Mezu bateratua Oroimenaren Eguna dela-eta
Bihar hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, Oroimenaren Eguna ospatzeko, eta herritarrei deia luzatu diete, bertaratzeko. Bidasoko Hitza
Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) bat egin dute Oroimenaren Eguna dela-eta EUDELek kaleratutako adierazpen instituzionalekin. Bihar 12:00etan hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute udaletxeko atarian, eta herritarrei deia luzatu diete, bertaratzeko. Udalak jakinarazi duenez, PPko ordezkaria ez da kontzentraziora joango, nahiz eta adierazpena sinatu izan duen.
EUDELen idatzia 2013ko martxoan alderdi guztiek Eusko Jaurlaritzak adostutako testu labur batean oinarritzen da, azken hiru urteotan bakearen eta bizikidetzaren esparruan lortutako zeharkako adostasun bakarretakoa. Hala dio, hitzez hitz, adostutako testu horrek: “Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea”.
Txomin Sagarzazu alkateak adierazi duenez, adostasuna ez da helburua izan behar, bizikidetzan urratsak emateko oinarria baizik. “Asmoa da Oroimenaren Eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta, horretan oinarrituta, urterik urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan gure udalerrian”.