Hondarribiak 2-1 irabazi dio Real Union Bri, eta sailkapenean zazpigarren jarri da. Bidasoko Hitza
Hondarribiak intentsitate handiz defendatu zuen (arg: Kiroletik)
Hondarribia Futbol Elkartearentzat izan zen larunbatean Hondartza futbol zelaian jokatutako Ohorezko Mailako derbia (2-1). Hondarribia eta Real Union B, bi taldeak parekatuta iritsi ziren 9. jardunaldira, 11na punturekin taularen erdialdean. Berdeak Oiartzunen irabaztetik zetozen, eta zaleei garaipena eskaini nahi zieten. Txuribeltzek, aldiz, azken jardunaldian Orioren kontra galdu zuten etxean, eta Hondartzan punturen bat lortzea zuten helburu, aurrekoengandik gehiegi ez urruntzeko. Baina garaipena etxean geratu zen, Hondarribian.
Partidaren amaieran Mikel Llorente Hondarribiko entrenatzaileak ondo laburtu zuen berdegunean gertatutakoa: “Ez dugu partidarik onena egin, baina garaipen handia izan da”. Partidaren hasieran Unionen filialak markagailuan aurretik jartzeko aukera garbiak izan zituen, baina Hondarribiak sartu zuen lehen gola 9. minutuan (Xabi Arruabarrena). Kolpe handia izan zen irundarrentzat, eta are gehiago berdeen bigarrena, 24. minutuan iritsi zena (Julen Sanchez).
Atsedenalditik indarberrituta bueltatu ziren txuribeltzak, ideiak argiago zituztela. Lehen laurdena betetzear zela 2-1ekoa ezarri zuten (Omar), eta handik aurrera erasora jo zuten. Partida amaieraraino gol aukerak Real Unionek jarri zituen, baina Hondarribiak ez zituen besoak jaitsi eta oso gogotsu aritu zen defentsa lanetan.
Kiroletik-eko kazetariari erantzunez, hiru puntuekin pozik azaldu zen Llorente: “Sufritzen jakin dugu, eta azkenean badakigu zer den garrantzitsuena. Bigarren garaipena jarraian, eta bide beretik jarraitzeko asmoarekin”.
Garaipenarekin,
sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da Hondarribia, seigarrenarekin berdinduta, eta laugarrenarengandik 3 puntura. Heldu den asteburuan Martutenen jokatuko dute berdeek, sailkapeneko azkenaurrekoaren kontra. Orain arte partida bakarra irabazi dute donostiarrek, eta erasoan arazo handiak dituzte golak sartzeko.