V. Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketan proba nagusia irabazi du Hondarribia Arraun Elkarteak. 8+ berdeak onenak izan ziren nagusietan, gazteetan eta kadeteetan.
Hondarribiko arraunlariak, txapelketa irabazita
Denboraldiko lehen titulua lortu du Hondarribia Arraun Elkarteak, V. Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketa. Proba nagusian, zortzikoa lemazainarekin (8+), jaun eta jabe izan zen Hondarribia, bigarren Santiagotarrak taldeari minutu eta erdiko tartea aterata.
Proba alde handiarekin irabazi zuten arren, sufrituta bogatu behar izan zuen irabazleak ere, arraun eremuko baldintzak latzak zirelako, bereziki zubien inguruan —haizea oso indartsu sartzen zelako—, eta ibilbidearen amaieran —olatuengatik—.
Iazko txapeldun Oriok izena emanda zuen, baina azkenean ez zen lehiatu. Heldu den asteburuan Euskadiko txapelketa jokoan izango da eta ordurako bai espero da oriotarren parte hartzea.
Helduen Maila. 8+ probako sailkapena
- Hondarribia AE. 17 minutu, 22 segundo.
- Santiagotarrak. 18 minutu, 52 segundo.
- Koxtape-San Juan. 22 minutu, 36 segundo.
Nagusietan ez ezik, Gazte eta Kadete mailetako 8+ean ere irabazi zuen Hondarribiak. Gazteetan, San Juan izan zen bigarren eta Zarautz hirugarren. Kadete Mailan, berriz, Orioren eta Santiagotarraken aurretik geratu ziren hondarribiarrak. Gipuzkoako txapelketa irabazi ez zuen zortziko berde bakarra Haurren Mailakoa izan zen; Orio nagusitu zen haurretan, eta Hondarribiak eta San Juanek osatu zuten podioa.
Orotara, 66 ontzi eta 300 arraunlari lehiatu ziren distantzia luzeko Gipuzkoako txapelketan. Zazpi taldek parte hartu zuten (Ur-kirolak, Donostia A.L., Santiagotarrak, Zarautz, San Juan, Orio eta Hondarribia). Hondarribia Arraun Elkarteak eta Oriok bosna garaipen lortu zituzten, Koxtape-San Juanek bi, eta Santiagotarrak eta Ur Kirolak klubek bana.
Ikusi sailkapen osoa