Julen Ansa, kukaña txapelketako erorketa handiena
Bidasoaldeko EKTk antolatu du jaietako kukaña txapelketa, eta Oarso Bidasoko HITZAk erorketa onenaren saria banatu du.
Ansa, kukaña txapelketako erorketa onenaren sariekin
Bidasoaldeko EKTk Hondarribiko jaietan antolatutako Kukaña Txapelketan erorketa ikusgarriak izan ziren, baina zorionez, zauriturik ez zen egon. Gurutze Gorria han zen badaezpada, baina ez zuten inor zaindu behar izan.
Ibai Camarerok irabazi zuen txapelketa, hiru banderatxo eskuratuta. Julen Ansak ez zuen banderatxorik lortu, nahiz eta gertu ibili zen behin baino gehiago. Sari nagusirik gabe geratu zen Ansa gaztea, baina ez zen etxera esku hutsik itzuli. Oarso Bidasoko HITZAren eskutik, erorketa onenaren saria irabazi zuen, merezita.
Ansak onartu duenez, “ondo pasatzeko asmoz” eman zuen izena, eta helburua bete zuela esan du, eta datorren urtean errepikatuko duela. Ea bestelako sariren bat irabazteko gai den.