Urriko lehen astean abiatuko dituzte Hondarribiko literatur tailerrak. Euskarazkoa hileroko hirugarren ostegunetan elkartuko da, 16:00etan.
Arrieta, Gonzalez Esnal, Silanes eta Guevara, aurkezpenean
Hiru dira Hondarribiko Udal Liburutegiak eskaintzen dituen literatur tailerrak, euskarazko bat (
Liburuaren hitzordua, hileroko hirugarren ostegunetan), eta bi gaztelaniaz (
Cita con el libro, bigarren astean, astearte eta asteazkenetan banatua; eta
Un sábado, un libro, laugarren asteko larunbatetan). Urriko lehen astean abiatuko dituzte eta atzo egin zen aurkezpena udaletxean. Bertan izan ziren Kalixa Silanes Kultura zinegotzia, Kote Guevara udal liburuzaina, Maite Gonzalez Esnal tailerretako arduraduna eta Yolanda Arrieta laguntzailea.
Zuloaga Etxeko lanak hasi zirenean, larunbatetako tailerra Arma Plazan egiten hasi ziren, eta gainontzekoak Kultur Etxeko 103. aretoan. Lehen hiruhilekoan behintzat, leku horietan egingo dira literatur tailerrak, eta ziurrenik ekainera arte mantenduko dute horrela. Larunbatetan 11:30ean elkartzen dira Hondarribiko irakur zaleak, eta astean zehar, 16:00etan. “Ahalik eta jende gehienera erraztasunak emate aldera”, banatzen dituzte horrela tailerrak. Hilabetero liburu bat irakurtzen dute, eta idazleak transmititzen diena elkarrekin partekatzeko ekartzen dira lau astean behin.
11 urte beteko ditu aurten programak, eta Kalixa Silanes Kultura zinegotziak eskarmentu hori nabarmendu zuen, programa “erabat finkatuta”, dagoela adieraziz. “Liburutegien zerbitzua ez da liburuak mailegatzea bakarrik, eta horren adibide argia dira literatur tailerrak”, gaineratu zuen. Oro har, tailerren osasun onaz mintzatu zen Silanes, baina bereziki euskarazko taldearekin gogoratu zen: “Udalarentzat pozgarria da ikustea urtez urte euskarazko tailerra handitzen ari dela”.
Irakurketa kritikoa
Gonzalez Esnal idazle donostiarra da tailerren arduraduna, “ardatza”, Arrietaren hitzetan. Orain arteko hamar urteen balantzea egiteko zenbakiak erabili ditu Gonzalez Esnalek: “240 liburu irakurri ditugu, eta 350 pertsona elkartu gara. Datu hotzak, baina errealak, berez hitz egiten dutenak. Jende askorengana iristen gara”. Talde guztietan dago aldaketaren bat urtero, baina normalean gehiago dira hasi berriak tailerra uzten dutenak baino. Donostiarraren ustez, programaren arrakastaren arrazoia parte hartzean eta parte hartzeko moduan bilatu behar da: “Irakurketa kritikoa egiten dugu, arrazoitu egin behar da zer gustatu zaigun, eta zer ez zaigun gustatu, hori ere gertatzen delako. Irakurle talde soil bezala sortu zena, eztabaida gune bilakatu da eta horrek aberastu egin du izugarri proiektua”.
Donostiarraren esku dago landuko dituzten liburuen aukeraketa, “erreferentzia literatura unibertsala” dutelarik. Kultur desberdinetako egileak hautatzen dituela azaldu zuen, eta euskarazko tailerrari dagokionez, “lehentasuna euskarazko sorkuntzari ematen diogu, baina itzulpenak ere kontuan hartzen ditugu”. Genero eta gaien dibertsitatea bilatzen dute, eta batez ere, “erne” egoten direla erantsi du Gonzalez Esnalek. “Kanpaina erraldoiak egiten dira irakurzaletasuna bultzatzeko, baina irakurlea askotan galduta egoten da”, liburu dendara joan eta zer erosi ez dakiela. “Liburu on asko ateratzen dira argitaletxe txikien bidez. Erne gaude”.
Arrietarentzat, Hondarribiko literatur tailerrek irakurleentzat “ohitura sortu dute eta liburuarekiko hurbiltze gozo bat”. Euskaraz irakurtzen duten hondarribiarrei zuzendu zaie Arrietak, literatur tailerretan parte har dezaten. “Irakurle euskaldunak askotan aurreiritzi bat izaten du, taldean irakurtzea asko dakitenek egiten duten zerbait dela uste du. Ez da horrela”, baieztatu du.
Gonzalez Esnalek nabarmendu zuen literatur tailerretan parte hartzen dutenek, lantzen diren liburuak opari bezala jasotzen dituztela, eta Kote Guevara liburuzainak argitu zuen hori “salbuespena” dela, ez dela leku askotan egiten. Dagoeneko lehen liburuak banatu dituzte, eta aurreneko tailerretan bigarrenerako liburuak banatuko dituzte. Hori da funtzionamendua. “Antolatzeko errazagoa da, eta irakurleak erakartzeko ere balio du”, esan zuen Guevarak. Liburuak oparitzeko apustuak kostua dakar, baina keinu hori irakurleak asko eskertzen duela gehitu zuen liburuzainak, eta tailerraren dinamikari mesede egiten diola.
Gehiago jakiteko eta izena emateko: 943 11 12 95,
mailez, edo behin behineko liburutegian (Biteri kalea, 20). Urriaren 6ra arte.
Literatur tailerrak. Lehen saioak
Liburuaren hitzordua
- Urriak 15: Erlea aldizkariaren 8. zenbakia.
- Azaroak 19. Argiaren alaba, Yolanda Arrieta.
- Abenduak 17. Zuri-beltzeko argazkiak. Arantxa Urretabizkaia.
Cita con el libro
- Urriak 6 eta 7: Antología de la Narrativa actual vasca.
- Azaroak 3 eta 4. Una librería ambulante, Christopher Morley.
- Abenduak 15 eta 16. Una historia sencilla. Leila Guerreiro.
Un sábado, un libro
- Urriak 24: Antología de la Narrativa actual vasca.
- Azaroak 28. Hotel Nómada. Cees Nooteboom.
- Abenduak 19. Las muertas. Jorge Ibargüengoitia.