Abendu bukaeran itxi zituzten zinemak eta bederatzi langile kalean geratu dira.
Cinebox Mendibil itxiko dute abenduaren 30ean
Abenduaren 27an eman zuten azkeneko filma Mendibil zinemetan, eta abenduaren 30etik kalean dira bertako bederatzi langileak. Ez dute lortu zinemen kudeaketa beregain hartuko duen enpresarik, eta azkenean ateak itxi behar izan ditu. Edonola ere, negoziazioak aurrera jarraitzen dutela jakinarazi dio HITZAri Mendibil merkataritza zentroko zuzendaritzak.
“La Caixa lokalaren jabea enpresa batekin negoziatzen ari da”, esan du Isabel Aller Mendibil merkataritza zentroko kudeatzaileak. Zinema operatzaile bat izango dela zehaztu du, “ez da momenturen batean ere beste aukerarik planteatu”. Orain negoziazio horretatik zer ateratzen den zain daudela gaineratu du. Merkataritza zentroarentzat zinemak mantentzea garrantzitsua dela esan du.
5.000 sinadura itxieraren kontra
Urtarrilaren 13a zen aretoa itxi eta uzteko azken eguna, baina Mendibileko arduradunaren esanetan, bere horretan jarraitzen du, gozotegiak izan ezik.
Isabel Corral borrokan aritu da azken hilabetean Mendibil zinemei eusteko. Abenduan zehar sinadurak biltzen aritu dira, eta hiru egunetan 5.000 lagunek izenpetu zuten zinemak ez itxi eta erosle bat aurkitzeko eskaera. Horrez gain, hainbat mobilizazio egin dituzte, eta udalarekin ere elkartu dira.
Corralen arabera, herritarren babes osoa jaso dute langileek, “ez du inork nahi Irun erdialdea zinemarik gabe geratzea”, gaineratu du. Batik bat adingabekoak eta helduak izango direla falta nabarituko dutenak iritzi dio, eta orain nora joango diren esaten dietela.
Ustekabean harrapatu zituen zinemen itxierak langileak. Bazekiten Cinebox zinemen jabea likidazioan zegoela, baina ia dena lotuta zegoen beste enpresa batek ordezkatzeko, eta horrenbestez, baita langileen lanpostua mantentzeko ere. Azaroan, ordea, negoziazioak ez zirela aurrera atera jakinarazi zieten, eta zinemak itxiko zituztela.
Horrela hasi zuten langileek kanpaina. Corralen arabera, lanpostuak baino zinemak mantentzeak bultzatu ditu mobilizatzera. “Langileak jende gaztea gara, baina zinema hauek ateak ixten badituzte zaila izango da berriro Irun erdialdean beste batzuk irekitzea”. Gainera, zinemak beti egon dira Irunen, aurretik zeuden Avenida zinemen tokia hartu baitzuten Mendibil zinemek.