Montevideoko Challenger torneoko finalera sailkatuta lortu zuen Iñigo Cervantes hondarribiarrak Top-100ean sartzeko behar zituen puntuak.
Iñigo Cervantes, Montevideon
Kostako zaio azaroko bigarren hamabostaldia ahaztea Iñigo Cervantes tenislari hondarribiarrari. Lehen aldiz ATP World Tourreko Top 100-ean sartu da, eta hori gutxi balitz, asteazkenetik aurrera Sao Paolo hirian (Brasil) Masters ATP Challenger txapelketa jokatuko du.
Montevideoko Challenger torneoko finalera sailkatuta lortu zuen Cervantesek Top-100ean sartzeko behar zituen puntuak. Finala Guido Pella argentinarraren kontra galdu zuen, baina gutxi inporta zitzaion hori hondarribiarrari, urtetako ametsa bete zuelako, munduko 100 tenislari onenen artean sartzea; 98. tokian sartu da.
Cervantesen sarrerarekin, bederatzi dira ATPko Top 100ean dauden Real Club Tenis Barcelona (RCTB) taldeko kideak. Duela bi aste Espainiako taldekako txapelketa irabazi zuen RCTB taldeak, Cervantes bertan zelarik.