Joan den asteburuko garaipena eta gero, Ohorezko Mailako sailkapenaren erdialdean kokatu da Hondarribia, eta puntu berekin dagoen Real Union hartuko du larunbatean.
Joan den asteburuko garaipena eta gero, Ohorezko Mailako sailkapenaren erdialdean kokatu da Hondarribia, eta puntu berekin dagoen Real Union hartuko du larunbatean. Mikel Llorente entrenatzaileak nabarmendu du taldea “oso-oso ondo” dagoela, eta zaleei dei egin die, derbia irabazten laguntzeko.
Mikel Llorente, asteazkenean, entrenamendua hasi aurretik
Oiartzunen kontra irabazita, multzoaren erdialdera itzuli da Hondarribia. Horren beharra bazenuten, ez?
Kuriosoa da futbola nolakoa den. Aurreko bi partidak galdu genituen eta ziurrenik taldeak emandako maila izan zen Oiartzunen aurka erakutsi genuena baino handiagoa. Egia da, ehuneko ehunera egon gabe, partida nahiko bideratua genuela. Bigarren zatia hasi eta segituan sartu genuen 0-2koa eta partida oso kontrolatua zirudien. Baina falta batean 1-2koa sartu ziguten eta hortik aurrera partida kaotikoa bihurtu zen. Asko sufritu genuen azken 15-20 minutuetan, uste baino gehiago. Golak dena aldatu zuen, atzean sartu ginen, eta horrek ekarri zuen taldeak sufritzea.
Baina bueno, kontent. Azken bi porrotetan, nahiz eta galdu, ni kontent nengoen taldearen errendimenduarekin, baina egia da irabazi behar duzula, eta Oiartzunen jendea oso kontent zegoen irabazi genuelako. Hiru partida galdu ditugu gol bakarragatik, eta hiruretan oso ondo lehiatu gara, eta puntuatzeko aukerak eduki ditugu, berdintzeko, eta baita irabazteko.
Aukera gutxien igual Mutrikun, hamarrekin gelditu ginelako, baina bai
Tolosan, eta baita hemen
Zarautzen kontra taldeak berdinketa gutxienez merezi zuen. Baina akats txikien erruz galdu izan genituen partida horiek, eta okerrena da azken minutuetan izan zela.
Nola iritsi zarete derbira?
Oraindik goiz da eta ezin zara sailkapenarekin itsutu. Nik
sailkapena ia ez dut begiratzen, sentsazioei egiten diet kasu. Horregatik lasai nengoen azken partidetan. Gauza txikiengatik galdu dezakezu, baina ekipoa nola entrenatzen ari den ikusita, eta partidetan jokatzen ari garen bezala, argi dago bide horretan partida asko irabaziko ditugula.
Galtzen duzunean ematen du gauzak gaizki daudela, eta irabazten duzunean ondo, eta ez da horrela. Guk balorazio orokorragoa egiten dugu, taldeak merituak egin ditu gorago egoteko, baina ez gara erotzen galtzen badugu, helduak garelako eta konturatzen garelako nola dagoen taldea. Eta horrela jarraitzen badugu emaitzak etorriko dira, ziur.
Nolako taldea duzu aurten?
Aldaketak egon dira, urtero bezala, ikasketengatik eta jendeak uzten duelako, jende berria badago ere, baina gehienbat lehengo urteko taldea da. Saiatzen ari garena, eta momentuz lortzen ari garena da jokalari horien ehuneko ehuna ateratzea. Hori izan zen iazko arazoa, denboraldiko une askotan hori ez zela lortu. Aurten jendea oso ondo ari da entrenatzen, eta jende askorekin entrenatzen ari gara. Eta hori asteburuetan sumatzen da.
Golak sartzen ari zarete ere. Hori inportantea da.
Bai, golak sartzen ari gara, eta aukerak sortzen ditugu, ez gara golak sartzen ari bi aldiz iritsi garelako, ez, partidako bost-sei aukera edukitzen ditugu. Igual gol gehiegi jasotzen ditugu ere, baina futbolean zailena golak sartzea da, eta ekipoak aukerak eta golak egiten dituen bitartean lasai nago, atzean ditugun akats txiki horiek hobetu daitezkeelako.
