'Euskaldun Berria' izeneko toponimo bat bultzatuko du udalak. Ostiralean hasi eta abenduaren 9ra arte, ekitaldi andana antolatu dituzte.
Euskararen Eguna ospatuko da datorren asteko ostegunean, eta hirian jada motorrak berotzen hasi dira. Izan ere, asteburu honetan bertan hasiko dira udalak antolatutako euskararen gaineko ekitaldiak, Euskara arloko zinegotzi Josune Gomezek gaur jakinarazi duenez. Administrazio guztiek bat egin dute era bateratuan ospatzeko.
Arantza Zulet eta Josune Gomezek aurkeztu dituzte ekitaldiak
Aurtengo leloa Emozioak Airean izango da, eta euskaldun berriei aitortza egingo diete “Hizkuntza ikasteko ahalegina goraipatu nahi dugu”, esan du Gomezek, eta iragarri du udal bozeramaileen batzordeari adierazpen instituzional bat onartzea eskatuko diotela. “Kale, plaza, lorategi edo antzeko bati ‘Euskaldun Berria’ izena jartzeko eskatuko dugu”, gaineratu Gomezek.
Askotariko ekitaldiak
Jarraian, Arantza Zulet euskara teknikariak hartu du hitza, antolatu dituzten ekitaldiak banan-banan zerrendatzeko. Ez dok Amairu taldea sortu zutela mende erdia bete da aurten, eta horren harira,
Ez dok Amairu, sentikaria ikuskizuna emango dute Amaian, datorren larubatean.
Ikasturtean zehar hilero egiten duten Igande Sasoi ekitaldia, berriz, euskarari lotutakoa izango da. Udaleko kirol eta euskara sailak elkarlanean aritu dira datorren igandeko saioa prestatzeko: puzgarriak, wipe out-ak, bizikleta bereziak, scooter-ak eta zaldiak izango dira Kolon pasealekuan, 10:00etatik 13:00etara. ETB1eko
Gu ta gutarrak saioko Txurru eta Jaione de la Calle ariko dira dinamizatzaile lanetan.
Abenduaren lehenengo egunean Iñigo Asensioren Euskara Munduan ikusteko aukera izango da Amaian, 19:30ean. Bost kontinentetako euskaldunen testigantzak jaso dituzte, eta zuzendaria berak ikusleen galderei erantzungo die.
Gaur zortzi, ekitaldi bi egongo dira. Alde batetik, Maider Galarzak
Munduko ipuinak kontatuko dizkie haurrei, CBA Liburutegian, 17:30etik aurrera. Amaia KZn, 19:30etik aurrera,
Amama filma eskainiko dute: bertan izango dira aktoreak.
Abenduaren 3an, egun osoz
Euskararen Egunerako, egun osoko egitaraua antolatu dute San Juan Arria plazan. 10:00etatik 21:00etara PuztukiArt egingo dute, Javier San Martin eskutik. Udaletxe paretik pasatzen direnek euskarari buruz dituzten sentimenduak idatz ditzakete, eta gauean puxiken bitartez aireratuko dituzte. Giroa berotze aldera, 17:30etik 19:30era bitartean Oihan Vega ariko da musika jartzen. 19:45etik aurrera, berriz, Demode Quartetek Epah! ikuskizuna emango du. Bestalde,
Hondarribian egingo den Mintzodromorako autobusak dohainik jarriko dituela gogorarazi dute.
Azkenik, ekainaren 9an Irungo institutuetako ikasleek
Buah txabal! antzezlana ikusteko aukera izango dute. Goizean izango da. Arratsaldean, berriz, Irrien Lagunek txikientzako
Euskararen Taupadak eskainiko dute Amaian, 17:30etik aurrera.
Ekitaldi guztiak doan izango dira, eta gonbidapenak turismo bulegoan har daitezke, ekitaldien bezperara arte. Amaia KZko ikuskizunak saioa hasi baino ordu erdi lehenago har daitezke.