Faborito zergatik diren erakutsi dute Hondarribiak eta Bermeok. Orio eta Kaiku sailkatu dira lehen txandarako, baina aukerarik gabe geratu dira.
Hondarribiak jo du lehenengo. Ama Guadalupekoak denborarik onena egin du Kontxako estropadako lehen jardunaldian, Bermeok baino bi ia segundo hobe, segundo bat eta 92 ehunen. Berdeek hasieratik erakutsi dituzte hortzak eta bere txanda puskatzera irten dira. Irla parean Kaikuri 3 segundo atera dizkio, Koxtape-San Juani 5 eta 7 segundo Tirani.
Aurkariei kasurik egin gabe, ziabogaren bila joan dira berdeak, kanpoan lan handia eginez. GPSaren arabera Bermeo azkarrago atera bada, ziabogara Ama Guadalupekoa iritsi da aurrena —9:54 Hondarribia eta 9:57 Bermeo—. Kaikuk 9 segundo galdu ditu balizan, Koxtapek 11 eta Tiranek 17.
Barrurako lanean, norabideari eutsi dio Hondarribiak eta bere kaletik itzuli da badia aldera. Lehen txandan gauza bera egin du Urdaibaik; bigarren kalea balekoa zela erakutsi dute bi traineruek, lan bikaina egin baitute bertatik. Bermeoarrek badian ireki dute Oriorekiko tartea eta Hondarribiak gauza bera egin du Kaikurekin. Santa Klararaino berdeen ubera jarraitu dute sestaoarrek eta San Juan atzean utzi dute horrela —Kaiku 12 segundora sartu da badian eta Koxtape 17ra—, lehen txandan sartzeko helburua gauzatuz.
Baina badian argi geratu da indartsuenak zeintzuk diren, eta Bermeok bezala, Hondarribiak tartea ireki du irla pasata. Amaieran 19:12ko denbora markatu du Ama Guadalupekoak, Bermeorena bi segundotan gaindituz. Kaikuk 16 galdu ditu, 23 San Juanek eta 30 Tiranek. Kontxako lehen jardunaldia bikain bukatu dute Orbañanosen mutilek, eta lehen kolpea eman dute. Hurrengo igandean eman beharko dute bigarrena.
Urdaibai, nagusi bere txandan
Lehen txandan Bermeo izan da onena, eta Oriok ia aukera guztiak galdu ditu. Baina asko lan egin behar izan dute urdinek horretarako. Ziabogan 5 segundo aurretik ziren, eta barrurako lanean tarte hori handitzea lortu duten arren, 9 segundoraino, Oriok aldea murriztu egin du eta irla parean bi trainerura jarri da, sei segundora.
Baina badian indartsuago bukatu du Bermeok, olatu txikiak hobeto kudeatu ditu, eta bi ontzien arteko ur tartea bikoiztu egin du. San Pedrok ez du egun ona eduki eta 34 segundo galdu ditu. Donostiarrak itxi du txanda, bermeotarrengandik 59 segundora.
Sailkapena
- Hondarribia: 19:12.74
- Urdaibai: +1.92
- Orio: +14.44
- Kaiku: +15.82
- San Juan: +22.88
- Tiran: +29.86
- San Pedro: +36.58
- Dnostiarra: +1:00.98