Iaz 15 puntu zeramatzan. Partida guztietan golen bat sartu duen Ohorezko Mailako talde bakarra da Hondarribia FE.
Hondarribia FE-ko jokalariak, etxeko azken partidan lortutako berdinketaren gola ospatzen
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak 27 puntu lortu ditu Ohorezko Mailako lehen itzulian. Igande goizean bigarren tokian dagoen Anaitasunaren etxean berdindu zuen Hondarribia FE-k (1-1), eta sailkapenean zortzigarren jarri da, baina seigarrenarekin berdinduta. Mikel Llorentek entrenatzen duen taldeak zazpi partida irabazi ditu, beste sei berdindu eta lau baino ez ditu galdu. Eta galdu dituen lau partidak gol bakarragatik joan zaizkio.
Baina bada datu adierazgarri bat, oso ondo adierazten duena hondarribiarren orain arteko lan ona. Llorentek berak bere
twitter kontuan adierazi duen bezala, beste inork lortu gabekoa egin dute berdeek: “Nahiz eta askotan bakarrik taldearen defentsako lana azpimarratu, bakarrak izan gara lehen itzulian partida guztietan golak sartzen”. Hamazazpi norgehiagoetan 29 gol sartu ditu Hondarribiak, eta 20 jaso. Iaz, lehen itzuliaren amaieran, 13 gol sartuak zeramatzan taldeak, eta 22 jasoak. Hamazazpigarren jardunaldia 15 punturekin bukatu zuten, iaz baino zortzi gutxiago. Aldea, beraz, oso nabaria da.
Liga asko falta da oraindik, baina momentuz maila bikaina ematen ari dira berdeak. Iaz 34 punturekin salbatu zen Hondarribia FE, aurten lan erditan pilatu dituenak baino 7 puntu gehiago. Entrenatzailearen arabera, bide beretik jarraitzea da taldearen helburua bigarren itzulirako: “Oinak lurrean, hau oso luzea bait da, baina taldeak emandako maila lehen itzulian oso ona izan da. Bide berdinari eutsi nahi diogu”.