Igoera faseko lauko finala jokatzeko bide onean dira hondarribiarrak, baina oraindik multzoko indartsuenen kontra lehiatu beharko da Ikasbasket.
Gipuzkoako Ligako igoera faseko lidergoan jarri da
Hondarribia Ikasbasket taldea. Orain arteko hiru partidak irabazi ditu eta lauko finala jokatzeko hautagaitza aurkeztu du.
Bigarren fasea ondo hasi du Ikasbasket taldek
Larunbatean Bera Bera Amara taldearen kontra irabazi zuen Ikasbasketek, erraz (80-42). Lortutako abantailari esker lehen postuan jarri dira hondarribiarrak, baina galdu gabe dauden beste bi taldeekin berdinduta: Bera Bera Gros eta Arri BKL (
ikusi sailkapena). Bi horiek dira, Ikasbasket taldearekin batera, igoera faseko lauko finala jokatzeko faborito nagusiak. Laugarren taldea Antigua Luberri edo Añorga, bietako bat izan beharko luke, baina sailkapenaren goialdean dauden hiru taldeak koska bat goitik daudela erakutsi dute orain arte.
Hurrengo jardunaldian Bera Bera Gros taldearen kontra jokatuko du Hondarribiko taldeak. Lehen fasean Donostian jokatu zuten, eta etxekoek puntu bategatik irabazi zuten (54-53); hori da, hain zuzen ere, Ikasbasket taldeak denboraldian galdu duen partida bakarra. Hortaz, mendeku bila joango dira berdeak Manteo kiroldegira. Ostiralean jokatuko dute, 20:20tik aurrera.
Hiru partida zail jarraian
Igoera faseko lehen itzuliko une erabakiorrenean sartuko da Ikasbasket ostiraletik aurrera. Bera Bera Gros, Añorga eta Arri BKLrekin jokatuko du hurrengo hiru jardunaldietan. Urriko lehen asteburuan denboraldia hasi zenetik galdu gabe dago Bera Bera Gros, eta Añorgak igoera fasean izan duen porrot bakarra Manteokoen kontra eduki zuen. Hortaz, hortzak estutu beharko dituzte hondarribiarrek hurrengo hiru partidetan.
Gauzak horrela, urtarrila bukatzearekin jakingo da zeintzuk diren denboraldiko une honetan talde indartsuenak, eta horien artean, zeinek izango dituen aukera gehien Euskal Ligako 2. mailara igotzeko. Baina horretarako asko falta da, gozatzen jarraitzeko asko.