Eta Real Union, nola dago?
Ez naiz beste taldeak jarraitzeko zalea, nahiago dut nire taldean zentratu eta nire taldearen ehuneko ehuna lortu. Horretarako kapazak bagara, edonori irabazteko gaitasuna dugu. Tolosan erakutsi genuen, multzoko talde onena da, eta han aukerak izan genuen irabazteko eta azkenean penalti batek ekarri zigun galtzea.
Unionez, zerbait badakit, orain bi aste Lesakan egon nintzen haiek ikusten, baina inolako helbururik gabe, denbora pasa joan nintzen, giroa ikusteko. Nire taldeak arduratzen nau.
Derbia izanik giro polita espero da harmailetan.
Azkenean jendea animatzen da eta partida politak izaten dira. Pena ordutegia da —15:30ean, Hondartza futbol zelaiak ez duelako argiteriarik—, oso goiz izaten delako, eta jende asko atzera botatzen delako, batez ere eguraldi txarra egiten badu.
Baina Unionen kontra ez dago aitzakiarik ez agertzeko, ez?
Ez, partida polita delako eta gu ondo gaudelako. Tolosara joan ginenean, eta lehengo egunean Oiartzunen, Hondarribiko jendea joan izan da ikustera. Hori seinale ona da, taldeak transmititzen duelako. Taldeak ez badu dena ematen, jendea ez bada identifikatzen taldearekin, ez da Tolosara edo Oiartzuna joango. Taldea hori lortzen ari da, gazteak bereziki, eta Hondarribiko futbol zaleak taldearekin identifikatzea.
Askotan aipatu izan duzu zuk jokalariek asko eskertzen dutela zaleen berotasuna.
Bai, pena delako, neguan, hirurak eta erdietan zelaira atera eta harmaila hutsa egotea. Jokalariek esfortzu handia egiten dute astean zehar, unibertsitatetik, lanetik atera eta entrenatzera joan, eguraldi ona edo txarra egin. Eta denoi gustatzen zaigu babes hori, batez ere etxean jokatzen duzunean, zaleen babesa sentitzea. Oiartzunera joan eta gola sartzen duzunean ikusi aurreko aldean jendea zure gola ospatzen, eta esan ‘jo, zenbat jende Hondarribikoa, ez’. Bai, asko eskertzen da hori.
Aurten ere liga parekatuta dago. Bidasoko bi taldeak multzoaren erdian zaudete, 11 punturekin. Irabazten duena goialdean jarriko da, galtzen duenak behera begira jarri beharko da.
Egia da hasieratik ondo egoteak konfiantza ematen dizula, baina denboraldia oso luzea da. Duela bi urte oso ondo hasi ginen eta urtarriletik aurrera behera joan ginen. Oso luzea da eta lehen hamabi jardunaldietan egoerak asko aldatu daitezke. Urte osoko lana da eta saiatu behar gara astero-astero gauzak ondo egiten.
Helburu jakinik gabe aurten ere?
Azkenean taldearen helburu nagusia da mantentzea, baina ez naiz gehiegi erotzen asunto horrekin. Nire helburua da jendea etortzea entrenatzera, egiten ari garen entrenamenduak egitea, eta ekipoak dituen gaitasunak ateratzen baditugu, ez dugu arazorik edukiko. Baina jendea ez bada etortzen, gaizki entrenatzen badugu, horrek eramango gaitu sufritzera. Helburu nagusia da egunero ahalik eta ilusio handienarekin entrenatzea.
Aurten saiatzen ari garena da beste urteetan gertatu ez dena, etxean emaitza onak ateratzen. Une honetan oso-oso ondo gaude etxean. Eta zaleek asko bultzatzen dute, eta hori horrela denean, jokalariak pixka bat gehiago ematen du. Hemen ikusi dugu, beti, egoera zailetan, Hondartza bete denean, taldeak ez du hutsik egin. Baina lehenengo guk sentsazio onak eman behar ditugu, gauzak ondo egin, eta horrek ekarriko du zaleak etortzea.
Ikusi Hondarribiko asteburuko kirol agenda