Nekazaritza ekologikoaren industrializazioaren aurka sortu da EHkolektiboa. Inguru hurbileko agroekologia soziala bultzatu nahi dute, eta ‘EHko’ zigilua sortu dute horretarako.
Dagoeneko 50 ekoizlek jaso dute ‘EHko’ zigilua eta beste asko bidean dira.
Nekazaritza ekologikoa, nolabait, iraultza berdeari zor zaio. 1940tik aurrera, eta batez ere, 1960ko hamarkada eta gero, lurra lantzeko beste modu bat zabaldu zen munduan, ikerketa eta teknologia garapenetik abiatuta, iraupeneko jarduera izatetik merkataritza sektore bilakatuz. Uzta handiak, ureztatze sistemen garapena, ongarri sintetikoen zabaltzea, pestiziden orokortzea… horiek izan ziren iraultza berdearen mugarrietako batzuk. Eta horien kontra, lurra lantzeko era berri horri aurre eginez jaio zen agroekologia, baliabide naturalak modurik egokienean erabiltzea helburu zuena, produktu kimiko sintetikoak eta genetikoki eraldatutakoak erabili gabe.
Egun, nekazaritza ekologikoak gailurra jo du, boom-a bizi du. Geroz eta gehiago arduratzen gaitu gure osasunak, jaten dugunak, eta jaten dugun hori ekoitzi den moduak. Urte gutxitan biderkatu egin dira nekazaritza ekologikoa kontsumitzen duten bezeroak, eta hori horrela izanik, diru asko mugitzen duen sektorea bilakatu da. Eta arloaren industrializazioak, agroekologiak berezkoak zituen ezaugarri batzuen ahultzea ekarri du.
Nekazaritza ekologikoaren industrializazioaren ondorioetako batzuk dira, besteak beste, lur sail erraldoien ugaltzea, produktuen garraio gehiegizkoa, eta lan baldintzen okertzea. Eta ondorio horiek dira, hain zuzen ere, nekazaritza bioekologikoa egiten duten laborariak biltzen dituen
EHkolektiboa elkartearen sorreraren arrazoi nagusia.
Nekazaritza ekologikoaren ezaugarriak bermatu eta euskal gizarteari, Ipar nahiz Hego Euskal Herrikoari, ekarpena egin nahi dio EHkolektiboak, bertako kideek darabilten nekazaritza ekologikoa gertukoa eta sozialki iraunkorra izatea bermatuz. Bertan ekoiztu, bertan kontsumitzeko, salmenta eta banaketa bide laburrak erabiliz, eta baldintza sozial duinetan oinarritutako etxaldeen alde lan eginez. Eta zigilua sortu dute,
EHko izenekoa, taldearen helburuak betetzen dituzten ekoizleei banatzen zaiena.
Autonomia helburu
Iruñean aurkeztu zuten EHkolektiboa, urrian. Egoitza Lekornen (Lapurdi) ezarri dute eta elkarteko dinamizatzailea Aloña Gonzalez Bereau irundarra da. Erantsi beharrik ez dago elkarte berriak ez dituela muga administratiboak aintzat hartzen. “Euskal Herrikoa, eta inguru hurbileko nekazaritza bultzatzen dugu, bertako produktuak, baina lehengaiak ere gertukoak izatea bilatzen dugu”, azaldu du Gonzalezek. Irunen jaio, baina aita Etxalarkoa (Nafarroa) du, eta aitaren herrian hasi da lanean, garai bateko labe bat zaharberritu eta ogia modu ekologikoan egiten hasita.
Gonzalezek esan duenez, nazioarteko zigilu ekologikoak ez du bermatzen jarduera ingurumenarekiko errespetuzkoa denik, “erraza da garaikoak ez diren produktu ekologikoak supermerkatuan aurkitzea, auskalo non ekoitzitakoak”. Garaikoa ez den produktu bat jan ahal izatea “oso ekologikoa ez” dela erantsi du, hori garraiatzeko kutsatu beharra dagoelako. Horregatik, “ahalik eta kilometro gutxien egitea” da
EHko zigilua duten ekoizleen beste bereizgarrietako bat.
EHkolektiboan Euskal Herri osoko laborariak biltzen dira, baina elkarteko dinamizatzaileak nabarmendu duenez, “baserritarrak ez direnak ere badaude, eta nekazaritza konbentzionala egiten dutenak ere, helburuekin bat datozenak”.
Criado, Xalbardin baratzean lanean
Orotara, 250 pertsonek parte hartu zuten EHkolektiboa sortzea ekarri zuen eztabaidan, eta elkarte berriak 150 bazkide lortu ditu hilabete gutxian. EHko zigiluari dagokionez, 50 baserritar inguruk jaso dute dagoeneko, horien artean Hondarribiko Aitor Criado eta Josune Zamora, hurrenez hurren Xalbardin baratzeko eta Mattenea baserriko arduradunak. Baina badira Oarsoaldean eta Behe Bidasoan interesa agertu duten beste batzuk, eta baserritar izan gabe urteko 30 euroko kuota ordaintzen dutenak.
Zigilu zorrotzagoa
Duela urte gutxi hartu zuen Criadok aitzurra lehen aldiz, haurra zenean ezagutu zuen baserri girora itzuliz. Hondarribiko Udalak abiatutako agroaldean ezarri zen, behar bezala formatu eta bertan hasi zen produktu ekologikoak ekoizten. Aurten jaso du nekazaritza ekologikoaren zigilua, baina aitortu duenez, izendapen hori labur geratzen zaio, eta horregatik bat egin zuen mugimendu berriarekin: “Ekologia niretzat ez da bakarrik kimikorik gabe landare ekologikoak ekoiztea. EHkolektiboan zorroztasun gehiago ematen diogu nekazaritza ekologikoari, ez ekoizpenari berari, baina bai gizarte moduan, bertako produktuak sustatzeko, bertako baserritarrari laguntzeko, gutxiago kutsatzeko garraioan”.
Hondarribiarrarentzat, industriak ikusi du nekazaritza ekologikoaren potentziala, eta jarduera horrek zituen berezko ezaugarri batzuk desitxuratu ditu: “Ekologikoa modan dago, jendea hasi da osasunaz kezkatzen, elikagaien jatorriaz, eta industria oso bizkorra da, eta ekologiarentzako txokotxo bat jartzen ari da saltoki guztietan. Landare ekologikoak ekoitzi bai, hori horrela da, baina lehenago konbentzionalarekin egiten ziren bekatu berdinak errepikatzen ditu prozesuan”.
Adibide batekin azaldu du hondarribiarrak bere ustez nekazaritza ekologiko industrializatuak dituen hutsuneak: “Espinaka hektarea oso bat jartzen badut, bi errumaniar gaizki kontratatzen baditut eta espinaka horiek Alemaniatik hona ekartzen baditut, nire ustez, ekologia hori ez da inon bermatu”. Horregatik, “nekazaritza ekologikoari beste buelta bat emateko beharra” ikusten zuen Xalbardin baratzeko arduradunak, eta
EHko zigiluak iraultza hori bermatzen duela gaineratu du.
Beste iraultza berde bat bultzatu nahi du EHkolektiboak, joan den mendeko erdialdean abiatutakoaren kontrako norabidekoa. Nekazaritza ekologikoari jatorrian zuen zentzua itzuli nahi dio, tokiko ekoizpena, ingumenarekiko errespetua, eta gizarte baldintza duinak oinarri gisa hartuz. Iraultza hori bilatzen du elkarte berriak, eta hori da jarri nahi duten zigilua.