltegietan nahiz eskoletan eman dituzte, eta emakume edo gazte etorkinekin ere egin dituzte, «pentsatuz komunikazioa eta irratigintza izan daitezkeela integrazio edo inklusiorako tresna bat».
AMARCen barruan egoteak beste irrati batzuekin harreman sareak egitea ekarri du, eta proiektu komunak egin dituzte, besteak beste, Hungaria, Alemania, Irlanda eta Suitzako irratiekin. «Adibidez, itsuei irrati formazioa eskaintzeko egin dugu lan, beraiek autonomoki irratigintzan parte hartu ahal izateko. Alegia, irratia nola egokitu itsuentzat, beraiek irratigintzako parte aktibo izateko, eta euren komunikazio eskubidea bermatzeko». Emakume etorkinekin edo buruko eritasuna duten pertsonekin ere lan egin dute, zentzu berean.
Programazioa
Antxeta Irratiko programazioa ekoizpen propioak eta kanpo ekoizpenek osatzen dute Euskal Irrati eta Arrosa sareko programekin, besteak beste. Tokiko programazioari dagokionez, goizean bi konexio egiten dituzte, bata, 07:20etik 07:30era eta bestea, 08:20etik 07:30era Goiz berri saioan. Hamar minutuko albistegia izaten da. 09:00etan Goizeko kafea irratsaioa hasten da. Hor albisteak modu sakonagoan lantzen dituzte, eta trafikoa ere aipatzen dute. 13:00etatik 14:00era Iparrorratza aktualitate magazin bat egiten dute. «Goizeko prentsaurrekoak, erreportajeak, elkarrizketak, kultur agenda, elkarteak… lantzen ditugu», argitu du Nausiak. Arratsaldean, 18:00etatik 19:00etara beste magazin bat eskaintzen dute, Kale kantoian, «baina goizekoak baino erritmo lasaiagoarekin». Ostiralean, irratsaio horren partez eta ordu berean, Kiroletik entzun daiteke Unai Oiartzunekin.
Gero, arratsaldeko ordu ezberdinetan, zuzenean edo grabatuak diren laguntzaileek saioak eskaintzen dituzte, «aldatzen joaten dira ikasturtez ikasturte eta baita ikasturtearen barnean ere: batzuk egiten dituzte hamabostean behin, hilabetean behin, astero…». Besteak beste, Ezker gantxoa, Txingurri hotsak, musika saioak, satirikoak, feministak, ekologistak…
Programak lantzerako garaian, tokikotasuna kontuan hartzen dutela azaldu du Nausiak: «Hondarribiar batentzat Hendaia oso arrotza da. Horrekin lan egin behar dugu eta jakin nola egin pedagogikoa edozein bidasotarrentzat interesgarria egiteko, baina aldi berean, Hondarribi edo Hendaiako gai bat xiberotar bati zeharo arrotza egiten zaio. Kontuan hartu behar dugu hondarribiar batek gure programazio komunaren bitartez Xiberoko berriak ere entzuten dituela».