Zumaiak nesken trainerua ez ateratzeak arraunari kalte handia egingo diola uste dute San Juanek eta Hibaikak. Oarso Bidasoan, Hondarribia saiatuko da betetzen Itsaslapurrek utzitako hutsunea.
Hibaikako neskak fosoan entrenatzen. Hiru hondarribiar daude taldean
San Juan eta Hibaika, Hibaika eta San Juan. Bi baino ez dira izango 2016ko emakumeen arraun denboraldiko banderak astintzeko hautagaiak, Zumaia ez baita uretaratuko. Iaz Euskotren Ligako bi bandera irabazi eta gainontzeko estropada guztietan bigarren bukatu zuen ontzia ez da lehiatuko aurten. Ez dituzte trainerua osatzeko behar adina emakume elkartu.
Kanpotik jarraitu duenarentzat ez da ulertzen erraza urtero dena irabazteko hautagaietako batek taldea osatzea ere lortu ez izana. Arrazoiak arrazoi, agerian geratu da emakumeen arraunaren ahultasuna gizonenarekiko, pentsaezina baita Telmo Deun-arekin gertatu dena mutilen klub batean errepikatzea. Hibaikako entrenatzaile Iker Cortesentzat, kezka sortzeko modukoa da: “Horrelako klub batek trainerua ezin atera izatea txarra da, eta zer pentsatzeko ematen du, esateko ‘igual hiru urte barru guri gertatzen zaigu'”.
Hibaikak bezala, Pasai Donibane Koxtape-San Juanek ere lehiakide indartsu bat galdu du, eta horrek arraunari kalte egingo diola uste du Juan Mari Etxabe arrosen prestatzaileak: “Zumaiarena kristoren pena da, niretzat eta klubarentzat galera gehiago da etekina baino. Bai, borrokatzeko bat gutxiago, errazago ikusiko dugu irabaztea, baina ligak galdu egingo du, arraunak galduko du”.
Zumaia ez da nesken trainerua galdu duen arraun talde bakarra. Oiartzungo Itsaslapurrak ere ez dira aurten uretaratuko. Iaz sortu zen kluba, baina emakumeen arloak zailtasunak eduki zituen denboraldian zehar eta zetorrenari begira ezin izan dituzte gainditu. Ainhoa Elizalde oiartzuarrak herriko koloreak jantzi zituen iaz eta ezin jarraituta pena handia hartu duela onartu du: “Jende gutxi zegoen eta ez da osatu trainerua. Pena handia eman digu Oiartzundik ateratzea, gure herria delako, baina entrenatzaile gabe ginen eta jarraitzea oso zail ikusten zen”.
Zumaian eta Oiartzunen agerian geratu den bezala, ez da erraza nesken tosta osatu eta jarraipena ematea. Azpiegiturak, aurrekontua, entrenatzaile eta laguntzaileak, ilusioa… hori guztia beharrezkoa da, baina San Pedro Arraun Elkartean ondo dakitenez, hori guztia izanda ere, ez da nahikoa, neskak ere behar dira. Iaztik asmo horrekin ibili diren arren, moreek ez dute helburua gauzatu, eta aurten behintzat, ez da emakumeen Libia-rik uretaratuko.
Hondarribiak aterako du
Zumaiak, Oiartzunek eta San Pedrok ez dute ordezkaritzarik izango emakumeen traineruen denboraldian. Baina ontzirik gabe geratu eta jarraitu nahi duten kirolarietako askok aukera izango dute bogatzen jarraitzeko, tokiz aldatuta bada ere. Donostiarra talde indartsua eratzen ari da, Hernanik lehiatzeko asmoa adierazi du, eta Bidasoan, Hondarribia Arraun Elkarteak (HAE) berriro uretaratuko du nesken ontzia.
Hondarribiko traineruko nesketako batzuk, gimnasioan
Bigarren aldia izango da berdeek emakumeen proiektua abiatzen dutela —2008tik 2011ra izan zen lehena—, eta oraingoan epe luzerako egitasmoa prestatu dute, presarik gabe hazteko xede duena. Proiektu guztiz berria da Hondarribikoa, izan ere, esperientzia gehien dutenak iaz lehen aldiz Itsaslapurrak ontzian arraun egin zutenak dira. Elizalde horietako bat. “Probatzera etorri ginen,
Joserra [Oiarzabal] ezagutu genuen entrenatzaile bezala, eta behin bera ezagututa zaila da ez gelditzea”, onartu du oiartzuarrak.
Iaz jakinarazi zuen Joxemi Elduaien HAEko presidenteak emakumeen trainerua pizteko lanean ari zirela, eta beharrezko medio guztiak jarri dituzte epe luzeko proiektua sortu eta etorkizunean aulki mugikorreko harrobiko neskek trainerura jauzia emateko aukera izan dezaten.
