Zumaiak eta Oiartzungo Itsaslapurrek emakumeen trainerutik osatuko agertu dute aste honetan. Hondarribia AEk baieztatu du aurten neskak uretaratuko direla.
Ez Zumaia,
ezta Oiartzungo Itsaslapurrak, 2016ko emakumeen estropadetan bi klub horien hutsunea izango da. Bi elkarteek zailtasunak izan dituzte taldea osatzeko, eta azken egunetan eman dute albistea. Neskak ez dira uretaratuko,
ez Zumaian, ez Oiartzunen. Ezta San Pedron ere, lehen aldiz emakumeen ontzia sortzen saiatu diren arren,
ez dirudi helburua lortuko dutenik.
Nesken traineruko kideak, 2009ko aurkezpenean
Baina Hondarribian bai, Hondarribia Arraun Elkartea iaztik dabil proiektua lantzen —asmoa lehenagokoa den arren—, eta atzo HITZAri baieztatu ziotenez, nesken trainerua izango du klubak aurten. Joserra Oiarzabal ari da neskekin lan egiten eta, oraindik arraunlari pare bat edo falta zaizkiola onartu duen arren, ilusioa soberan duela antzematen zaio.
Denboraldia arazorik gabe egin ahal izateko hemezortzi neska nahi ditu lortu Hondarribiko klubak eta Edorta Kanpandegi arraun elkarteko ordezkariak ziurtatu du kopuru horretara iristeko lanean ari direla, eta lortuko dutela uste du. “Bai, bai, nesken trainerua aterako da”, baieztatu zuen atzo arratsaldean.
Epe luzerako
2000ko hamarkada bukaeran eduki zuen Hondarribia Arraunek nesken trainerua lehen aldiz, hiru bat urtez. Oraingoan, epe luzerako proiektua dela esan zuen Kanpandegik, eta horren adierazle da orain arte hamabost bat neskarekin ari direla lanean, eta Oiartzundik joan zaizkien lau kenduta, beste guztiak Hondarribia Arraun Elkartekoak direla.
Gazteak, harrobikoak, eta ikasteko ilusioa duten neskek osatuko dute Hondarribia Arraun Elkarteak 2016an uretaratuko duen nesken trainerua. Gauzatzen denean, harro egoteko beste arrazoi bat izango dute arraun zale bikingoek.