Ibai Camarerok irabazi du jaietako Kukaña Txapelketa
Bidasoaldeko EKTk antolatu du aspaldiko partez. Ibai Camarerok lortu ditu banderatxo gehien, eta Julen Ansak erorketa onenaren HITZA saria irabazi du.
Erorketa onenaren saria banatu du HITZAk
Bidasoaldeko Euskal Kultur Taldeak (EKT) Kukaña Txapelketa antolatu du Bentan jaietako azken egunean, garai bateko ohitura piztuz. Arrantzale Egunarekin egiten duten herri bazkariaren harira nahi zuten kukaña jokoa berreskuratu, baina mareak behartuta, gaurko atzeratu behar izan zuten, Baserritarren Egunerako.
Antolatzaileek zazpi metroko enbor luzea jarri dute Benta zaharrean, azken lau metrotan koipearekin igurtzita zegoelarik. Muturrean, sei bandera jarri dituzte, eta horietako bakoitza lortzeagatik 50 euro zituzten banatzeko; hori bai, banderatxo bakarra hartu behar zen, bi jasoz gero, saiakerak ez baitzuen balioko.
Ibai Camarero irabazi du proba, hiru banderatxo lortuta. Mitxel Arzakek bi eskuratu ditu eta Xabier Goenagak azkena. Antolatzaileek hiru afari zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean. Angel Vazquezek, Battit Lizasok eta Xabier Navalek irabazi dituzte afariak.
Oarso Bidasoko HITZAk erorketa onenaren saria banatu du. Lehia benetan itzela izan da kategoria horretan. Saria irabazteko parte hartzaile guztiek merituak egin dituzten arren, bakarra izan da saria, eta Julen Ansa gazteak irabazi du HITZAko produktu sorta.
Saridunak
- Ibai Camarero. 150 euro (hiru banderaxo)
- Mitxel Arzak. 100 euro (bi banderatxo).
- Xabier Goenaga. 50 euro (banderatxo 1).
Erorketa onenaren HITZA saria:
Julen Ansa. HITZAko produktu sorta bat (motxila, toalla eta kantinplora).