Asmoa bai, baina behar adina neska ez zituen Hondarribiak, eta horien bila aritu da Oiarzabal. Momentuz hemezortzi lortu ditu, eta udaberriko deskarteekin osatuko dute taldea. Lanean ari diren nesken herena Oiartzundik hurbildu zaizkie, eta besoak irekita jaso dituzte Hondarribian. “Hemen dena eskaintzen ziguten, entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, sendagilea… Eta hemen gelditzea erabaki dugu”, erantsi du Elizaldek.
Zumaiaren hutsuneak aukera emango die hainbat elkarteri orain arte debekatua zituzten lehiaketetan parte hartzeko, adibidez, Euskotren Ligan eta Kontxan. Baina parte hartzetik harago, askoz gehiago ez. Orio salbu —ez dago Oarsoaldeko biengandik hain urruti—, gainontzeko traineruek ez dute pasaitarren edo errenteriarren ubera jarraitzeko gaitasunik izango, eta ikuskizun dago horrek txapelketetan izango duen eragina. Hibaika eta San Juanen artean lehia ikusgarria espero daiteke, baina bi talde horiek eta arraun zaleek Zumaiaren falta nabarituko dute, seguru.
Eta beste batzuk soberan
Zaila da azaltzeko Hibaikan gertatu dena, arraun elkarteko arduraunak ere harrituta baitaude azken urteetan elkartera hurbildu zaizkien neska pila ikusita. San Juanek, esaterako, mutiletan ere talde indartsua du, baina hori ez da gertatzen Errenteria-Oreretako klubean. Mutilen taldea apala den bitartean —KAE2n aritzen da—, neskena gorenean dabil. Eta ez hori bakarrik, beste elkarteetan ez bezala, beheko mailetan mutilak adina dira neskak, edo gehiago. “Zaila da jakitea zergatik gertatzen den hori —esan du Cortesek—, hala suertatu da”.
Hainbestekoa da Hibaikan duten neska kopurua ezen aurten lehen aldiz kirolari batzuk baztertu beharko baitituzte trainerutik. Entrenatzaileak nabarmendu du 23-24 arraunlarirekin ari direla lanean, estropadei begira beharko dituztenak baino bost bat gehiago: “Asmoa hori da, maiatza partean edo ekainean deskarte bat egitea. Albiste txarra da deskartea egin behar izatea, baina klubarentzat albistea ona da, horrek esan nahi duelako jendea badagoela eta badatorrela, ez dugula ibili behar trainerua atera gabe”.
Iaz ia dena irabazi zuen San Juanek
Emakume faltarik ez duen beste taldea San Juan da. Juan Mari Etxabe entrenatzailearen hitzetan emakumeen arraunak loraldia bizi du Oarsoaldean, eta horrek eragin zuzena du kirolari kopuruan: “Nik momentu honetan erraza ikusten dut, baina hasieran arazoak eduki genituen. Baina emakumeen arrauna indarra hartzen ari da, hemen Oarsoaldean bi potentzia gaude, bai Hibaika bai gu, goiko muturreko bi talde gara, eta inguru honetan asko mugitzen hasi da”.
Iaz liga eta Kontxa irabazi eta gero, hainbeste bandera astindu ondoren, zeudenek errepikatu nahi dute, eta askoz gehiago dira arrosez jantzi nahiko luketenak. Hibaikak bezala, udaberrian deskartea egin beharko du Juan Mari Etxabek: “Talde bezala oso ondo gaude, oso gustura denekin eta nahiko zaila izango da batzuk kanpoan uztea”. Hemezortzi arraunlari nahi ditu Etxabek denboraldirako, eta bi patroi, dituenetik sei soberan. Dagoeneko bi klubekin hitz egin du, Hernani eta Hondarribiarekin, jarraituko ez duten neskek beste nonbaiten bogatzeko aukera izan dezaten.
Trainerua prestatze aldera, aulki mugikorrean hasi dira aurten sanjuandarrak, eta klubak esfortzu handia egin behar izan du: “Aulki mugikorra egiteko jende asko behar duzu, ontzi gehiago, esku gehiago, lan gehiago ematen duelako, eta arraunlariak prest egotea hori egiteko”. Etxabek zortzikoa atera nahi zuen aurten, baina lauko ontzi batekin —Euskadiko txapeldunak geratu dira distantzia luzean— eta biko batekin konformatu behar izan du. “Datorren urteari begira nahia hori da, aulki mugikorra sustatzea, fisikoki oso konpletoa delako”, esan du.
Aulki mugikorrean, bateletan, gimnasioan… buru-belarri ari dira Oarsoaldeko eta Bidasoko neskak prestatzen. Urratsez urrats, pausuz pausu ari dira, gizonekin duten aldea murrizten, eurekiko borroka gainditzen. Batzuk banderak astinduz, beste batzuk olatuen kontra borrokatuz, aurten ere ikuskizuna emateko asmoz uretaratuko dira nesken traineruak.