Aurten bai, aurten nesken trainerua osatu du Hondarribia Arraun Elkarteak. Klubarentzat erronka zen eta Joserra Oiarzabal jarri da gidaritzan. Besteen maila ez dutela onartuta, "gerra emateko" daudela ziurtatu du.
Etorkizuneko proiektua sortu du elkarteak, erabat berria, eskarmenturik gabeko kirolariekin
Hiru bat urte ibili da Hondarribia emakumeen trainerurik gabe. Iaz jakinarazi zuen klubak berriro atera nahi zuela, eta zu zabiltza horretan.
Erronka da, oso gustura hartu dudana. Azken urteetan emakumeen traineruak arazo handiak zituen ateratzeko, taldea ezin osaturik. Zuzendaritzatik eskatu zidaten saiatzeko, konpromiso gehiegirik eskatu gabe, erronka bat zela elkartearentzat, eta hasi nintzen lanean.
Eta, aterako da.
Ilusio horrekin gaude. Traineru bat osatu eta uretan eduki nahi genuen, eta osatua dago ja. Hamazazpi arraunlari ditugu eta uretara goaz. Hori bai, arraunlari guztiak berriak dira, orduan gure maila… emaitza onak lortzeko esperantza gutxirekin gaude. Baina beno, pixkanaka hasi behar da.
Hamazazpi neska. Arraunlari gehiago behar dituzue?
Bai. Hemen ibiltzeko hogei bat arraunlari behar izaten dira. Kontuan izan behar da hemezortzi urtetik gorakoa dela senior maila, eta gehienek kanpoan ikasten daudelako, edo lanean daudelako, entrenamendu askotara ezin direla etorri, eta aldaketak egiteko modua izan behar da.
Zuek faltan eta beste batzuek soberan. Deskarteak egin behar dituzte klubetatik lortuko al dituzue falta zaizkizuenak?
Bai, bai, hori da asmoa. Alde horretatik zortea dut, harreman onak ditut bai Hibaika eta bai Juan Mari Etxabe San Juango kidearekin. Eta hitz eginda daukagu, baina ulergarria da, beraiek beren lana egin behar dute, eta deskarteak egiteko garaian, martxoan-edo pentsatzen dut nik, ea handik neskaren bat animatu eta etortzen den gure trainerua indartzera.
Bitartean, ez zarete ari ez aulki mugikorrean ezta bateletan ere. Zergatik?
Aulki mugikorrean aurten ez, klubaren apustu gogorrena trainerua ateratzea da. Eta bateletan jende arina behar duzu eta batelek jendea asko zigortzen dute trainerura pasatzeko.
Traineruko nesketako batzuk, gimnasioan
Trainerillei begira bai?
Bai, asmoa bai, baina ez dakit lortuko dugun. Orain bigarren patroi batekin harremanetan gabiltza eta lortzen badugu bigarren patroi hori, aterako gara trainerilletan.
Zergatik da hain garrantzitsua elkartearentzat emakumeen trainerua osatzea?
Klub guztien erronka izaten da hori. Hemen mutilak soberan daude, hiru traineru dauzkagu. Eta izaten da neskekin zerbait egin beharra, talde hau matxista ez dela erakutsi beharra. Erronka hori betidanik izan du klubak, aurten heldu diogu.
Iaz aritu ziren bi traineru ez dira aterako aurten, Zumaia eta Oiartzun. San Pedro saiatu da, baina aurten ez du lortuko. Zergatik da hain zaila emakumeen traineru bat osatzea?
Neska gutxi daudelako. Hori guri gertatu zaigu urtetan. Neska gutxi daude, eta maila duten neskak klub batetik bestera ibiltzen dira, banderak lortzen ibili nahian. Hemen, Hondarribian, mutilak oso ondo dabiltza azken urteetan, eta horrek jendea erakartzen du klubera. Eta neskek San Juanera joan nahi dute, taldea ondo dabil, iaz Kontxa irabazi zuen eta aurten denek nahi dute San Juanen izan. Aditu dut Hibaikak ere jende asko daukala, San Juanek bezala deskartea egin beharra duela.
Donostiarra ere jende asko omen dauka, Hernani ari da taldea osatzen… Gu hor gabiltza. Ni ez naiz asko ibiliko arraunlarien atzetik, norbaitek etorri nahi badu, ongi etorria izango da.
San Juan eta Hibaika beste liga batean ibiliko dira. Zuek, lehen urtea izanda, sufritu beharko duzue, ez?
Bai, eta badakigu. Momentuan asmoa da trainerua uretan izan, herriaren izena eraman. Etorri diren neskak kirolariak dira, eta oso gustura hartu dute kirol erronka. Disfrutatzera aterako gara, baina hori bai, ez dugu oparituko ezer. Lana ondo ari gara egiten, ilusio handiarekin, eta gerra emateko gaude.
Biltegitik atera eta uretan ibiliko da trainerua. Eta Kontxan ere.
Kontxa da arraunean, aulki mugikorrean olinpiar jokoak bezala. Kontxako sailkapen estropada modu berezian prestatuko dugu. Komentatzen da, ez dakit ofiziala den edo ez, aurten zortzi talde sartuko direla Kontxan. Horrela bada, ea sartzen garen, arraunlariek disfruta dezaten, eta ea datorren urtean berriro neskak ditugun.
Hori da helburu nagusia, heldu den urtean jarraitzea?
Hori da, taldean giro on bat mantentzea, eta datorren urtean segida bat izan. Bi urte barru aulki mugikorretik datozen neska gazteak traineruan sartzeko esperantza badaukagu. Gutxienik zainak bota. Hori da erronka.